- Lehengo astean Baztango udaletxean egindako agerraldian eman zuten euskarazko nobela sustatzea xede duen bekaren V. edizioaren hartzaileen berri (H)ilbeltzaren sustatzaileek, Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak, eta Txalaparta argitaletxeak.

Joseba Otondo, Baztango alkateak gogora ekarri zuen dagoeneko errotua dagoen lehiaketaren helburua txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzea dela, eta aurten narratiba idazteko beka egokitu dela. Gibelera begiratuz, Baztanek euskarazko nobela beltzarekin duen lotura gogora ekarri nahi izan zuen, izan ere, Jose Antonio Loidiren Hamabost egun Urgainen eta Mariano Izetaren Dirua galgarri izan ziren lehendabiziko euskal nobela beltzak, Izeta elizondoarra izanik, eta Loidik ere Elizondorekin lotura estua izaki. Beraz, Otondoren hitzetan, "erran dezakegu Baztan euskarazko nobela beltzaren erreferentziazko eskualdea dela".

Maitane Maritorena (H)ilbeltza elkarteko kideak gogora ekarri zuen, halaber, egun hauetan Euskal Nobela Beltzaren Astea ospatzen ariko liratekeela, zehazki seigarren edizioa, baina "bizi dugun egoera dela eta", aurten ez dela halakorik eginen; halere aipatu zuen beren asmoa urtean zehar, ahal den heinean, ekimen desberdinak antolatzea, errate baterako, otsailean Miren Gorrotxategiren Sotoan gordeak liburua aurkeztuko dute, III. (H)ilbeltza bekari esker ida-tzi eta berriki argitaratutakoa. Euskal Nobela Beltzaren Astearen baitan aurkeztu behar zuen, baina pixka bat atzeratuko da, halabeharrez. Idazleekin Solasean ekimenaren bulkaldaz sortu zen Euskal Nobela Beltzaren Astea eta azken urteetan euskarazko nobela beltzaren inguruan erreferentziazko hitzordua bilakatu da, Euskal Herri osoko eleberri beltzaren zaleak biltzen dituena. Hortik sortu zen ere (H)ilbeltza beka, dagoeneko bosgarren aldiz ebatzi dena. Haiz zuzen ere Maritorenak eman zuen aurtengo (H)ilbeltza bekaren irabazlearen berri: Eneko Barberena idazle arrasatearra.

Garazi Arrula, Txalaparta argitaletxeko editoreak aipatu zuenez, Joseba Otondo, Miren Gorrotxategi (aitzineko sormen bekaren irabazle gisa) eta Arrula berak osaturiko epaimahaiaren iritziz, Barberenaren lana izan da aurkeztutakoen artean osoena, "landa giroan kokatu du autoreak istorioa, non mendia eta larreak norenak diren eztabaidatzen baita, eta horien erabilera ezbaian jartzen. Autoreak ahalegina egin du landa giroko bizimoldea eta herritarren izaerak adierazteko, eta maiz estalpean geratzen diren aseguru etxeetan jarri du fokua". Momentuz, bekaren oinarriek dioten bezala, lagin bat aurkeztu du Barberenak, baina dagoeneko liburuaren egitura nolakoa izanen den erabakia du, "atal laburren bidez ematen da istorioa, eta egitura horrek eta hainbat ahots agertzeak irakurketa bizia egiten dute, bide batez, proiektua egingarria dela uste dugu". Orain Barberenak liburua bere osotasunean idatzi eta aurkeztu ondotik, Txalaparta argitaletxeak 2022ko abenduan argitaratuko du.

Barberenak ere hitza hartu zuen, saria jaso aitzinetik, "esker oneko hi-tzak besterik ez ditut gaurkoan". Baztanen euskarazko nobela beltzaren harira egiten ari diren lana goraipatu zuen eta beka jasotzea ohore handia zela aitortu ondotik, "aitzinetik dudan erronkari gogoz ekinen diot, ea emaitza gustukoa duzuen", esanez agurtu zen. Orion fikziozko herrian kokatuko du eleberria, Aezkoan, izan ere, aita bertakoa du, etxea ere dute bertan eta ongi ezagutzen du ingurua, txikia zenetik askotan ibilia baita bertan, eta gai ikusten du bere burua ongi moldatzeko.

Arrasaten jaioa, 1983an, egun Aretxabaletan bizi da. Zuzenbidean lizentziaduna da, bere ogibidea batez ere euskalgin-tzari lotua egon bada ere. Igogailuak, Dow Jones eta beste droga batzuk (Apokaliftin Elkartea, 2002), Martin Larralde (Bonberenea Liburuak 2011) eta Afrikanerrak (Elkar, 2019) argitaratuak ditu narrazioan, eta Lurrunak ez du oraindik kristalik estali (Gaztesarea, 2004) poesian. Gainera, Periko gazteekin hizketan biografia kolektiboa koordinatu zuen (Txalaparta, 2015). Liburuez gainera, hainbat ipuin labur eta kolaborazio argitaratu ditu komunikabideetan, eta Sagasti Etxea liburu iruzkin bloga du Goienan.

Eneko Barberenaren aitzinetik burututako lau edizioetan hauexek izan dira (H)ilbeltza bekaren irabazleak: lehenbiziko edizioa sormen beka izan zen, Miel A. Elustondok irabazi zuen eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019ko hasieran. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Patricia Highsmith estatubatuarraren The Blunderer eleberriaeuskaratu eta iaz aurkeztu zuen Josu Barambonesek Lardaska.

Hirugarren edizioan, Miren Gorrotxategik irabazi zuen sormen beka, eta orain dela pare bat aste aurkeztu zuen Sotoan gordeak. Azkenik, Koldo Bigurik jaso zuen laugarren beka Massimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao itzultzeko, 2022ko urtarrilean aurkeztuko da.

"Ohore handia da beka jaso izana, eta orain erronka ederra dut aurretik"

(H)ilbletza bekaren irabazlea