Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek gai andana jorratu dituzte euren ikuskizunetan, errealitatearen ertz desberdinak haurrengana hurbilduz: familia eredu anitzak, kultura aniztasuna, bizikidetza, inklusioa, gaixotasunak... Amaren intxaurrak izenburupean aurkezten ari diren azken proiektuan heriotza dute hizpide sudurgorriek, lanean parte hartu duten Julio Soto bertsolariarekin eta Maite Mutuberria ilustratzailearekin batera egindako aurkezpenean azaldu zuten moduan. Heriotza, izan ere, bizitzaren parte bada, “gure egunerokoan presente dagoena”, Porrotxek azpimarratu moduan.

“Tristurak, pozak bezala, askotarikoak izan daitezke eta heriotza horietako bat da. Haurren aiton-amonak hiltzen dira, baita gurasoak ere. Senideak, lagunak... eta haurrak ere hiltzen dira tarteka”. Hala, herio-tza beltzez janzten duen gizarte honetan, kolorez ere agertu nahi izan dute ipuin batek eta disko batek osatzen duten proiektuan. “Helburua heriotzaren gaia haur eta gaztetxoekin, eta haiekin batera, familiekin lantzea da. Gai honek tabu izaten jarraitzen du gure artean, nahiz eta denok ukitzen gaituen”.

Ipuina Julio Soto bertsolariarekin eta Maite Mutuberria ilustratzailearekin batera landu dute. Diskoak berriz, aurrez argitaratuak dauden hamabost abesti jasotzen ditu. Xabier Zabalak sortutako musikarekin eta hainbat sortzailek egindako hitzekin dago osatua. Bi euskarri hauetan oinarrituta, bestalde, ikuskizun bat ere prestatu dute, herriz herri eta irriz irri, jolastuz, kantatuz eta dantza eginez, jada taularatzen hasi direna. “Hitzak jarri dizkiot ipuinari”, azaldu zuen aurkezpenean bertsolariak, “baina denen artean sortutako istorio bat izan da”. “Hasieran oso gogorra da heriotza”, hausnartu zuen. “Luze eta gogorra, baina dolua bizitzeko modu asko daude. Dolua ongi ixten bada, aldiz, ohartzen zara galdu duzun hori fruitua ematen duen arbola bat bilakatu dela”.

Mutuberriak, bere aldetik, Sotorekin izandako elkarlan ona azpimarratu nahi izan zuen: “Ia elkar ezagutu gabe egin dugu lan baina elkar ulertu dugula uste dut”. Amaren intxaurrak ipuinerako irudi “oso narratiboak” sortu dituela ere nabarmendu zuen. “Bi baliabide nagusi erabili ditut, alde batetik, akuarela irudiei xamurtasuna emateko; eta bestetik, natura. Oso presente dago natura liburuan, bertan aurkitzen ditugulako bizitzaren aldi guztiak”.

Ipuina Marimototsen amaren heriotzetik abiatzen da. Marimototsek, triste eta bakarrik, Pirritx eta Porrotxengana joko du, eta beraiengan topatuko du familia berria. Amaren oroigarri eta haren omenez, intxaurrondo bat landatzea erabakiko dute. Istorio honekin, bi ideia nagusi helarazi nahi dituzte sudurgorriek: “Jaio bezala hil egiten gara, baina gure bizipenen bidez gure balioen transmisioa gauzatzen da belaunaldiz belaunaldi. Denborarekin, bizipenekin gogoratzeak irribarrea margotzen baitigu aurpegian”, azaldu zuen Pirritxek. “Bestalde, jaiotzean naturatik gatoz eta hiltzean naturarekin egingo dugu bat”. Horrexegatik, zuhaitzaren landaketak pisu nabarmena dauka bai ipuinean baita ikuskizunean ere.

Proiektuaren helburua, halaber, ikastetxetako hezkuntza curriculumean heriotzaren gaia txertatzea ere bada. “Proiektua bertan gelditzeko etorri da. Heriotzaren gaia gure bizi-tzaren parte da eta behar bezala laguntzea, agurtzea eta oroitzea oso garrantzitsua da”. Lanketa prozesuan, sudurgorriek berriki sortu den Hil Argi elkartea izan dute bidelagun. Hala, elkarte honen jakintzak, Katxiporreta kooperatibak haurren agurretan duen esperientziak eta bizipen hauetatik metatutako jakin-tzak bat egin dute proiektu honetan, baita Hik Hasi proiektu pedagogikoak dituen baliabideek ere. Pailazo hirukoteak gogoratu duez moduan, une oro kontuan izan dituzte bidean hil zaizkien lagun txiki eta handiak. “Haiengandik jasotako bizipenak zein balioak eta haien senide eta lagunekin partekatutakoak bilduta daude lan honetan”.

Izan ere, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek esperientzia zabala daukate agurretan. Kasu batzuetan globoak askatu dituzte airera, etxe luzez inguratutako porlanezko plazatxo batean, haurraren arratsalderoko jolaslekua izandakoan. Eskolatan ere izan dira, hezkuntza komunitatea osatzen duten partaideekin marrazkiak, bizipenak eta sentimenduak partekatuz. Herriko parke kuttunean arbola landatu izan dute bizilagunekin batera. Orain, pandemia medio, “inoiz baino gehiago agerian geratu da heriotzaren aurreko eta ondorengo momentuetan duintasunez laguntzeak eta agurtzeak berebiziko garrantzia duela”.

‘Amaren intxaurrak’. Ipuin batek, disko batek eta ikuskizun batek osatzen dute sudurgorriak jada aurkezten ari diren proiektua.

Elkarlana. Ipuina Julio Sotok idatzi eta Maite Mutuberriak ilustratu du. Halaber, Hil Argi elkartea bidelagun izan da proiektuan, heriotzaren inguruan dagoen tabua apurtu eta gai honetan herritarrak ahalduntzen lagundu nahi duen kolektiboa.

“Helburua heriotzaren gaia haurrekin, eta haiekin batera, familiekin lantzea da”

Porrotx

“Dolua gogorra da, baina ongi ixten bada fruitua emango duen arbola bilakatu daiteke”

Bertsolaria

“Oso presente dago natura liburuan, bertan aurkitzen ditugulako bizitzaren aldi guztiak”

Ilustratzailea