- Urtarrilean hiru urte beteko dira Joxan Artze hil zela. Joan aurretik, Txalaparta tradizioaren abaroan liburua hark utzi zuen moduan kaleratu nahi izan du Elkar argitaletxeak egiazkotasuna mantentzeko: hilondoko bere lehenengo liburua. Esaldi amaigabeek, zuzendu gabeko hitzek eta maketazio-akatsek osatzen dute liburu honen berezitasuna.

Artze "arnas sakon eta geldiko" gizona zen eta bere proiektuak ere poliki-poliki gauzatzen zituen. Horrenbestez, testu sorta hau liburu izatera iristeko urte asko igaro dira. "Elkar argitaletxeak txalapartari buruzko lan mardul bat egin nahi zuen bere garaian, eta hitzaurrea Joxan Artzeri eskatu zion. Hi- tzaurrea bukatu ezinik urteak pasatu ziren, eta azkenean liburu bihurtu da", azaldu zuen atzo aurkezpenean Antxiñe Mendizabal editoreak.

"Txalapartaren mintzoa bere egin zuen poetaren argitalpenik berariazkoena" dela uste du Mendizabalek. Artzeren bizitzako hainbat esparru jasotzen dira bertan: tradizioa, poesia, estetika eta espiritualtasuna. "Bere bizitza osoan izan zituen fazeta, arlo eta dimentsio guztiak ezagutu ahal izango ditu irakurleak liburuaren bidez", nabarmendu zuen editoreak.

60. hamarkadan Joxan eta Jexux Artze anaiek txalaparta berreskuratzeko, eguneratzeko eta zabaltzeko lan handia egin zuten. Musika-tresna horren balio sinboliaz jabetu eta taula gainera eraman zuten. "Geroztik hamarkadak igaro dira eta liburu hau ere horren guztiaren osagarri da", azaldu zuen.

Irakurleak liburua zabaltzen duenean amaitu gabeko esaldi batzuk, hutsuneak, zalantzazko puntuazio-markak eta maketazio-akatsak aurkituko ditu. "Gu liburua berak utzi zuen moduan argitaratzen saiatu gara, besteak beste oso zaila delako Artzeren pentsamenduaren norabidea jarraitzea", azpimarratu zuen Mendizabalek.

Hil aurretik, beti egiten zuen moduan, maketa irizpideak eginda utzi zituen poetak, baina bete gabeko hutsune batzuk ere ageri dira bertan. "Iruditu zaigu horrela argitaratzea zuzenagoa eta originalagoa zela. Proiektu honi hil aurretik azkenengo egunera arte eutsi zion eta uste dut amaitu gabeko liburu bat baino, amaierarik ez duen liburu bat dela", adierazi zuen.

Liburua prosaz abiatzen da eta oso gai dibulgatiboak biltzen ditu: txalapartarekin aurrez aurre nola gertatu zen, zer ohol erabiltzen zituzten makiletarako edo nola ikasi zuten txalaparta jotzen, adibidez. Hala ere, ataletan aurrera joan ahala, gero eta poesia gehiago sartu eta testuak metaforikoagoak bihurtzen dira. "Amaieran nahiko espirituala bihurtzen da eta, forma aldetik ere, esan daiteke Artzek txalapartaren doinuaren menpean idatzi zuela liburua", esan zuen.

Txalaparta tradizioaren abaroan Artzek bere emazte Karmen Estebani utzitako "opari" bat izan da eta berak, ordainetan, gutun itxurako oroitzapen bat partekatu du senarra lan hau egiten ari zeneko garaiak gogora ekarriz.

Izenburua. 'Txalaparta tradizioaren abaroan'.

Egilea. Joxean Artze Agirre.

ISBN. 978-84-9027-970-0.

EAN. 9788490279700.

Argitaletxea. Elkar.

Bilduma. Hartzut.

Hizkuntza. Euskara.

Edizio urtea. 2020.

Formatua. Rustika.

Orri kopurua. 100.

Neurria. 280x200.

Argitaratze data. 2020-11-17.

Prezioa. 32,00 euro.

Salgai. Liburua eskuragarri dago dagoeneko liburu-dendetan.

Elkar argitaletxeak Artzeri txalapartari buruzko liburu batentzat hitzaurrea egiteko eskatu zion eta hitzaurre hori liburu bihurtu da azkenean

Poeta usurbildarraren bizitzako hainbat esparru jasotzen dira bertan: tradizioa, poesia, estetika eta espiritualtasuna