reinek, Peru Abarka Album Lehiaketan saritutako Bi txantxangorri haritz adarrean aurkeztu zuen atzo Donostian. Helduentzako sorkuntzara zuzendutako lehiaketa hau bi ataletan banatua dago, Inazio Mujika Iraola editoreak azaldu zuenez. Lehenik eta behin, aurkeztutako testu guztietatik bat aukeratzen da. Ondoren, idazlan irabazlean oinarriturik, ilustratzaileek proposamenak aurkeztu behar izaten dituzte. Gauzak horrela, aurtengo edizioan Yolanda Larreateguiren testua izan da irabazle, eta horren gainean egin ditu ilustrazioak Malen Amenabarrek.

Larreateguiren ipuin "itzelaren" gainean "metafora ilustratu" bat egiten saiatu dela esan zuen atzo ilustratzaileak. Eta baita lortu ere: bikote bati buruzko istorio honetan, soinean kaiola bat daraman emakume adindu bat marraztu du Amenabarrek. Kaiolaren barruan, aldiz, emakumearen bikotea bidaiari, txori bat.

Istorioa heriotzari buruzko hausnarketatik iritsi zitzaiola azaldu zuen idazleak. Azken bost urteetan, hurbileko pertsonak hil baitzaizkio, senarra zuena tarteko. "Eta ni nola joango naiz?" galderak gordetzen duen beldurretik hasi zen Bi txantxangorri haritz adarrean idazten. "Promesa batetik sortzen den istorioa" dela azaldu zuen Larreateguik eta, jakina denez, promesak "konplitu egin behar dira".