DONOSTIA - Xabier Leteren heriotzaren 10. urterrenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia Kulturak omenezko ekitaldia eginen diote poeta oiartzuarrari urriaren 15ean, osteguna. Ekitaldia Victoria Eugenia Antzokian izango da 19:00etatik aurrera. Bertan izango dira hainbeste urtez Xabierrekin aritu ziren Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga eta Mariasun Landa idazleak eta Antton Valverde musikaria, besteak beste.

Omenaldiaren gidoia Frantxis Lopez Landatxek prestatu du; Nagore Plazaola izan da ekoizlea, eta Fernando Bernues, zuzendaritza artistikoa. Leterekin aritutako musikariek ere parte hartuko dute. Karlos Gimenez omenaldiaren musika zuzendariak beste lau pianistarekin parte hartuko du (Iñaki Salvador, Sorkunde Idigoras, Fredi Pelaez, Joana Ortega). Txema Garcesek, Pascal Gaignek, Pello Ramirezek eta Jabier Muguruzak Leteren musikari taldea gogoratuko dute.

Kantariak Leteren musikan murgilduko dira, zenbait bertsioren bidez, eta abesti batzuk gogoratuko dituzte. Besteak beste, parte hartuko dute Asier Serrano poeta eta musikariak; Jon eta Alaia Martin bertsolariek; Oihana Lekuona eta Mikel Markezek; Ane Gabarainek; Pettik; Eñaut Elorrietak; Olatz Salvadorrek; Maria Berasartek; eta Pier Paul Berzaitzek. Kantuan ez, baina Leteren lanak errezitatzen Felix Zubia, Xabierren mediku, lagun eta bertsolaria, izango dugu Joxan Goikoetxea soinujolearekin batera, hori ere azken urteetan bere lagun handia izan zena. Iñaki Beraetxeren ahotsa ere entzungo da. Off-eko beste ahots batzuk izango dira Begoña Bergaretxe eta Marta Marco.

Emanaldia streaming bidez emango da eta ETBn bi saio eskainiko zaizkio. Hala ere, Victoria Eugenia Antzokira bertaratzeko asmoa dutenek gonbidapena eskuratu beharko dute aldez aurretik. Horiek bihartik aurrera, urriak 14, banatuko dituzte Donostiako antzokiko lehiatilan 11.30etatik aurerra, bai eta Donostia Kulturaren webgunean aktibatuko den 'Erreserbak' sailean ere.