- Euskal Kostaldeko Geoparkeak hamar urte betetzen ditu aurten bere izaera erdietsi zuenetik eta bost UNESCOren Munduko Geoparke izendapena eskuratu zuenetik. Urteurrena ospatzeko, programa berezia prestatu dute, Itsas ondarearen jaialdia: Hiru Anai batela, mende bateko historia zuzenean izenburupean.

Geoparkea osatzen duten Zumaia, Deba eta Mutriku herrietan egingo dira ekitaldiak. Bertako kudeatzaileak, Leire Barriusok, atzoko aurkezpenean adierazi zuenez, "historiaurrea eta itsas ondarea izango dira gure lan ildo nagusiak datozen urteetan" eta horregatik, urteurren hau ospatzeko ere, gai horiek hartu nahi izan dituzte abiapuntu.

Hasiera batean ekitaldiak urte guztian zehar egin nahi zituzten, baina pandemia egoerak dena "hankaz gora" jarri du. Bere osotasunean guztia egitea posible izan ez arren, ekitaldi bat mantendu nahi izan dute, "herriko kultura eta tradizioetara" gehien gerturatzen dena, hain zuzen ere.

Hala, ekintza nagusia Beduola elkartearekin izango da. "Hiru Anai batela berreskuratzeko lanetan dabiltza azken boladan, eta hori ikusarazi nahi dugu", azaldu zuen Barriusok.

Berak eman zituen ekimenaren nondik norako guztiak. Itsas ontzi tradizionalen erakusketa ere antolatu da. Hiru Anai batela berreskuratzeko lanak zuzenean ikusteko aukera izango da Zumaiako Beduola elkartearen eskutik, eta ibilbide gidatuak eta tailerrak ere antolatu dituzte, haur zein helduentzat, hiru herrietan. Gainera, batel tradizional batean ibaian gora nabigatzeko aukera ere eskainiko dute.

Zumaian igande honetan egingo da, Mutrikun urriaren 10ean eta Deban, berriz, hilaren 17an. Herri guztietan egitarauak "hezurdura" bera jarraituko badu ere, udalerri bakoitzaren ezaugarrien arabera "moldaketak" egin dituzte.

Zumaian bisita gidatua Kofradiara izango da; Mutrikun, Arrietakua Jauregia ezagutu ahalko da. Hau aitzakia hartuta, ekitaldi guztiak portura eramango dira, larunbatetako Merkatu Txikia barne. Bertan egingo da, baita ere, garai bateko aparejuen erakustaldia. Debako bisitaldiak, aldiz, Santa Maria elizara egingo dira, "lotura estua baitu itsasoarekin eta itsas ondarearekin". Kasu honetan, herriko pasealekua bilakatuko da itsas ondarearen testigu, eta marinel-korapiloen tailerra ere bertan egingo da.

Ekimen hau guztia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamentuak bultzatzen duen 2020ko Ondarearen Europako Jardunaldien baitan antolatu da.

Jardunaldi hauen helburua, bertako ondarea balioan jartzea da. "Aurten, gure ondarea agerian uzteko konpromisoa, ilusioa eta gogoa are handiagoak izan dira aurreko urteetan baino, eta sekulako erronka izan da parte hartu duten eragile guztientzat, COVID-19ak eragindako murrizketa eta ziurgabetasunarengatik", azaldu zuen Mari Jose Telleriak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusiak.

Ondarea, adar ezberdinetatik jorratu izan da, eta bosgarren edizio honetan "hezkuntza" jarriko dute erdigunean.

Gipuzkoan, guztira, 70 ekintzatik gora egingo dira 30 herritan, eta horien artean daude txertatuta, Zumaia, Deba eta Mutrikuko ekitaldi hauek ere.