DONOSTIA. Donostiako Udalak Zinemaldiari emandako babesa sendotu du Donostia Hiria Publikoaren Sariaren babesle gisa. Bosgarren urtez jarraian antolatu da ekimena, Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburuaren legatu gisa dirauena. Gainera, Udalak herritarrei egindako omenaldia ere bada, haiek ematen baitute saria bozketa bidez.

Perlak saileko filmak dira Donostia Hiria Publikoaren Saria jasotzeko hautagaiak, eta nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetan kritikaren txaloak edo sariak jaso dituzten film luzez osatuta dago sail hori. Victoria Eugenia antzokian proiektatuko dira eta filmaren lehenengo emanaldira bertaratutako ikusleek aukeratuko dute irabazlea. Saria Zinemaldiaren amaiera-galan emango da.

Donostia Hiria Publikoaren Sariak bi sari hartzen ditu barnean: film onenaren saria, 50.000 euroz hornitua, eta Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa. Sariaren bitartez, betirako hiriarekin lotuta geratuko dira bi filmak.

Iaz, Olivier Nakache eta Éric Toledano zuzendarien Hors normes / The Specials-ek irabazi zuen film onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria, eta Ken Loachen Sorry We Missed You Europako film onenaren irabazlea izan zen.

Halaber, Udalak eta Zinemaldiak hainbat sarrera bideratuko dituzte Gizarte Ekintza sailera, zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonen artean banatzeko. Edizio honetako aforoa eta sarrera-kopurua murriztu direnez, bi aldeek adostu dute Gizarte Ekintzako udal-zerbitzuen bidez behar ekonomiko handienak dituzten kolektiboen artean oraindik zehazteke dagoen sarrera batzuk banatzea.