Igerilekuak dira

Kostatik ez oso urruti, Kontxako hondartzatik bederatzi kilometrora, Hernaniko jolas igerilekuak daude. Gune horretan eguzkia hartzeko 25.000 m² inguruko zelaia, 1.000 m²-ko igerileku irregularra, txirristak, erlaxatzeko gunea eta haurrentzako gune berezia ere eskura izango dituzu, besteak beste. Abuztuko arratsaldeetan igerilekuetan zer nolako giroa egoten den jakiteko asmoz, bertara joan gara.

Opor garaia da haurrentzat eta baita zenbait gurasorentzat ere, eta nabari da. Jende asko dabil uretan jolasean eta haiei begira adi-adi dago Naia Carrera soroslea. Hiru urte daramatza bertan lanean eta aurtengoa uda desberdina izaten ari omen da berarentzat. COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, bi txanda daude Hernaniko igerilekura joateko: lehenengoa, goizez, 10.00etatik 14.30ak arte, eta bigarrena, arratsaldez, 15.30etik 20.30era. "Nire ustez, aurten oso ondo antolatuta dago. Txandak daudenez, gu ere hobeto prestatu gaitezke eta zerbait gertatzeko arriskua txikiagoa da", esan digu Naiak.

Txanda bakoitzean, asko jota, 350 pertsona sartu daitezke igerilekura eta ezinbestekoa da aurretiko hitzordua hartzea. "Sorosleok askoz ere lasaiago gaude uda honetan edukiera mugatuta dagoelako. Gainera, jendeak distantziak eta gainerako segurtasun neurriak nahiko txukun errespetatzen ditu", dio Carrerak.

Bere esanetan, batik bat Hernaniko bazkideak joaten omen dira, erreserba egiterako orduan sarreren ehuneko handiagoa dutelako beraientzat gordeta. "Baina kanpotik ere etortzen da jendea, urtero bezala", gaineratu du. Normalean, egunero izaten omen dute jende asko: "Beroa egiten duenean beti betetzen dira igerilekuak, eta halako berorik egiten ez duenean, berriz, jende gutxiago etortzen da. Hala ere, orokorrean jende askok egiten du hona etortzeko erreserba", azaldu du.

Berotik babestu asmoz, itzaletan dauden mahai batzuetan eserita topatu dugu Ugaitz Salaberria hernaniarra. "Askotan egoten naiz hemen, alabak hona etorri nahi izaten baitu beti", esan digu. Pandemia egoeran egonda ere, aurreko urteetan bezainbeste jende etor-tzen ari omen da aurten igerilekura. "Aurten edukiera mugatua dagoela eta, igerilekuaren funtzionamendua askoz hobea dela iruditzen zait. Goizean eta arratsaldean bi txanda desberdin egiten dituzte, beraz, jende gutxiago egoten da", aitortu digu Ugaitzek.

Beraz, bainua hartzeko "askoz ere hobeto" dagoela dio. "Bainatzeko edukiera betetzen bada, batzuetan bandera gorria jartzen dute eta 20 minutu itxaron behar izaten dira bainutik bainura. Hala ere, gutxitan gertatu da hori", esan du. Gainera, bere ustez, uztailean orain baino jende gehiago ibili zela azpimarratu du, agian abuztuan jende gehiago dagoelako kanpoan oporretan.

Zelai berdean etzanda eguzkia hartzen ari da Cristina Frutos. Uda honetan igerilekura etorri den lehen aldia dela dio, eta pandemiari dagokionez, seguru sentitzen omen da bertan. "Distantziak ondo mantentzen dira, eta, gaur behin-tzat, igerilekuan leku asko dago jendearentzat", adierazi du. Izan ere, hernaniarrak igerilekura ez ezik, hondartzara ere joaten baitira: "Nire ingurukoak behintzat, goizean goiz, jende gutxiago dagoenean, hondartzara joaten dira eta jarraian igerilekura etortzen dira".

Cristinaren seme-alabei ere asko gustatzen omen zaie igerilekua eta sarritan lagunekin ibiltzen dira bertan. "Aurten haurrei pena ematen die txirristak ezin erabiltzea itxita daudelako, baina etortzen direnean primeran pasatzen dute bestela ere", azpimarratu du Frutosek.

"Aurtengo udan dagoenarekin konformatu beharko dugu", izan ere, beste leku batzuetan ireki ere ez baitituzte egin, esate baterako Urnietan. Aritz Marigil eta Nerea Carracedo, Maddi eta Unax seme-alabekin etorri dira Hernaniko igerilekura. "Urnietakoak gara eta aurten bertako igerilekua itxita dagoenez, hona etortzen gara", esan digu Aritzek. "Hondartzara ere joaten gara, baina igerilekura gehienbat haurrengatik etortzen gara", gehitu du.

Hala ere, txirristak zabalik ez daudenez, aurtengo arratsaldeak desberdinak omen dira Maddi eta Unaxentzat ere. "Asko gustatzen zaizkigu Hernaniko igerilekuak, baina aurten txirristak itxita daudenez, pixka bat mugatuta gaude", esan digute pittin bat penatuta.

"Urnietakoak gara eta aurten bertako pistinak itxita daudenez, hona etortzen gara"

Urnietarra

"Askotan egoten naiz hemen, alabak hona etorri nahi izaten baitu beti"

Hernaniarra

"Sorosleok askoz ere lasaiago gaude uda honetan edukiera mugatuta dagoelako"

Hernaniko igerilekuko soroslea