- Inés del alma mía telesailaren lehen atalak proiektatzeaz gain, Radio Televisión Españolak (RTVE) Cesc Gayren Sentimental eta Nacho Alvarezen Explota, explota film luzeak estreinatuko ditu Zinemaldiko 68. edizio honetan,

Beraz, Cesc Gay (Bartzelona, 1967) Zinemaldira itzuliko da Javier Cámara, Belen Cuesta, Griselda Siciliani eta Alberto San Juan protagonista dituen Sentimental komediarekin. Estreinaldi mundiala irailaren 24an izango da Victoria Eugenia antzokian RTVE-ren Gala ekitaldian.

Zinemaldiak atzo ohar batean azaldu zuenez, filma hau Gayren Los vecinos de arriba antzezlanaren egokitzapena da; bertan, elkarren bizilagun diren bi bikotek topo egingo dute, tsunami emozional batean amaitzeko.

Zuzendari katalanak dagoeneko parte hartu du Donostiako lehiaketaren beste edizio batzuetan hainbat film luzerekin: Hotel Room (New Directors, 1998), En la ciudad (Sail Ofiziala, 2003) eta Truman (Sail Ofiziala, 2015ean aktore onenarentzat Zilarrezko Maskorra ex-aequo irabazi zutenean Ricardo Darinek eta Javier Cámarak).

Bestalde, Nacho Alvarez uruguaitarrak (Montevideo, 1986) luzemetraiekin debuta izango du Explota, explotarekin. Raffaella Carrà italiarraren kantarik arrakastatsuenak biltzen ditu film honek bere soinu-bandan, eta hau ere, mundu mailako estreinaldia izango da. Ingrid Garcia-Jonsson aktoreak 70eko hamarkadaren hasierako Espainia grisean bere ametsak errealitate bihurtu nahi dituen dantzari eta abeslari gaztea interpretatzen du. Filmaren aktore zerrenda osatuz hor ageriko dira, besteak beste, Veronica Echegui, Fernando Guallar, Fernando Tejero, Pedro Casablanc, Carlos Hipolito eta Natalia Millan ere.

Azkenik, RTVEk Inés del alma mía Alejandro Bazzano kubatarrak (La Habana, 1963) eta Nicolas Acuña txiletarrak (Santiago, 1972) zuzendutako telesailaren lehen atalak aurkeztuko ditu Donostian. Lan hau, izen bereko Isabel Allenderen eleberrian oinarrituta dago. Elena Rivera aktoreak egiten du Extremadurako Inés Suarez gaztearen interpretazioa. Garai kolonial haietan, neskatilak Atlantikoa zeharkatuko du bere senarraren bila (Benjamin Vicuña), eta Pedro de Valdivia konkistatzaile espainiarrarekin (Eduardo Noriega) maitasun harreman sutsua biziko du.

Zinemaldiak azpimarratu nahi izan duenez, RTVEk parte hartzen duen zinemak presentzia handia izango du aurten; Sail Ofizialean honako hauek nabarmentzen direlarik: Pablo Agueroren Akelarre, Urrezko maskorra irabazteko lehian arituko dena, eta Woody Allenen komedia erromantiko berria Rifkin's Festival, Donostian filmatua, Zinemaldian bertan girotua, eta lehiaketaz kanpo irekiera ekitaldian proiektatuko dena.

Horiez gain, lehen eta bigarren filmak onartzen dituen Zuzendari Berrien Sailean Ane eskainiko da; film luzeetan David Perez Sañudoren lehen lana.