George Orwellek duela 75 urte lortu zuen Abereen Etxaldea eleberria argitaratzea. Liburu horren helburua "mito sobietarra"rekin amaitzea zen, Joseph Stalinen erregimen basatia salatu, eta mendebaldeko sozialismoa Moskuko propagandatik babestu.

Diktadore georgiarraren ondoren beste tirano batzuk izan ziren agintean, halako batean, Gerra Hotzak, 1991n SESB desegitea eragin zuen arte. Inolaz ere, kazetari eta idazle britainiarraren satira politiko hau oso tresna baliagarria da XXI. mendeko mundu orwellianoan bizirauteko.

Orwellianoa dio Orwell Fundazioko zuzendari Jean Seatonek Eferi, gaur egungo gizarteetako botere-tsuek, Abereen Etxaldea liburuko pertsonaiek bezalaxe, masen pentsamendua kontrolpean izateko lengoaia manipulatzeko estrategiak erabiltzen dituztelako. Seatonek gogorarazi duenez, kontakizunean "egileak ez du inoiz predikatzen, inoiz ez dizu esaten sistema hau txarra denik"; alderantziz, "norberak ateratzen ditu bere ondorioak", "oiloak zeinen ausartak diren, Boxer zoragarria dela, edota Clover zeinen fantastikoa den".

"Teknika ona da antzeko arazoen aurrean erne egoteko, oso ariketa psikologiko ona da", dio Seatonek; eta Orwell "komunismo sobietarraz" ari zen arren, jarrera kritiko horrek botere berrien aurrean erne egoteko balio behar duela gaineratu du, esate baterako, sare sozialen aurrean.

"TikTok, Facebook, Google. Ustez gustatzen zaiguna eskaintzen digute eurak aberasten diren bitartean, eta, agian jabetu gabe, jendea mutur-muturreko jokabideak egitera eramaten dute. Propaganda arraro, abstraktu eta industrializatu honek erabat inguratuta gauzka", dio adituak.

Argi utzi nahi izan du, bere burua beti sozialista demokratatzat zuen Orwellek, "tirania guztien" aurka zegoela, dela sobietarra, dela Espainiako Gerra Zibilean hark zuzenean pairatu zuena. Izan ere, komunistek partzialki kontrolatzen zuten Madrilgo Gobernuak, bere emaztea eta bera erroldatuta zeuden sektore troskista gogor jazarri baitzuten 1937an.

"Edozein tiraniak errealitatetik ateratzea ahalbidetzen zuen jendea" ere kritikatzen zuen, eta bere ustez, Orwellek (1903-1950) "bertatik urruntzen zaituzten mekanismo guztiak" arbuiatuko lituzke, sare sozialak izan, edota oraindik ere Abereen Etxaldea debekatuta mantentzen duten Txinako Gobernua kasu.

1947an argitaratutako Ukrainako edizioaren hi-tzaurrean Orwellek idatzi zuenez, Espainiako eta sobietar blokeko gertaerek argi erakutsi omen zioten "propaganda totalitarioak herrialde demokratikoetan ilustratutako pertsonen iritzia zeinen erraz" kontrolatzeko duen.

"Espainiako pertsonen ehizaldiak eta Sobietar Batasuneko purga handiak aldi berean gertatu ziren, eta elkarren osagarri ziren. Bai Espainian, bai Errusian, akusazioen arrazoia (faxistekin konspiratzea) berdin berdina zen, eta Espainiako kasuan, niri dagokidanez, akusazio horiek faltsuak zirela pentsatzeko arrazoi guztiak ditut", salatu du Orwellek testu horretan.

Amaitzeko dioenez, "Espainiatik itzuli nintzenean, mito sobietarra nola azaldu pentsatzen hasi nintzen. Mundu guztiarentzat ulergarria izango zen istorioa idatzi nahi nuen, eta beste hizkuntza batzuetara itzultzeko modukoa".

Egia esan, Orwellek Abereen Etxaldean darabilen estiloak Gulliverren Bidaietan bezalako idatzietan Jonathan Swiftek erabiltzen duena gogorarazten du. "Satira politikoko lan batek beste zerbaiten itxura izatea lortzen du", dio Sophie Duncanek, Oxfordeko Unibertsitateko literatura ingeleseko irakasleak.

Izan ere, Orwellek idatzitako animalien fabularen lehen izenburua "matxinada etxaldean: maitagarrien ipuin bat" izan zen. 1946an Estatu Batuetan argitaratu ondoren aldatu egin zioten izenburu hura, baina garbi ikusten zen "ipuin sinple baten kutsua ematen ziola, konplexutasun handiko gaiak landu arren".

"Oso deigarria egiten zait nola bere hizkuntza inolako zailtasunik gabe txertatu den gaur egungo diskurtsoan. Esate baterako, 'Animalia (edo pertsona) guztiak berdinak dira, baina batzuk besteak baino berdinagoak ' esamoldea jende askok ezagutzen du, nahiz eta ez jakin huts egindako marxismoari buruzko alegoria batetik datorrela ", dio Duncanek.

Zentzu horretan, deitoratu egin nahi izan du sektore batzuek -batez ere erreakzionarioenek- Abereen Etxaldea "gauzak aldatzen saiatzearen alferrikakotasunari buruzko metafora" gisa interpretatzea, liburuko animaliek iraultza egin eta sistema txar bat beste sistema berdin edo okerrago batengatik aldatu zutelakoan.

Azpimarratu egin nahi du, baliagarri izan behar duela gizarte orwelliano honetan bizitzeko; "gure konfort-eremutik" aldendu, eta sare sozialek sortzen duten burbuila ideologikotik haratago begira-tzeko.

"Nik jakin badakit, oso azkar erreakzionatzen dudala norbaitek gauza hutsaletan sinesten duela iruditzen zaidanean: Trumpek gaurkotasunari buruz emandako azalpenak, koronabirusaren aurkako txertoarekin Gobernuek kontrolatu egin nahi gaituztela diotenak, COVID-19a 5Gak eragiten duela diotenak, edota Txinak Hong Kongeko manifestariei buruz emandako informazioak. Baina ni neu ere oker egon naitekeela pentsatzeak kezkatu egiten nau", aitortu du Duncanek.

Hori dela eta, Orwellek propaganda sobietarraren metodoetan an-tzeman zuen zerbaiten inguruan ohartarazi egin nahi izan gaitu: izan ere, gaur egun sare sozialetan eta komunikabide batzuetan jasotzen dugun informazioa "ez baita ibiltzen, errepikatzen baizik", eta errepikapenak "edozein gezur legitimatu egin dezake".