Aizkorri eta Txindokiren artean kokatua, mendiez gozatzeko aukera eskaintzen du Goierrik, ahaztu gabe Idiazabal gaztaren jaioterria ere badela. Herri guztiek, txikiak izan arren, badute zer eskainia, eta etortzen diren guztiek, zertaz gozatua.

Horietako proposamen bat da Lareoko urtegia ezagutzearena. Nahiz eta urtegia izan, ingurune ederrean dago kokatuta ez dio batere inbidiarik Donostiako Kontxa hondartzari, ez Mediterraneoko irlei. 1989an egina da, elementu naturalak erabiliz. Ataungo lurretan dago kokatua, eta Agauntza ibaira ura isurtzeaz gain, Ataungo etxebizitzak urez horni-tzen ditu.

Ataungo udalerria bere osotasunean da ederra. Mendiz inguratuta, mitologiaz jantzirik, badu zer erakutsia. Bertan dago Lizarrustiko ingurunea, mendia maite duen edonork gustoko izango duena. Bizikletan ere asko eta asko igaro-tzen dira bertatik, batez ere eguraldi ona lagun denean. Hala, ia herriko mugan kokatzen da Lizarrustiko parketxea, Aralar Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa duena, eta urtean zehar hainbat ekintza antolatzen dituena.

Metro gutxira gelditzen da Nafarroarekiko muga, kartel gorri handi batez azaldua. Parketxean aparkaleku handi bat dago, eta bertatik ateratzen den oinezko bideak eramaten ditu ibiltariak Lareoko urtegira. 45 minutu eskasean gehienez jota ere, ur urdinak hartuko ditu ikuslearen begi niniak, eta bertan geldituko da irudi hori, grabatuta egongo balitz bezala. Baina mendian ibiltzerakoan, eta bizitzan zehar ere bai, askotan erabiltzen den esaldia izaten da ibilbideaz gozatu behar dela, helmuga garrantzitsua izan arren, bideak berak ere baduela balioa. Eta hau egiten duenak badaki zer den hori. 620 metroko altueran kokatua, Gipuzkoako pagadirik handiena biltzen da hemen.

Ez da inolaz ere ibilbide zaila, mendian ibiltzen denek erraz egingo dute eta konturatzerako Lareon izango dira. Bestalde, mendiaren oso lagunak ez direnak ere ez dira gehiegi nekatuko, ez baitago ia aldaparik.

Hala, pagadien artetik igaroz, segituan aurkituko dugu eskuineko aldean iturri txiki bat, bertan, menditik datorren ur freskoa edateko aukera ematen duena. Bidean zehar segituz, harkaitzek zulatutako Akerretako tunela eta Maizierreka atzean utzita urtegira bitarteko igoerari ekiten die mendizaleek, bidean eskalatzaile batzuekin topo eginez askotan. Pare bat aldapa igo, eraikita dagoen zubi txiki bat pasa, eta Lareo urtegia agertzen da parez pare. Gainera, kilometro inguruko distantzia eginez itzulia emateko aukera eskaintzen du, edozein aldetatik baita ederra Lareo.

Ez da bere horretan polita dela bakarrik, baizik eta aukera asko eskaintzen dituela bertara iritsitakoan. Eskubitara joanez gero, zubitxo bat pasa eta Aralarrerako bidea hartzen da. Beste ordubete eskasean inguruko paraje ederrenetan murgitzeko aukera izango du ibiltariak, hori ere ahantziko ez duen irudia. Bestalde, urtegiari buelta erdia emanda, beste ibilbide batzuk ere ateratzen dira, guztiz interesgarriak. Sarastarriko haitzulora iristen da mendian gora eginez, GR-20 bidea segiz, kolore gorri eta zuriko seinaleak galdu gabe. 989 metroko altuera du mendiak, eta bertan eserita, Aralar guztia ikusten da, mendi punta bakoitza erraz bereiziz. Eta minutu gutxira, Agaotz mendi punta ere bertan, Aizkorrira begira. Esan dezala norbaitek ez dela Goierri mendien begiraleku ederrena.

ralar Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa dago parketxean, 620 metrora, eta Gipuzkoako pagadi handiena biltzen da bertan

Harkaitzek zulatutako Akerretako tunela eta Maizierreka atzean utziz iristen da Lareora, eta urtegia inguratu daiteke