- Musikeneko ikasleek eskainitako hiru kontzertuk osatuko dute Musikeler, Donostiako Musika Hamabostaldiko hitzordurik “informalena”; aurten, Tabakalerako laugarren solairuko terrazan izango dira, Kutxa Kultur Gauak programarekin bat eginez.

Atzo ohar batean gogora ekarri zuenez, Musika hamabostaldiak hainbat jarduera jarri zituen martxan 2015ean, jaialdira publiko “gaztea eta ezohikoa” erakartzeko asmoz. Testuinguru horretan sortu zen Musikeler, Keler eta Musikenekin (Euskadiko Goi Mailako Musika Ikastegia) elkarlanean sortutako ekimena. Bertan, zuzeneko musika eta garagardoa, biak, “dastatzeko” aukera eskaintzen da, Musikeneko ikasleak protagonista diren doako kontzertuetan.

Aurten hiru kontzertu eskainiko ditu Musikeler-ek, hiru ostegunetan. Lehenengo hitzordua bihar bertan izango da, Oreka Reed Quintet taldearen eskutik. Estatuko hainbat tokitako (Galizia, Euskadi, Katalunia eta Gaztela eta Leon) bost musikarik osatzen dute taldea, eta “batere ohikoa ez den mihi-boskoteak eskaintzen dien koloreen eta sonoritateen aniztasuna baliatzen dute”.

Abuztuaren 13an, Kantua izenburupean, Juan Laboreria eta Javier Gonzalez Sarmiento artista donostiarrek ahotsa ardatz duen errepertorioa aurkeztuko dute, opera, zarzuela, eta euskal zein frantses kantagintza uztartuz.

Hilaren 20an, Ana Garcia kontrabaxu-jotzailea, Maitane Arretxe soinu-jotzailea, Iker Bilbao biolin-jotzailea, Jose Belda gitarra-jotzailea eta Lucia Arzallus piano-jotzailea izango dira protagonista. Musikenen sortutako boskote honek itxiko du kontzertu sorta hau, Astor Piazzolla argentinar musikagilea hizpide izango dutelarik.

Bihar. Oreka Reed Quintet.

Abuztuak 13. Juan Laborería + Javier González Sarmiento.

Abuztuak 20. Zilarra Quintet.