Zumaia, Deba eta Mutrikuk osatzen duten Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkean urraren historiako pasarte zirraragarrienak gordetzen dira . Geologia da paisaia horretako protagonista nagusia. Hamahiru kilometroko itsaslabarrek haitz-geruzek osatutako formazio miresgarria gordetzen dute, Flysch izenekoa. Geruzaz geruza, Lurraren historiaren 60 milioi urte baino gehiago irakur daitezke bertan, entziklopedia bat balitz bezala.

Lurraren liburu hori ezagutzeko, Geoturismoak mota askotako irteera gidatuak eskaintzen ditu eta urtero 20.000 pertsona inguruk hartzen dute parte horietan. "Bisiten programa turismoaren arloan lantzen dugu eta ezaugarri garrantzitsuena gure ondarearen interpretazioa da. Ez da geologia bakarrik: Geoparkeak eremu bat eduki behar du oso inportantea eta nazioartean geologikoki aitortua. Baina horrez gain, beste elementu batzuk ere izan behar ditu; hala nola, azpiegiturak, elkarteak, herrigintza, kultura eta gure kasuan, gure nortasun indartsua ere bai", azaldu dio egunkari honi Esti Irureta Zumaiako Turismo teknikariak.

Geoparkeko bisiten bidez, gerturatzen direnek "paisaia polit bat" ikusteaz gain, "ezagutza" eramatea lortzen dute. "Eta baita ezagutza partekatzea ere. Kanpotik geologo asko etortzen dira eta beraiek dakitena gurekin partekatzen dute. Beraz, guretzat interpretazioa oso garran-tzitsua da", nabarmentzen du.

Irteeren artean ospe handiena duena Zumaia eta Deba arteko biotopo babestuan barrena itsasontziz egiten den joan-etorria da. Txomin Agirre kaiatik irten eta Debako Sakoneta hondartzaren parera iristen da, guztira ordubete irauten duen bidaian. Iruretarekin hitz egin ondoren, NOTICIAS DE GIPUZKOA itsasontzira igo da esperientzia bizi-tzeko gogoz.

Eguraldi ona dago eta itsasoa bare. Egun eguzkitsua da eta jende asko dago ontzira igotzeko zain. Violeta izeneko gidariak bidaiari bakoitzaren izenak banan-banan ozen esan ondoren, itsasontzi zurira igo gara bakoitza bere musukoa jantzita eta eskuak gelarekin garbituta, guztion osasuna bermatzeko.

Urola ibaiaren bokaletik irten eta Kantauri itsasoan barrena sartu da ontzia. Bidaiarien eskuetan ez dira mugikorrak eta argazki kamerak falta jarraian ikusiko dugunari argazkiak egiteko. "Ikus dezakegun lehenengo Zumaiako Santiago hondartza da, Urola ibaiaren bokaleko dunen eta paduren artean kokatuta dagoena", azaldu du mirofono batekin Violetak, guztiok entzun dezagun. Hortik aurrera jarraitu eta Zumaiako paola ikus daiteke, Talaimendi mendiaren parera iritsi baino lehen.

Talaimendi igaro ondoren eta Itzurun hondartzaren inguruan, Flysch izeneko labar erraldoiak ageri dira. Gizakiak Lurra zapaldu baino askoz ere lehenago sortu ziren Flysch geruzak duela 60 milioi urte, penintsula iberiarra eta europar kontinentea banatzen zituen itsaso sakon batean, itsas organismoen maskorren eta sedimentuen metaketaren bidez. Iberia eta Europak talka egin zutenean -duela 30 milioi urte- geruza guzti hauek altxatu ziren Pirineoak sortzeko. Azken milaka urteetan itsasoak labarrak higatu ditu eta Lurraren historiako liburu handia agerian utzi du.

"Flysch izena nondik datorren jende askok galdetzen digu. Aleman jatorria duen hitza da eta, gutxi gorabehera, irristatu esan nahi du. Hai-tzak beheraka irristatzen joaten dira itsasoaren indarrak behin eta berriz kolpatzen dituelako", adierazi du Violetak.

Horren eraginez, eraketa berezi asko sortu dira. Flyschak osatzen dituzten kapa batzuk besteak baino leunagoak dira eta guztietan animalien fosil asko daude grabatuta. "Gehien aurkitu ditugun fosilak amonitenak izan dira. Amonitak zefalopodoak dira, gaur egungo olagarro, txipiroi eta txokoen an-tzekoak; baina beraiek oskol kiribila dute eta hori da fosilizatuta geratu dena", azpimarratu du Violetak.

Jendea adi-adi entzuten ari da gidariaren azalpena eta oharkabean, Sakoneta parera iritsi gara. "Sakoneta gaur egun Geoparkeko gune nagusi bat kontsideratzen da", nabarmendu du. Garai batean, egitura natural guztia galzorian egon zela ere esan du: "Bi kilometro jan nahi zizkioten lurrari barrurantz obra erraldoi bat egiteko eta Debako zentral nuklearra egiteko. Jende asko proposamen horren aurka agertu zen eta azkean proiektua bertan behera utzi zuten. Gaur egun, mundu mailan bere balio geologikoagatik babestuta dagoen gunea da".

Ordubetez Flyschez eta hark gordetzen dituen sekretuez asko ikasi ostean, berriro ere Zumaiako Txomin Agirre kaiara iritsi gara. "Asko gustatu zait inguruan dugun paisaia ikustea. Oso polita iruditzen zait eta gidariak oso ondo azaldu du dena", azaldu digu Aner Ostolaza zumaiarrak. Berarekin dago Markel Aginagalde lagun getariarra ere. "Niri gehiena Algorri kala itsasotik ikustea gustatu zait", esan du Aginagaldek.

Holandatik etorri dira Theo Koot eta Nella Vlaar bikotea. Bisita gaztelaniaz izanda, ez dutela "ezer ere ulertu" esan du Vlaarrek, baina miresmena nabari da beraien aurpegietan. "Dagoeneko Zumaiako San Telmo ermitan eta Itzurun hondar-tzan egon gara eta oso paisaia ederraz gozatu dugu. Gainera, marea behean dagoenean Flyscheko ibilbidea oinez egiteko ere gomendatu digute. Zoragarria da, lehenago ez genuen horrelako ezer ikusi", azpimarratu du Kootek.

"Ibilbidea oinez egiteko ere gomendatu digute. Zoragarria da, lehenago ez dugu horrelakorik ikusi"

Holandar bisitaria

"Asko gustatu zait inguruan dugun paisaia ikustea, eta gidariak oso ondo azaldu du dena"

Zumaiar bisitaria