Joan Mari Torrealdai Nabea soziologo, kazetari eta idazlea atzo hil zen 77 urte zituela. 2015ean hezur-muin minbizia zuela jakinarazi zuen, eta egun batzuk ospitalean eman ostean hil da Usurbilen. Bertako beilatokian jarriko dute hil kapera gaur.

Bere heriotzarekin euskarak, euskal kulturak zentzu zabalean, azkeneko bost hamarkadatan izan duen erreferente nagusienetako bat galdu du. Soziologo, kazetari, idazle eta alor guztietan ekintzaile eta intelektual.

Bere bizitzan zehar aintzatespen ugari lortu ditu. Euskararen eta euskal kulturaren zabalkundean egindako lanagatik 2016an Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria ematea aipatu daiteke. Duela bi urte, Jakin aldizkaria bultzatu zuen taldearekin batera, Gipuzkoako Aldundiaren urrezko domina ere jaso zuen. Horrez gain, Durangoko azokako Argizaiola saria, Ohorezko aipamena XIX. Rikardo Arregi Kazetaritza Sarian eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Lauaxeta Saria jaso ditu ere bai.

Gainera, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1975ean eta euskaltzain oso 2007an. Euskaltzain emeritua zen 2017tik.

Bizkaiako Foruan, Urberuaga auzoko Mosone baserrian jaio zen 1942ko azaroaren 24an eta hamabi urte egin zituen bertan. Gaztaroa Arantzazuko frantziskotarren santutegian pasa zuen, nahiz eta Toulousetik itzuli zenean ordena erlijiosotik apartatu. Gizarte-zientzietan lizentziatura eskuratu zuen Parisko Unibertsitatean -bost urtez bertan ikasita-, eta EHUn Informazio Zientziak ikasi ondoren, Soziologian eta Politika-zientzietan doktore bihurtu zen Deustuko Unibertsitatean.

Torrealdai Usurbilen bizi zen azken ia hiru hamarkadatik hona, baina berak ez zuen maite herri edo lurralde jakin bateko herritarra zela esaterik. "24 urte daramatzat Usurbilen, baina nik ez dut sentimendu hori. Ni euskalduna naiz. Euskal Herriaren barruan ez dago mugarik, ez Bidasoakorik ez besterik. Nire osotasuna Euskal Herria da eta min handia ematen dit askotan probintziakeriak ikusten ditudanean", aitortu zion Torrealdaik egunkari honi 2016an egindako elkarrizketa batean.

Urte horretan bertan jaso zuen Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria, euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik. 1967tik 2014ra arte Jakin aldizkariko zuzendaria izan zen, Lorea Agirrek bere erreleboa hartu arte. Aldizkaria Arantzazun sortu zuten, Frankismo garai bete-betean, 1957an. Aro ilunak izan ziren haiek euskararentzat, eta Jakinen jatorrizko helburuen artean euskara eta kultura uztartzea, eta euskal kultura hori baliatuz mugimendu eta alor guztietara zabaltzea oso presente zeuden. Horrela, lehen urteetan teologiaren eta filosofiaren inguruko gogoetetatik abiatu eta kultura, politika, hezkuntza, literatura, ekonomia eta zientziaren inguruko testuak kaleratzera jauzi egin zuten urteen poderioz.

Aldizkariari esker, euskarak, baserri girotik haratago, euskaldun ororen artean ere eskuratu zuen merezitako lekua eta oihartzuna.

Manuel Lekuona saria eskuratu eta handik bi urtera, 2018ko abenduaren 19an, Jakin taldeko kideek -Joan Mari Torrealdai, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategi- Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Urrezko Domina jaso zuten, sei hamarkadatan zehar kultur eragintzan, euskal kulturan, argitaratzaile lanean eta euskara batuaren alde egindako lanaren ordainetan.

Egun hartan bertan, Torrealdaik ikurra jaso zuenean "ohorea eta poza" azaldu zituen. "Taldea euskararen lurralde askean sortu zen, ez inongo probintziatan. Horregatik lortu izan dugu gure lana, hasieratik, inorena eta guztiena dela, euskaraz izatekotan. Beti euskaltzale eta herritar guztiekin egoten saiatu gara. Kritikoki, maitasunez kritiko. Erdigune ez distantziakidean", adierazi zuen Torrealdaik Aldundiaren egoitzan burututako ekitaldian.

Euskara bultzatzeko grinak ekimen desberdinetan parte hartzera eraman zuen, besteak beste, Euskaldunon Egunkaria proiektua martxan jartzera. Bertako administrazio kontseiluko lehendakaria izan zen, harik eta 2003. urtean Juan Del Olmo epaileak Egunkariaren itxiera agindu zuen arte, ustez ETAren oinarri ekonomikoetan parte hartzen zuela argudiatuta.

Polizia operazioan Torrealdai atxilotu eta kartzelaratu egin zuten, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia eta Inma Gomilarekin batera. Oinarri faltarengatik sententziak arrazoia eman zien Egunkariako kideei eta kasua artxibatu egin zuten hamarkada bat beranduago.

Hala ere, urte haietan kideek jasan behar izan zuten sufrimendua ikaragarria izan zen. 2015ean Baionan mahai-inguru batean parte hartzen ari zela, Torrealdaik hezur-muin minbizia zuela aitortu zuen, bere ustez, Egunkaria itxi zutenean atxiloketen ostean pairatu zituen torturek eragindakoa. "Nik denuntzia bat egiten dut, baina ez dut egiten gorrotorik. Ez dut ezagutzen gorrotoa, baina bestalde, justizia zentzu handia daukat, eta uste dut gauzak bere puntuan utzi behar direla", azaldu zion egunkari honi handik hilabete batzuetara egindako elkarrizketa batean. "Nire psikiatrak esan zidan ondorio fisikoak eragingo zizkidala eta horrela izan da. Sekulako egurra eman zidaten. Ez duzu zure burua errekonozitu ere egiten. Mespretxu erabatekoa, jo egiten zintuzten... Sentsazio ikaragarria. 2003an galdu nuen inozentzia", gehitu zuen.

Liburu idazle emankorra izan da Torrealdai. Liburugintzan eman zituen orduak eta egunak. Torrealdai liburu berri bat idazten ari zen hil aurretik eta, zoritxarrez, argitaratu gabe geratu da. Hala ere, hainbat liburu idatzi eta kaleratu ditu bere ibilbide oparoan zehar. Azkena iaz argitaratu zuen: De la hoguera al lápiz rojo. La censura franquista en el País Vasco.

Euskararen errepresioari garran-tzia handia ematen zion idazleak eta bere azken lana memoria historikoa berreskuratzeko ariketa bat izan zen.

"Hildakoen gorpuak Erorien Haranetik eta arekatatik atera behar dira, baina horrenbeste min egin duen zentsura ere desterratu behar da. Iritzi askatasunaren aurkako 40 urtek askorako ematen dute kuantitatiboki, eta, batez ere, kualitatiboki", nabarmendu zuen Torrealdaik bere azken liburuaren aurkezpenean, iazko azaroan.

Haren heriotzak aitorpen-hitz ugari eragin zituen. Batzuk aipatzearren, Miren Azkaratek esan zuen "ikerlanetan ohikoa da edukia laburbilduko duten gako-hitzak jartzea. Joan Mariren gako-hitzak eskatuko balizkidate, ez nuke zalantzarik izango: euskara eta euskal kultura, liburugintza, Jakin eta Arantzazu". Andoni Sagarna euskaltzain osoak: "Joan Mari izugarri estimatu" zuela beti aipatu zuen. "Harreman handia izan dut berarekin. Zorigaitzekoa izan da nola hondatu dioten bizitza hain merezimendu handiak izan dituen gizonari".

Markel Olanok, diputatu nagusiak, "tristura eta saminik sakonenak" adierazi zituen. "Euskara eta euskal gizarteari izugarrizko ekarpena egin dio bere bizitza osoan zehar, asko zor diogu, eta berak marraztutako bidean jarraituko dugu lanean: gizarte euskaldunago eta berdinzaleago baten alde".