DONOSTIA - Eusko Jaurlaritzak joan den apirilean abian jarri zuen kultura-arloko langileentzako aholkularitza-zerbitzuak 520 kontsulta baino gehiago jaso ditu. Kulturklik PRO plataformaren bidez eskaintzen den zerbitzu honen bidez, COVID-19 krisiaren ondorioei aurre egiteko abian jarri diren laguntza eta neurriei buruzko informazio guztia eman nahi zaie kultura-sektoreko langile, eragile eta enpresei. Gobernuak atzo azaldu zuenez, azken asteetan, zalantza gehienak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kultura-sektoreko mikroenpresei ematen dizkien diru-laguntzekin lotuta daude. Deialdia bihar amaituko da.

Aholkularitza-zerbitzu horren bidez, Eusko Jaurlaritzak “sektoreari laguntza pertsonalizatua” eskaini nahi dio, eta erakundeek abian jarritako laguntza-ildo guztiei buruzko informazioa eman. Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren kultur sorkuntzarako diru-laguntzen ohiko deialdiei buruzko informazioa eskaintzen du zerbitzu honek (hamabi deialdi eta berrogeita hamar modalitate). Aholkularitza horrek aukera ematen die partikularrei nahiz kultur arloko entitate eta enpresei zalantza zehatzak argitzeko. Galderak telematikoki bideratzen dira eta interesdunek posta elektronikoz edo telefonoz jasotzen dute erantzuna 24 ordu baino gutxiagoan.

KALITATEA Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, gainera, erabiltzaileei galdeketa bat bidaltzen die aholkularitza zerbitzu honen kalitatea aztertzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzak hainbat gida jarri ditu martxan kultura-arloko langileentzat interesgarriak diren hainbat neurri jorratzeko, hala nola, autonomoentzako laguntzak eta prestazioak, zerga-erraztasunak, finantziazio-lerroak, okupazioaren aldi baterako erregulazio-espedienteei buruzko informazioa, Gizarte Segurantzako ordainketei buruzko luzapenak edo hipoteka-zorreko luzamenduei buruzko informazioa.