Barre Librea programako denboraldia bukatu berri, Aitziber Garmendia aktorea lan eta lan dabil azken aldian. Asteazken honetatik aurrera, Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio), Marta González de la Vegaren gaztelaniazko jatorrizkoaren moldaketa ekarriko du bigarrenez Donostiara. Iazko udan estreinatu aurretik esandakoak ekartzen ditugu.

Nola pasa da Txanogorritxo otso eme izatera?

-Bere buruaz barre egiten ikasita. Hori da emanaldian bertan aldarrikatzen dena eta hori da egia bakarra: gure buruaz barre egiten ikasi behar dugu.

Sei mutil mota aurkitzen ditu bidean.

-Izenburuak horrelaxe dio, sei mutil medio. Ez naiz sei mutil konkreturi buruz ari, kalean aurki daitezken sei jarrerei buruz baizik. Antzezlanak harremanen sei fase erakusten ditu.

Zeintzuk dira sei fase horiek?

-Lehenengo tipoa gau bateko rolloa da; bigarrena, ukimen-eskubidea duen laguna; hirugarrena, flipatua; laugarrena, berragertzen dena edo bueltan datorrena; bosgarrena, ona; eta seigarrena, zure bizitzako mutila, tarte baterako bakarrik.

Tarte baterako bakarrik?

-Betikorik ez dago. Zuk zure burua aurkitzen duzun arte eta patetismo horri barre egiten diozun arte, ez dago amaiera zoriontsurik.

Erlazioetan patetikoak gara?

-Erabat. Okerrena da, maitemintzen garenean badaukagula patetismo puntu hori. Patetismo horri barre egiteko gaitasunik ez dugunean, orduantxe gara patetikoenak. Patetismoaren zale amorratua naiz, eta gustatzen zait horrekin umorea egitea.

Maitasuna gauza seriotzat jo izan da beti.

-Serioegi hartzen da. Beste batekiko maitasunarekin lotzen da beti, sekula ez norbere buruarekiko maitasunarekin. Bakarrizketaren zati batean esaten da: Bizitza osoa erlazio perfektuaren zain eman dut, baina 36 urte hauetan nire bizitza gauza mordoarekin bete dut, non sartu orain harreman perfektu hori? Non egingo diot tartetxoa? Maitasuna kontu seriotzat hartzea baino, askoz erakargarriagoa da jolas moduan ikustea.

Maitasun perfektua norberak bere buruarekiko duena da, beraz?

"Maitasun perfektua lehendabizi gure buruarekin daukaguna da"

-Niretzako, bai. Lehendabizi gure buruarekiko daukaguna, eta hortik aurrera etorriko dira besteak; eta, seguruenik, naturalago etorriko dira, ez hainbesterainoko presioarekin.

Teknologia berriek patetismo hori areagotu egiten dute?

-Guztiz. Dena erakutsi beharrak patetismo hori areagotu egiten du; patetismo txarra, gainera.

Jatorrizko bakarrizketa Marta González de la Vegarena da. Originala ikusteko aukera izan zenuen?

-Ez. Madrilen nintzela ikusi nuen Teatro Figaro-n zegoela, baina lan kontuengatik ezin izan nuen joan. Gerora, festa batean Martak eta biok kasualitatez elkar ezagutu genuen. Nik esan nion bere testua bera euskaraz egingo nuela. Horrela ezagutu ginen. Gainera, bera orain Bilbon dago gaztelaniazko bertsioarekin.

Itzulpena Kepa Errastik egin du eta Fernando Bernués eseri da zuzendariaren aulkian. Nolakoa da moldaketa?

-Zuzendari laguntzaile lanean ere Kepa Errasti ari da eta zuzendaritzan, Fernando Bernués. Moldaketa oso ona da. Ez da bakarrik itzulpena, bertsio bat egin dugu. Itzulpen bat irakurtzen duzunean eta zuk egingo zenuenetik oso hurbil dagoenean, seinale ona izaten da.

Zer gauza aldatu dituzue?

-Bakarrizketa bera, neska eta mutilen arteko harremanean oinarritzen dela: heteroarauan oinarritutako umorea da eta niri, pertsonalki, ez zait asko gustatzen umore klase hori. Jakinda topiko horietatik abiatu den zerbait dela eta Martaren testua dela, berak bere esperientziatik idatzitakoa, hori mantentzen saiatu gara; ohikotasun hori errespetatu dugu, baina iruzkin txikien bitartez zenbait ñabardura sartu ditugu heteroarau hori pixka bat hausteko eta betiko komentario horietatik aldentzeko.

Testua ere zureganatu behar duzu.

"Agertoki gainean zaudenean diozun hori defendatu egin behar duzu"

-Bai. Testuan kontatzen den ezer ez da niri gertatutakoa, beste batek idatzitakoa da. Halere, agertoki gainean zaudenean diozun hori defendatu egin behar duzu. Gauza bat da guztiz ados ez egotea, askotan gertatzen den bezala. Pertsonaia guztiekin ez zaude ados, imajinatu Hitler interpretatzen duzula! Baina maitasunaren edo bikoteen inguruko umorezko bakarrizketa baten kasuan, esaten duzun horrekin %80 ados egon behar duzu, bestela oso zaila da hori defenditzea (barreak).

Zer moduz joan zen Urnietako aurrestreinaldia?

-Ondo. Gauza asko publikoarekin lehenengo aldiz probatu ahal izan nituen. Egia da obrak publiko mota konkretu bat ere eskatzen duela. Lehenengo lerroetako publikoa adinduagoa zen; "larrua jo", "txortan egin" eta horrelakoak erraz ateratzen zaizkit baina kontziente naiz zenbait belaunaldirentzat bortitza izan daitekeela. Horiek kenduta, lehen aukera izan zen jendearen erantzuna sentitzeko; espero ez nuen lekuetan barre egin zuten eta, orokorrean, polita eta atsegina izan zen.

Umorea lana edo jarrera da zuretzat?

-Nire kasuan jarrera da, zalantzarik gabe, hasiera-hasieratik. Suertea izan dut, nire afizioa ofizio bihurtu delako. Niretzako lanerako bide ematen didan jarrera da.