- Euskarazko informazio-lana aitortzen duten Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien 32. edizioak iaz sortutako Kazetaritza eta Komunikazio modalitateei eutsiko die, eta, eredu tradizionala alde batera utzi gabe, sare sozialetako komunikazioan ere jarriko du arreta.

Atzo aurkeztu zituzten sariak Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan eskainitako prentsaurrekoan, Mikel Arregi Andoaingo Euskara zinegotziak, Patxi Baztarrika Udaleko euskara teknikariak eta Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlari-tzako Euskara Sustatzeko zuzendariak.

Aurtengo edizioan, aurrekoan bezala, lau finalista izendatuko dira Kazetaritza Sarirako eta beste lau Komunikazio Sarirako. Horiek guztiak Andoaingo Bastero Kultur Etxean emango dira ezagutzera, Xabier Lete gogoan lelopean, azaroaren 26an, abeslaria eta poeta hil zela hamar urte bete baino egun batzuk lehenago (2010eko abenduak 4).

Mikel Arregi zinegotzi andoaindarrak esan zuen euskararen normalizazioak kazetaritza eta komunikazio “eraginkorrak, modernoak eta unean uneko beharretara egokituak” behar dituela, eta horregatik sare sozialen bidezko komunikazioari arreta berezia eskainiko diotela.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak azpimarratu zuen euskarazko hedabideak “erabat” aldatu direla Rikardo Arregiren garaitik (1942-1969) hona. Azpimarratu nahi izan zuen sari horien tankerako ekimenak “pizgarri” izaten direla, eta COVID- 19ren ondorengo egoera berrira egokitzen lagunduko dutela.

Kazetaritza Sariak 9.000 euro eta Xabier Laka eskultoreak egindako irudi artistikoa jasoko ditu, eta 2019ko irailaren 16tik 2020ko irailaren 15era bitartean egunkari eta aldizkarietan, argitalpen digitaletan, irratietan eta telebistetan argitaratutako lanak aztertu egin dezakete.

Komunikazio Sarirako berriz, euskarazko komunikazioa eredu eta formatu berrituetara egokitzeko aurrerapausotzat jotzen diren lanak aukeratuko dira aitortu zuten.

Epaimahaiak erabakiak hartzeko bi bide izango ditu: batetik, irailaren 18rarte proposamenak aurkeztu ahal izango dira; eta bestetik, epaimahaikideek eurek aurkeztutakoak ere aztertu eta kontuan hartu ahal izango ditu.