Lepoko minez zuzendu dut nire gorputz kiribildua, “denok kanpora” oihu zakar batek esnatu ostean. Manta moduan gainetik geneuzkan berokiak ondo lotu, pasaportea gainean dugula ziurtatu eta kanpora irten gara. Kaferik ez da behar leku honetan kolpe batean esnatzeko. “A ze hotza”. Jama-ko igarobidean gaude, Txile eta Argentinaren arteko muga amaigabeko bigarren igarobide garrantzitsuenean. Andeek bi herrialdeak banatzen dituen harresi menderaezin bat dirudite, baina gu gai izan gara autobus batean oztopo malkartsu hau gainditzeko, eta hemen gaude, ezerezean, 4.000 metrotik gora, gure pasaporteak polizia aspertu bati erakusten. Ziur nago polizia akademian izena eman zuenean, Hollywoodeko filmeko polizien bizitza zirraragarriekin amesten zuela koitaduak.

Paisaiak ez dauka aparteko ezer ere, baina era berean lilura berezi bat du, erakarri egiten duena. Inguruko mendien formak ez daude guztiz definituak eta marroi tonalitate guztiak nahasten dira. Zerua bera, urdina bada ere, eguzkiaren distirarekin fusionatu egiten da eta akuarela erraldoi baten barnean nagoela sinesten hasia nago. Beno, esandakoa, edo agian paisaiak ez du batere lilurarik eta soroche edo puna nire garunarekin jolasten ari da.

FAR WESTEKO FILMEAN Basamortu honetan kilometroak pilatu ostean, malda behera luze baten ostean San Pedro de Atacamara iritsi gara. Autobusetik jaitsi, motxila hartu eta bidaiariak sakabanatu direnean, far westeko film batean sartu gara. Isiltasuna, hondarra, beroa eta baita, biraka alde batetik bestera igarotzen diren ditxosozko bola horiek ere. Zeharka ezagutzen genuen mutil baten etxera gindoazen, eta mugikorrera dei ugari egin ostean, telefono-zutoin baten kontra erdi etzanda topatu dugu, sekulako biharamunaz. Diligentzia, sheriff-a eta saloon bat agertuko direnaren esperoan nago honezkero.

San Pedro de Atacamak, herri gisa, ez du gauza gehiegirik. Eraikin esanguratsuena erdialdean dagoen eliza da ziurrenik. Adobezkoa da, eraikin gehienak bezala, eta ume erraldoi batek hondartzan eginiko gaztelutxo bat dirudi. Handik gertu, Caracoles kalea topa daiteke, Atacamako desertu osoko kalerik jendetsuena. Bertan daude jatetxe, janari denda eta bidaia-agentzia gehienak. Desertuaren bake, zabaltasun, isiltasun eta lasaitasunaren antitesia da. Paseotxo bat egin dugu, ideiak hartzeko eta gure kabuz zer egin dezakegun ikusteko.

Kale kantoi batean mendiko bizikletak alokatzen dituztela ikusi dugu, eta furgoneta-txango antolatuei muzin egiteko aukera paregabea iruditu zaigu. Txango hauek leku batzuk ezagutzeko aukera bakarra badira ere, ezin izaten dut burutik kendu artalde itsu baten sentsazioa eta deseroso egoten naiz. Oraingo honetan zorionez, badira herritik kilometro gutxira leku interesgarri ugari, eta izenak ezin erakargarriagoak dira: Valle de la Luna, Valle de Marte, Valle de la Muerte, Garganta del Diablo…

BIDAIA ILARGIRA Ilargira joatea erabaki dugu aurrena. Kilometro batzuk asfalto gainean egin ostean, flamenkoen erreserba nazionalean sartu gara. Hautsa, hondarra eta arrokak. Han hemenka, zuriune zabalak agertzen dira paisaian, marroiez osaturiko akuarelan, tipexarekin pintzelkada batzuk eman balituzte bezala. Gatz geruzak dira, eguzki izpien eraginpean, noizbehinka distira egiten dutenak. Leku batzuetan turista mordoa pilatzen da, denak nahi baitute bidaia-agentzian erakutsi dieten argazki bera, perspektiba bera. Bizikletaren pedalei pixka bat eraginez gero baina, beste mundu batean sartu garenaren sentsazioa da nagusi. Dekoratuaren atzealdean, hamarnaka sumendi ageri dira, Licancabur guztien zuzendari dela. Ez dugu kilometro gehiegi egin aurrera, beste planeta eta izaki beldurgarriak baititugu oraindik esploratzeke.

SPA NATURALA Ilargia, Marte, heriotza eta deabrua, bizipen ugariko eguna zalantzarik gabe. Giharrak minberatuta, bidaia-agentzietako artzainei men egin eta artalde batera bildu gara hurrengo egunean. Deabrua ikustearen tentsioa baretzeko, zer hobe, spa batera joatea baino. Beno, egia esan, bisitatuko duguna ez da spa bat, Tatioko geiser multzo erraldoia baizik, munduko hirugarren geiser multzo handiena dena, eta bertan bainatu gaitezkeela esan digute. 4.200 metro inguruko garaieran, sekulako hotzarekin iritsi gara bertara, goizean goiz. Iritsi garenerako hamaika sukaldari lanean ari direla dirudi, lurrun zutabeak han eta hemen. Lurreko zuloetan, lurraren barnetik ura irakiten ateratzen da. Zulo bakoitzaren inguruan harriz eginiko zirkuluak daude, argazki kameradunen “ausardilerdokeriari” muga jartzeko.

Ondoren, artaldea bainura eraman dute. Bainujantzia jarri, eta lurreko barrenak berotutako ur beroko putzuan sartu gara. Erlaxatzea zen asmoa , baino ondoko turistak dio film katastrofista batean ikusi zuela halako eszena bat, non lurrak “korroskada” bat bota, eta gu bezala bainuan zeudenak oharkabean egosten ziren. Disimuluan, putzutik ateratzea erabaki dut, Amalurrarekin broma gutxi. Lasaitzeko, hobe San Pedroko Saloon batean whiski bat hartzen badugu.