Euskara dute oinarri zenbait musikarik beren egunerokoan. Baita sortzen dituzten hainbat abestitan ere. Batzuek, hausnarketa baten ostean hautatzen dute hizkuntza batean edo bestean egin. Besteek, naturaltasunez egiten dute. Hala ere, azken urteetan hizkuntza hautuen inguruan sortutako diskurtsoa aldatu dela dirudi. Hain zuen, hori ikertzen aritu da Lander Muñagorri (Ordizia, Gipuzkoa, 1986) kazetaria. Zergatik kantatu euskaraz? izenpeko ikerlanean, hiru musikari elkarrizketatu ditu, eta baita 1960ko hamarkadatik euskal musikak izan duen bilakaera ere. Besteak beste, ondorioztatu du urteek aurrera egin ahala, musikariek duten diskurtsoa geroz eta difusoagoa dela hein handi batean.

Pasa den ikasturtean Hizkuntza Plangintza Graduondokoa egin zuen Muñagorrik. Ikerketa lan bat egin behar zuten, eta ikuspegi soziolinguistikoa izan behar zen oinarri nagusienetako bat. Adierazi duenez, musikazalea da, eta euskal musikak azken urteetan izandako joeraren hipotesi bat zuen. “Euskaraz kantatzen da, baina euskaraz abesteko garaian ematen diren arrazoietan diskurtsoa pixka bat difusoago ari da gelditzen”. Kazetariaren arabera, gizartean gertatzen ari den prozesuak eragina du musikaren alorrean. Azaldu du 2000ko hamarkadatik aurrera, geroz eta gehiago abesten dela gazteleraz eta ingelesez. Beraz, hizkuntza hautuetan diskurtso aldaketarik ba ote zegoen ikertzeko asmoz ekin zion proiektuari.

Hasierako ustearen inguruan jarduteko, hiru musikari elkarrizketatzeko erabakia hartu zuen Muñagorrik. “Batetik, 2010eko hamarkadan lehenengo diskoa argitaratu zuten taldeak hautatu nituen, eta, horien baitan, gutxienez, abesti bat euskaraz izan zezatela. Bestetik, lurraldetasun irizpideak ere kontuan hartu nituen, musikariak izan zitezela eremu soziolinguistiko desberdinetakoak”. Kazetariari garrantzitsua iruditzen zitzaion hainbat eremu soziolinguistiko aukeratzea, musikari guztiak ez zitezen eremu euskaldunekoak edo erdaldunekoak izan. Areago, gehitu du arrakastaren filtroa ere ezarri zuela: “Garaiko gazteen artean arrakasta duten musikariak topatu nahi nituen. Hein batean, erreferentzialak dira eta euren diskurtsoek eragina izan dezakete gizarteko multzo jakin batengan”.

Musikariek esandakoak. Iñigo Etxezarreta En Tol Sarmiento taldeko abeslaria eta gitarrista, Josune Arakistain Huntza taldeko abeslaria eta trikitilaria,eta Izaro Andres musikaria hautatu zituen Muñagorrik ikerlanerako. Hiru elkarrizketa egin zituen, eta haietako bakoitzarekin era desberdin batean jarri zen harremanetan, hasierako asmoa ez bazen ere: aurrez aurre, telefonoz eta emailez. Aitortu du “hotzagoa” iruditzen zaiola emailez egitea, ez baitago galderak edo kezkak planteatzeko aukera handirik, baina, hala ere, eskertzen du parte hartzeko eskuzabaltasuna. Zenbait ondorio atera zituen egindako elkarrizketetatik.

EUSKARAREKIKO ATXIKIMENDUA Hiru kasuetatik bat nabarmendu du Muñagorrik. Hain zuzen, Etxezarreta En Tol Sarmiento musika taldeko euskaldun bakarra da, eta Lekorakoa (Araba) da. Bertsioak jotzen zituzten haien lehen kontzertuetan, gazteleraz abestutakoak, baina Etxezarretak euskaraz kantatzeko proposamena egin zien taldeko kideei. “Euskararekiko borrokan atxikimendu bat duela nabari da, eta euskaraz kantatzeko nahia zuen. Proposamena egin, eta musikariak aitortzen du momentu batean gatazka txiki bat egon zela taldean”. Hala ere, lortu zuen hasierako nahia; euskara oinarri izatea. Lehen diskoetan euskaraz kaleratu zituzten abesti batzuk, eta horietako batek arrakasta izan zuen: Musikaren doinua (2012). “Horri esker hasi ziren Euskal Herrian gehiago jotzen, leku guztietan entzuten zen abestia, eta entzutetsua bilakatu zen taldea”. Muñagorriren arabera, Etxezarretak hizkuntza hautu kontziente bat egin zuen. Areago, haren ustez, hautu horren ondorioetako bat arrakasta izan zen, eta, beraz, egoera horrek taldekideen artean bermatu zuen hizkuntza hautua zalantzan ez jartzea. “Bere diskurtsoa iruditzen zait interesgarriena. Azken batean, bizi diren eremu soziolinguistikoan nagusitasuna duen egoera baten aurka egin zuen taldeak, eta esango nuke horren atzean musikariak euskaraz abesteko zuen kontzientzia oso presente bat dagoela”. Kazetariak adierazi du talde bezala ere oso eskertuta daudela euskal komunitateari. Izan ere, Etxezarretak esaten ei du gaur dela eguna Errioxara (Espainia) jotzera joan, eta, agian, lagunak bakarrik joango liratekeela kontzertura. Baina, aldiz, Senperera (Lapurdi) joanez gero, posible dela milaka pertsonaren aurrean jotzea.

HAUTUA BAINO, NATURALTASUNA Etxezarretaren kasuaren ondoren, Andresena iruditzen zaio deigarriena kazetariari. “Aipatzen du ez duela hizkuntza hauturik egiten, hizkuntza batean edo bestean abestu berdin sentitzen dela eta hizkuntza bat aukeratzea berarentzako gitarra akustiko bat aukeratzea bezala dela”. Hain zuzen,Muñagorrik azaldu du hizkuntza bakoitzaren sonoritateari ematen diola garrantzia Andresek; eta, gaineratu duenez, abestiak eskatzen dio zein hizkuntzetan kantatu. Kazetariari deigarria iruditzen zaio kasua, besteak beste, Andresek inguru guztia euskalduna duelako eta oso presente duelako zein den euskarak egun bizi duen egoera. Are gehiago, musikariak barneratuta omen dauka aurreko belaunaldiek euskaraz abesteko egin zuten ahalegina.

Arakistain ere eremu euskal baten hazitakoa eta hezitakoa da; Lasturkoa (Deba, Gipuzkoa) da. Muñagorriren arabera, Arakistainek ez du sekula hizkuntza hauturik egin, eta naturaltasuna aipatzen du. “Bere ingurukoek ulertzeko moduan kantatu nahi duela esaten du, eta, noski, bere ingurunea euskalduna den heinean, akaso, ez du hauturik egin”. Kazetariaren ustez, beraz, ez da kontzienteki egindako hautu bat. Gainera, gehitu du Arakistainentzat euskara trikitixarekin oso lotuta egon den hizkuntza bat dela, eta, beraz, horrek ere izan zezakeela eragina euskaraz abesterako orduan. Andresen gisan, Huntza taldeko kideak ere gogoan du aurreko belaunaldiek egindako lana eta horrek hurrengo belaunaldietan izan dezakeen eragina. “Katebegi batean daudela esaten du, baina, aldi berean, naturaltasuna aipatzen du”.

Elkarrizketak egin, horiek aztertu eta berraztertu ostean, ondorio batzuetara iritsi zen Muñagorri. Haren arabera, hizkuntza hautuan diskurtso aldaketa bat egon da, eta bi testuingururen arteko banaketa nabarmena aipatu du: “Eremu euskaldunetan edo euskararen geroa bermatuago egon daitekeen lekuetan baliteke kontzientzia galdu izana. Eta, alderantziz; eremu ez euskaldunean kontzientzia hori askoz agerikoagoa izan daiteke, errealitatea den bezalakoa delako eta horren aurka egin behar delako, agian”. Jarrera integratzailea ere aipatu du, batez ere, ETS taldeko Etxezarretaren kasuan. Hau da, komunitate batekiko atxikimendua adierazteko nahia.

EUSKAL MUSIKAREN IBILBIDEA Gaur egungo musikariak ez ezik, 1960ko hamarkadatik aurrerako euskal musika ere ikertu du Muñagorrik. Adierazi duenez, Ez Dok Amairu edo euskal kantagintza berria sortu zen garaitik gaur egunera arte ia-ia, euskaraz kantatzeko hautua egin denean oso kontzienteki egin da. Hala ere, garaiak aldatu egin dira, eta, orain 50 urte zena, gaur, agian, ez da. “Hamarkada horietan testuinguruak bultzatuta egin zen hautu hori. Frankismo betea zen eta euskal kultura zapalduta zegoen, beraz, egoera horri aurre egiteko modu bat lez kantatu zen euskaraz”. Kazetariak nabarmendu du orduko musikariek Euskal Herriaren berreskurapenerako eta herria garatzeko modu bat bezala ulertzen zutela euskaraz abestea.

Eten bat gertatu zen 1980ko hamarkadan. Euskal Rock Erradikalaren mugimendua puri-purian zegoen eta baita punka ere, Muñagorriren arabera. Azaldu du euskaraz apenas entzuten zela abestirik, kasu batzuetan salbu; Hertzainak taldea, esate baterako, Gasteizen sortua. Baina aldaketa ere etorri zen, eta oinarri bat ezarri du kazetariak: Kortatu. Hasiera batean gazteleraz abesten hasi ziren, baina euskara hutsean disko bat kaleratuko zutela ere adierazi zuten. Esan eta egin. Azken diskoa euskaraz argitaratu zuten, eta taldeak zuen arrakastaren ondorioz aldatu egin ziren euskal musikaren joerak. “Euskarak beste maila bat lortu zuen, txip aldaketa bat egon zen eta hizkuntzari beste legitimazio bat eman zion. Hainbat talde hasi ziren euskaraz abesten”.

Ez Dok Amairu eta Kortaturen ostean, hirugarren mugarri bat ere ezarri du kazetariak: Negu Gorriak. Besteak beste, gehitu du hizkuntza jarri zutela erdigunean. Gainera, komunitate kontra-kultural bat ere sortu ei zen, eta politika, hizkuntza eta musika estilo bat batu zituen. Hain zuzen, Ion Andoni del Amo ikerlariak jasotzen du horren berri Party and Borroka (Txalaparta) liburuan. “Esnatze gisako mugimendu bat izan zen eta ia 2000ko hamarkadaraino iritsi zen”. Muñagorriren arabera, egun gelditzen dira mugimendu horren arrasto batzuk, baina bestelakoa da egoera. Azaldu duenez, giro politikoak izan dezake eragina hizkuntza hautuetan eta kontzientzian, baina hori azken urteetan galdu egin da bere ustez. “Ikusi besterik ez dago; badirudi euskararen jakintza geroz eta handiagoa dela, baina erabileraren datuak ez dira hazten. Uste dut gizartean egondako aldaketak iritsi direla musikara ere, eta orain arte egondako boom-a jaitsi egin dela”.