mirarte

"Abenduan beteko dira hamar urte zendu zenetik eta momentu aproposa izan daiteke elkarrekin Lete gogoratzeko"

09.05.2020 | 01:17
"Abenduan beteko dira hamar urte zendu zenetik eta momentu aproposa izan daiteke elkarrekin Lete gogoratzeko"

Alexander Gurrutxaga ikertzaile zarauztarrak eta Joana Otxoa de Alaiza pianista astigartarrak Eusko Ikaskuntzaren Gazte Saria irabazi dute, Xabier Leteren obraren berrirakurketa baten proposamenarekin

donostia Zuen proiektuak irabazi du Eusko Ikaskuntza Gazte Saria. Espero zenuten?

–Ez genuen espero, poz-pozik hartu dugu. Desira bai, beti desira duzu, baina benetan ez duzu espero. Horrelakoetara maila handiko jende asko aurkezten da. Oso pozik gaude.

Xabier Leteren obraren berrirakurketa bat proposatzen duzue, bai ikuspuntu dibulgatzailetik eta baita artistikotik ere. Errezitaldi musikatu bat, disko-liburu bat egitea da zuen helburua.

–Proiektu honek, alde batetik, sorkuntzazko lan bat izan nahi du, zerbait artistikoa, estetikoki landua izan, eta, bestetik, dibulgaziozkoa, Xabier Leteren obra zabaldu nahi dugulako. Denok ezagutzen dugu Lete eta denok ezagutzen dugu bere obratik zerbait, Xalbadorren heriotzean edo Nafarroa arragoa. Baina maila horretako egileekin gertatu ohi da maiz, bere mundu poetikoak eta ibilbideak ihes egiten digula. Ez da bakarrik Leterekin gertatzen, noski, joan berri den Zumetarekin ere gertatzen da, edo Artze bezalako poeta batekin, edo Lurdes Iriondorekin...

Zure doktorego tesia Xabier Leteren obraren inguruan egin zenuen.

–Aurten defendatu nuen. Joanak ere ongi ezagutzen du Leteren obra. Nik zortea izan dut bere artxibo pertsonala ezagutzeko. Agian ez da polita guk esatea, baina horrek leku pribilegiatu bat ematen digu Leteren obran sartzerako orduan. Hortik, jendeari zerbait eskaini nahi diogu, ibilbidea eta zenbait detaile aurkeztuz; nioen bezala, modu atseginean, baina sakontasunari uko egin gabe. Abenduan beteko dira hamar urte zendu zenetik eta momentu aproposa izan daiteke elkarrekin Lete gogoratzeko.

Omentzeko?

–Ohituagoak gaude omenaldietara ikasketara baino (barreak). Omenaldia egin bai, baina dakiguna baino pixka bat gehiago ikasteko balio diezagula.

Zer iruditzen zaizu erakargarria Xabier Leteren figura edo obratik?

–Doktoregaiei esan ohi zaie ea Leteren obrarekin maiteminduta ote dauden. Leteren obrarengana beti itzularazten nauena, bere lanak duen interesa da. Baditu kontraesanak, badu bilakabide konplexu bat, baina Leteren bilakabide hori beti izan da herri honek izan duenaren parekoa. Letek 1960. hamarkadaren erditik 2008ra egin zuen ibilbidea ezagutzeak, aukera ematen dizu herri honen 40 urteko ibilbidea ezagutzeko. Hori oso autore gutxirekin gertatzen da.

Nola da hori?

–Bere garaian herri honetan gertatu ziren gauza askori jarri zizkien hitzak, eta oso modu esanguratsuan jarri ere. Horregatik uste dut bere letra eta abesti asko ezagunak direla, oso gure sentitzen ditugula, gure sentipenekin oso lortuta daudelako. Bere indar-guneetako bat horixe dela uste dut.

Konplexua ere bazen.

–Oso. Musika klasikoa maite zuen eta baita Euskal Herriko musika tradizionala ere; bertsolaritza maite zuen, eta baita poesia kriptiko eta jasoena ere. Mundu oso konplexuak uztartzen ditu eta horrek oso pertsona interesantea bihurtzen du.

Proiektuari 'Aberriaren Poeta kantaria' izenburua jarri diozue. Zer garrantzia du aberriak bere obran?

–Lete ikertu eta gero garbi esan dezakegun zerbait da. Poeta batek eta kantari batek beti lantzen ditu gai asko. Kasu honetan aberriaren gaia, seguruenik, bere gai guztien artean zentraletako bat izan daiteke. Are gehiago, pentsatuko bagenu ea Leteren kantetatik zeintzuk ezagutzen ditugun, asko dira gai horren ingurukoak, Nafarroa arragoa edo Euskal Herri nerea, esaterako. Aberria bere kezka nagusietako bat zen, nola eraiki, nola bizi... Azpimarratu nahi genuena zen, ezinbestean, Lete gure sentitzen dugula. Batzuetan oihuka ari zaigu eta besteetan goxo jartzen da; bere lagunek diote oso hunkibera zela bera, baita erretorikoki oso gizon potentea ere. Baina Lete, bai oihuka ari zaigunean, bai goxo ari zaigunean ere, ezin dugu saihestu gure sentitzea, eta gertutasun hori nabarmendu nahi genuen.

Letek oso ezagutza zabala zuen, asko irakurtzen zuen eta diozun bezala kultur adierazpen herrikoiak goi-mailako kulturarekin uztar-tzeko ahalmena zuen. Zer eragin izan zuen horrek bere poetikan?

–Badago faktore bat Leteren obrara iristea zaildu egiten duena: autodidakta zela. Bide akademiko jakin bat duen autore bat hartzen baduzu, nondik nora doan tankera zuzenago har-tzen diozu. Guk Lete oso hurbilekoa antzematen dugu, baina XX. mendeko egilea da, autodidakta, ikasketa handiegirik gabekoa. Gauza batzuetan oso zaila da bera jarraitzea. Kultura popularra deitzen den horren eta kultura elitistaren arteko zubi lan hori beti eduki zuen. Haurtzarotik herri kulturaren ezaugarri inportanteenak bereganatu zituen, familia euskaldun abertzale batean hazi zen, Oiartzungo Lekuonatarrenean. Tradizio hori beti eraman zuen berarekin. Halere, munduko beste musika iturri batzuetatik ere edan eta ikasi zuen.

Noiz etorri zitzaion musika klasikorako afizioa?

–Azken urteetan asko hurbildu zen musika klasikora. Hor Joanaren jakintzak asko laguntzen digu, mundu hori eta bere zaletasunak ulertzerako orduan. Bere espiritualtasun horretan beste ahots baten bila hasten denean, agertzen da musika klasikorako zaletasuna, Bach bezalako autoreekin. Lekuonataz hitz egiten zuenean, askotan esaten zuen, partikulartasunean dagoela unibertsal izateko modua, eta gaineratzen zuen, jatorriz bizi izan zuen euskalduntasun horretan izan zitekeela bat unibertsala; onartu egin behar genuela, inolaz ere, euskaldun gisa bizitzeak berarekin dakarrela mundua habita-tzeko modu berezi bat, ez beste kulturekin lehiatuz, baizik eta gure kultura besteekin batera uztartuz.

Zeintzuk esango zenuke zirela Leteren poesiaren oinarriak?

–Leterengan interesgarria da, ibilbide bat egiten duela. Pentsa dezagun 1960ko hamarkadaren erdian argitaratzen hasten dela, bai kantagintzan, bai poesian, bai prentsan, bai an-tzerkian, eta ibilbide horrek 2008ra arte iraun zuela. Errezitaldiei dagokienez, 2010ean eman zituen azkenekoak, jendetza izugarriak bilduz; horrek erakusten du zenbateraino kokatu zen Lete herriaren sentsibilitatetik gertu. Ez da inoiz ezagutu poesia errezitaldi batean hainbeste jende bildu duen inor, ez Euskal Herrian ezta Europa mailan ere. Esan bezala, ibilbide horretan Euskal Herriaren pareko prozesu bat darama.

Nolakoa izan zen bilakaera hori?

–Oso gaztaro potentea bizi izan zuen, protesta kantuarena eta poesia sozialarena. Garai horretako kantuak ezagunak ditugu, gitarra joaz eta erdi oihuka. Poesia ere horrelakoa zen, oso indartsua, oso asertiboa eta oso borrokalaria. 1970. hamarkadaren hasieran kokatuz gero, asaldura garaiak ziren eta horrek adierazpen mota desberdin bat dauka bere musikan eta poesian. Tamalez, belaunaldi hori, eta Lete ere tartean, gainbehera etorri zen trantsizioa deitzen den horretan. Letek ere krisi horren lekukotza jaso zuen bere poesian; kantagintzan ez, urte horietan kantagintza utzi egin baitzuen. Horrek erakusten du zer nolako krisia ekarri zien Ez Dok Amairuko kideei eta baita beste kultur esparru batzuetako intelektualei ere.

Zergatik?

–1970. hamarkadaren amaierako eta 1980koaren testuinguruan pentsatu. Gaizki egindako trantsizio halako hori, Gerra Zikinaren kontua, hamarkada horretako ETAren indarkeria oso modu gogorrean bizi izan zuen belaunaldi horrek; eta hori Letek jaso egin zuen, baita hortik ateratzeko saiakerak egin ere. Pentsa dezagun, Laboak, Letek, Artzek –Ez Dok Amairuko jendea aipatzearren–, nola egin zioten aurre 80. hamarkadako egoera horri beste adierazpide batzuekin, beste kantagintza mota batekin, beste poesia batekin... Batzuk ez ziren kantagintzara bueltatu. Itzuli zirenek beste modu batzuk bilatu zituzten, orekatuagoak, nobleagoak; nolabait, argitara bueltatzeko. Letek ere prozesu hori bizi izan zuen krisi horren ondoren. Nola gauzatzen du poetikoki eta musikalki? Sakonera jo beharko genuke horri erantzun bat emateko, baina ibilbide hori oso interesgarria dela uste dut.

Nolakoa izaten ari da Joana Otxoa de Alaizarekin kolaborazioa?

–Plazer hutsa, asko daki eta pasio handiarekin lan egiten du. Aspaldi ari gara Leteri buruz hizketan. Orain, beka honek aukera ematen digu proiektua gorpuzteko. Joana musikari profesionala da eta sentsibilitate poetiko handia du. Musikari bezala, niri ihes egiten zaizkidan klabeak ematen dizkit. Nik Leteren artxiboa ezagutzen dut, zer musika entzuten zuen, zer poeta irakurtzen zituen... Hori badakigu, baina musikariaren perspektiba ezberdina da; entzuteak erakutsi egiten dizu, eta, nolabait, Leteren belarrira iristeko aukera ere badaukagu; Joanaren jakintza lagun, haren sentsibilitate musikalean sar gaitezke. Proiektua Leteren obraren gure interpretazioa izatea nahi dugu, baina beste interpretazio bat ere eman nahiko genioke: ea Letek mundua nola ikusten zuen eta zeintzuk ziren bere interesak. Leteren begirada eta belarria jaso nahiko genituzke gure proiektuan.

Orain proiektua hezurmamitzen hasiko zarete. Abesti edo poesiarik aukeratu duzue jada?

–Ari gara eta denbora badaramagu horretan. Ikasketa prozesu guztietan bezala, bi pauso aurrera ematen dituzunean, bat atzera egin behar. Helburua jakina da: jendeak entzutea, haiek hunkitzea eta zerbait ikas dezatela. Oinarri minimo batzuk baditugu, baina gorpuztu gabe daukagu; hori bai, lanerako gogotsu gaude.

"Abenduan beteko dira hamar urte zendu zenetik eta momentu aproposa izan daiteke elkarrekin Lete gogoratzeko"

"Xabier Lete, bai oihuka ari zaigunean, bai goxo ari zaigunean ere, ezin dugu saihestu gure sentitzea"