ANA ARSUAGA, ARTISTA ETA ABESLARIA

"Taila gainean oso urduri jartzen naiz, baina oso berezia izaten da beti "

Bilboko Anti liburu dendan erretratuz osatutako erakusketa du Ana Arsuagak. Era berean, oholtzara bakarka igotzen da Verde Prato izenpean

23.03.2020 | 20:41
Arsuaga, Bilboko San Frantzisko auzoko estudioan.

Ana Arsuagarekin pinturaz, Verde Pratorekin musikaz. Ana Arsuaga tolosarra orain zazpi urte Bilbora joan zen Arte Ederrak ikastera. San Frantzisko auzoan duen estudioan margotu egiten du eta, noizbehinka, izena aldatu eta musikan ere aritzen da: Serpiente taldean eta Verde Praton, bakarlari. Bilboko ANTI liburu dendan ikusgai duen erakusketaz eta laster kaleratuko duen diskoaz aritu gara berarekin.

Erretratuz osatutako erakusketa duzu ANTI liburu-dendan. Nolakoa da?
Gertuko pertsonen bost erretratu dira, olioz eginda mihise gainean. Batzuk txikiagoak dira, besteak handiagoak, eta gehienak gutxi gorabehera tamaina errealean. Koadro guztietan errepikatzen dena pertsonaiaren indarra da, fondoak ez du ia garrantzirik.

Loreak ere koadro askotan ageri dira.
Egia esan, nahi gabe atera zait horrela. Loreak gustatu egiten zaizkit pintatzeko, koloretsuak eta aberatsak direlako. Erretratu askotan sartzen ditut, kamiseta batean, fondoan, apaingarri bezala€ Kolore urdina ere askotan agertzen da, baina ez da kontzienteki hartutako erabaki bat izan.

Zer dela eta erretratuak?
Normalean ez ditut lanak gaika banatzen, baina erretratuen gaiak zeharo harrapatu ninduen. Erretratuak egiten hasi nintzen, gero historian zehar zelan egin izan diren ikertzen hasi nintzen, eta horrela ibili naiz urte eta erdiz. Erretratuen gaia, muga baino, aitzakia bat izan da, eta hortik puntu narratiboago batera igaro naiz, eszenak egitera. Adibidez, orain Verde Pratoren diskorako art work-a egiten ari naiz eta paisaia eta bodegoia asko lantzen ari naiz. Zentzu horretan nahiko malgua naiz. 

Non eta noiz ikusi daiteke Ikusi nuenian zure bekokia erakusketa?
Martxoa amaiera arte ANTI liburudendan egongo da ikusgarri. Hortik Behe Nafarroako Lekunberrira eramango dut, Espazio B eta B izeneko galeria txiki batera. Donibane Garazi inguruan ere, Bruna Ruiz eta biok erretratuen inguruko erakusketa bat inauguratuko dugu eta ostean Bartzelonara joango gara. Erakusketa horietara erretratu gehienak eraman nahi ditut, etapa hau ixteko. Denak erakutsi eta beste gauza bat egitera pasatu nahi dut.

Zein izan da zure inspirazio iturria?
Erretratuekin hasi nintzenean AlFayuumeko erretratuetan fijatu nintzen. Egipton k.a. I mendetik egiten ziren hileta erretratuak dira, oso bereziak. Denak dira berdinak: pertsona baten aurpegia, margolariari begira eta begiak oso handituta. Pixka bat obsesionatu nintzen taulatxo horiekin. Oso zuzenak dira, sinpleak baina boteretsuak, eta horrek arreta eman zidan.

Zein urrats jarraitzen duzu koadroak egiterakoan?
Pertsona batek erakartzen nauenean nola pintatu nahi dudan pentsatzen hasten naiz. Normalean geldi egotea gustatzen zait, pose klasikoetan. Ideia buruan dudanean argazkiak egiten dizkiot pertsona horri, eta batzuetan baita espazioei ere, fondoa konposatzeko. Gero, argazki horietatik abiatuta margotzen hasten naiz, eta hala da prozesua.

Nondik datorkizu artista sena?
Betidanik erakarri nauen mundua izan da. Amak antzerkia egiten du, osaba margolaria da€ baina ez dut uste horregatik izango denik, ia denok baitugu senideren bat artista dena.

Musikaria ere bazara, nolakoa harremana daukate zure koadroek eta kantek?
Nik ez ditut harremanetan jartzen sortzerako orduan, baina egia da pertsona berdina naizela eta nire interesak islatzen direla halabeharrez. Bi eremuetan gauza sinpleetatik abiatzea gustatzen zait: elementu sinpleak erabiltzen ditut eta horien indarrarekin frogak egiten ditut.

Verde Prato zara bakarka. Nolako musika egiten duzu?
Teklatua, looperra eta nire ahotsa baino ez ditut erabiltzen, oso era sinplean. Estilo aldetik, zaila da sailkatzea. Lehengo batean folk esperimentala egiten nuela irakurri nuen eta uste dut nahiko egokia izan daitekeela termino hori. Iturri tradizionaletatik eta berrietatik edaten saiatzen naiz. 

Esperimentatzea gogoko duzu orduan.
Bai, bide berriak bilatzea eta arriskatzea gustatzen zait. 

Disko batean ari zara lanean. Noiz entzun ahal izango dugu?
Internetera sei abestiko demo bat igo dut, zuzeneko sesio bat. Diskoa grabatu dut dagoeneko eta El Tigre estudioko Jon Agirrezabalaga ari da produkzioarekin eta baseekin laguntzen. Guztira zazpi izango ditu: Interneten dauden bost eta publikatu gabeko bi. Udaberrirako edo uda osterako amaitzen saiatuko gara.

Kanta horiekin istorio bat kontatzen duzu.
Bai, ipuin moduko bat da, ihes egiten duen mutil baten istorioa kontatzen duena, lagun eta senideen ikuspuntutik. Bakoitzak istorioaren zatitxo bat kontatzen du: nola egin duen ihes, zer gertatu den haien artean€ Mutilak bidean neska bat ezagutzen du, eta horregatik Neskaren kanta gaztelaniaz dago. Beste guztiak euskaraz daude.
 

Nolakoa da hizkuntza gutxitu batean estilo marginal batean aritzea?
Oso polita, mundu bat daukazulako deskubritzeko. Hizkuntzak asko aldatzen du nola egiten dituzun letrak, nola abesten duzun€ niretzako oso polita da euskaraz kantatzea. Oso hizkuntza plastikoa iruditzen zait, sonoritate aldetik eta estruktura aldetik oso berezia.
Nola hasi zinen bakarka?
Nik ez nuen bakarka ezer egiteko asmorik, baina kontzertu batzuetarako bakarka zerbait prestatzeko eskatu zidaten eta horrela hasi zen Verde Prato. Hasieran lau abesti egin nituen, letrak idaztean konturatu nintzen gaiak antzekoak zirela: desengainua, desamodioa€ Gero kontzertu gehiagorako deitu ninduten eta konposatzen jarraitzeko hortik jotzea pentsatu nuen, istorio bat kontatzeko.
 
Nolakoa da taula gainera bakarrik igotzea?
Momentuz kontzertu gutxi eman ditut bakarka, hamar bat edo. Oso urduri jartzen naiz, baina aldi berean oso berezia izaten da beti. Zuzenekoetan konexio moduko bat egoten da, zerbait sortzen da publikoarekin batera. Beti izaten da horrela, baina bakarrik egonda eta horren proposamen sinple batekin, are indartsuagoa da sortzen dena.

Zeintzuk dira zure erreferenteak konposatzerako orduan?
Herriko musika oso garrantzitsua da niretzako, ahotsak indar handia daukalako. Gaietan ere asko fijatzen naiz. Baina, orokorrean, estilo askotako musika entzuten dut eta baseetan nabaritzen da: erritmo latinoak erabiltzen ditut (bossa nova, reggaetoia, bachata...), baina baita new gavea eta dark wavea ere, ukitu ilunago batekin. Musika klasikotik ere hartzen ditut ideiak, ahotsengatik.

Taldean, ordea, Serpienten aritzen zara. Nolakoa da?
Hiru kide gara eta denon eraginak nahasten dira. Dark wave eta musika industrialaren eragin handiagoa dauka eta estrukturekin asko esperimentatzen dugu.