Hausnarketari bide emateko antzezlana

'Birritan bortxatua' da Aldatzen Laguntzen antzerki konpainiaren lan berria. Nagore Laffage eta Iruñeko 'La Manada' kasuetan oinarritzen da obra

16.03.2020 | 11:03
Birritan bortxatua.

Bere hamargarren urteurrena ospatzeko, estiloa aldatu eta gai eta historia gogor bat jorratu nahi izan du Aldatzen Laguntzen antzerki konpainiak. Bere laugarren lana, hortaz, drama bat dela azaldu dute kideek, eta bortxaketa bat pairatu duen emakume bat izango da antzerki testu horren protagonista. Emakumeak epaiketa prozesua nola bizi duen erakutsiko du antzezlanak, baita erasoari eta horren ondorio zailei nola egiten dien aurre ere.

Zehazki, Nagore Laffage eta 'La Manada' kasu esanguratsuen epaiketetan oinarrituko da antzezlana. Nagore izeneko biktimaren paperean ipiniko dira aktoreak eta bere hausnarketak, galderak, zalantzak eta beldurrak azalduko dituzte, bortxatua izan zen unetik salaketa jarri, albiste bihurtu, deklarazioak prestatu eta epaia jaso arte.

Konpainiako kide diren Saioa Royo eta Ion Martinezek adierazi dutenez, bi kasu horiekin bereziki azaleratu eta jendarteratu zen eraso matxisten kontrako gizartea, eta jendartearekin batera euren ekarpena egin nahi dutela diote: "Mobilizazio horiek eragin zuzena izan zuten gugan, eta antzerkiak eskaintzen dituen elementu guztien laguntzaz gure harri koxkorra jarri nahi izan dugu antzezlan honekin".

Esaten dutenez, publikoak zuzenean eta gertutik ikusi, entzun eta sentitu ahal izango ditu Nagoreren bizipenak eta buruhausteak, izan ere, antzezlana erdian taularatuko da, eta lau baflez inguratuta egongo da publikoa.

ESZENARATZEA Esan bezala, antzezlanaren formatua lau alboetara begirakoa izango da. Hau da, epaiketa bat irudikatuko dute eta publikoak inguratuko ditu, epaitegian egongo balira bezala. Modu horretan, ikusleak antzerkiaren parte izango dira.

Oro har, publiko helduari zuzendua dago antzezlana, azaldu dutenez: "Fokua umeengan jartzen da askotan, baina umeak hezten dituztenak gurasoak eta gizartea dira. Hortaz, gure ustez, helduak dira bereziki hezi behar direnak, horiek umeak hezterakoan akats berdinak errepika ez ditzaten". Horren harira, Birritan bortxatua lan berri honekin publikoak gaiaren gaineko hausnarketa egitea lortu nahi dutela diote.

Horretarako, ordenagailuko programa konplexu baten bidez, argia eta soinua mando txiki baten arabera egokitu dituzte, eta aktoreak izango dira hori maneiatuko dutenak, beraien hitzetan: "Aurreko antzezlanerako teknikari lanetan ibiltzen den langile bat izan genuen, baina mundu honetako prekarietatea dela eta, gure poltsikotik jarri behar genuen berari ordaintzeko. Oraingoan guk geuk maneiatuko ditugu argia eta soinua mando baten bidez, eta emaitza bikaina da". Izan ere, antzerkitik bizi ez arren, antzerkiari ordu asko ematen dizkiote Aldatzen Laguntzen konpainiako kideek.

GIZARTEA ALDATZEA HELBURU Hamar urteko ibilbidea bete du aurten Aldatzen Laguntzen antzerki konpainiak. Saioa Royo eta Ion Martinez dira proiektuaren buru, eta bien arteko ideia, galdera eta egonezinetik abiatzen da egiten duten sorkuntza lana.

Zehazki, 2002an hasi zen Martinez komiko lanetan, eta umorezko elkarrizketak egiten jarraitzen du gaur egun, Euskal Herriko hamaika herri eta auzotan. Bere ezagutzak zabaltzeko, hainbat ikastaro egin ditu: Usurbilgo antzerki ikastaroak, Aulestiko ADEL tailerrak, aktore zuzendaritza ikastaroa Javi Redondorekin eta dokumental ikastaroa Jon Garañorekin, besteak beste. Saioa Royori dagokionez, 2011n hasi zen taldean lanean. Donostiako Arte Eszenikoen Tailerra eta Euskal Herriko Unibertsitateko Antzerki eta Arte Eszenikoko ikasketak burutu ditu. Horrez gain, antzerki ikastaro intentsiboa egin zuen Bielorrusian. Gaur egun, Donostiako Teatro Estudioarekin egiten du lan, Von Conspiracy taldearekin irrati-antzerkian eta RNEko La Sala programan.

Hamar urteko ibilbidean 100 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte, eta hiru antzezlan taularatu: 2010-2011n Oteitza =/= Gizartea (18 emanaldi), 2011-2013an Ispilua (50 emanaldi), eta 2014-2016an Amets zirkoa salgai (43 emanaldi). Otsailaren 22an aurkeztu zuten laugarrena, Birritan bortxatua, alegia. Horrez gain, Ion Martinez "Txikik" 400 emanaldi baino gehiago eskaini ditu umorezko bakarrizketak egiten.

Diotenez, gizartea aldatzea da konpainiak duen helburu nagusia: "Oteizak zioen bezala, artearen sorkuntzaz gizartea aldatzea edo pentsarazteko zerbait eskaintzea da gure xedea". Horretan saiatu dira euren lan berriarekin.