donostia - Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 745.000 euro bideratuko ditu aurten arte plastiko eta ikusizkoen eta ikus-entzunezko proiektuen garapena diruz laguntzera.
Alde batetik, 445.000 euro bideratuko ditu arte plastikoak eta ikusizkoak sustatu eta garatzera, hiru modalitateren bitartez. Lehenengoak, sustapen eta hedapen modalitateak, 55.000 euroko aurrekontua izango du; bigarrenak, argitalpenenak, 121.000 euroko aurrekontua izango du, eta, azkenik, sorkuntza-produkziora 269.000 euroko laguntza bideratuko du. Iaz, 64 ekimen diruz lagundu ziren deialdi horren bidez.
Bestetik, ikus-entzunezko proiektuen garapena diruz lagun-tzeko 300.000 euroko diru partida onartu du. Hala, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren deialdi honen helburua da 2020an eta 2021ean garatuko diren ekoizpenen "prestaketa eta diseinua bultzatzea, produkzio-fasearen aurreko eragiketetan arreta jarriz".
Iaz, deialdi horren bidez 16 proiektu lagundu ziren, eta 11.784 eta 22.380 euro arteko dirulagun-tzak bideratu ziren horietara. Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezkoen sektoreari zuzendutako dirulaguntzek sormen-prozesu osoa hartzen dute: gidoien sormena, ikus-entzunezkoen ekoizpena eta, hirugarrenik, proiektuen garapena. Urtero hiru dirulaguntza lerro jartzen ditu abian eta horietako bat da atzo onartutakoa.