Gaur 2020ko 33. eguna da. Urtea amaitzeko, aldiz, 333 egun falta dira. Are gehiago, egungo data zifraz idatziko bagenu, hauxe litzateke emaitza: 2020/02/02. Eta zer ikusiko genuke ispilu batean islatuko bagenu? Bada, 20/20/0202. Egun biribila da gaurkoa, kapikua. Bitxikeria honen bueltan, San Telmo jolastoki moduko bat izango da gaur goizean, nola ez, 12.21ean hasiko dena. Bigara kolektibo artistikoaren eskutik, museora bertaratzen direnek altxorraren bilaketa batean parte har-tzeko aukera izango dute; hamaika (11) abereren pista-jolas batean, hobe esanda.

Itziar Aranburu eta Jon Ander Garcia dira Bigara bikote sortzailearen bi hankak eta aste honetan bertan, gaurko egunaren berezitasunaren jakitun, Pamiela argitaletxearekin batera Abere ba aurkeztu dute, aurretik atzera eta atzetik aurrera irakurri daitekeen "palindromo ilustratuen piztegia". Baina, zer da palindromo bat? Ba, eskuinetik ezkerrera eta ezkerretik eskuinera berdin irakur daitekeen hitza edo esaldia, Euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera. Ama, arra, eme, zurrumurruz, aisia... Badirudi, euskarak baduela adibide andana, baita abereen munduan ere. Hain zuzen ere, hizkuntzak eskaintzen dituen errefrakzio aukerengatik liluraturik, eta sortzaile bezala "palindromo bisualak, irudi ispilatuak" landu ondoren, Aranburuk eta Garciak orain dela hiru urte ekin zioten, euskarazko animalien izenetatik abiatuz, hitz eta letrekin "esperimentatu" eta Abere ba sortzeari. Koadernoak bete palindromo ditu bikoteak eta hiru urteen ostean idatzitakoetatik 101 hitz-joko hautatu dituzte, horien artean, apo zopa, kastore herotsak, ostruka kurtso, otso hosto edota ele bele.

Liburu honetan "etxekotuak ditugun animaliak" jaso dira, baita "exotikoak izan daitezkeenak, baina gure irudimenaren barruan nahiko presente daudenak". Abere hauek ez dira bakarrik hizkiz irudikatzen, irudiak ere badu, noski, bere garrantzia. Bikoteak abere bakoitzaren letra batetik abiatuz eta "errekurtso minimoekin" animalia bera diseinatu du.

Badago, gainera, liburua piztegi bihurtzen duen elementu bat. Abere bakoitzari definizio "fantastiko edo jostari" batek laguntzen dio, tarteka palindromoa ere badena. Aker orekaren hirugarren adierak horrela dio: akerren erreka, adarreko akerra barreka okerra da. Palindromoak "hizkuntzan bertan dauden ausazko jolasak dira".

Aranburuk ahora dakar Lo karakol: "Barraskiloa da proportzioan lo gehien egiten duen animalia. Kasualitatea ote?". Beste eredu bat 101 animalien artean, Kamelido dilemak: "Beti duda egiten dugu, zein da konkor bakarra duena, gamelua edo dromedarioa?". "Iruditzen zitzaigun bazegoela lotura azkar bat, erraz agertzen zena; eta oso polita iruditzen zitzaigun", dio Aranburuk, gerora azaltzeko "piztegiak ideiak pizten dituela" eta, ziurrenik, irakurleari, Abere ba eskuetan duela, beste palindromo batzuk ere otuko zaizkiola.

Aurrera egin ahala, "geruzak" gehitzen joan ziren, piztiek ipuin edo atsotitzetan zer leku duten jasoz. Autore askoren "oihartzuna" antzeman daiteke bestiarium zaharren "parodia" honetan. Hotsekin ere jolastu dute: "Palindromoak poten-tzialitate handia du hotsean. Simetria bisuala da, baina hotsezko simetria oso eder bat ere badago", dio Aranburuk.

Hautaketa egiterako garaian zenbait konposizio kanpoan geratu direla ere aitortu dute; beste animali ba-tzuekin, hartzarekin, esaterako, ezinean ibili dira Garcia eta Aranburu: Hartzak "ez du alderantzikatzeko aukerarik ematen".

EDIZIOA Palindromoak bezala, piztegi hau ere aurretik atzera eta atzetik aurrera irakur daiteke. Bina azal (gogorra), bina aurkibide edo okerbide (a hizkitik z letrara eta z letratik a hizkira) eta bina hitzaurre edo hitzatze, "abere artearen manifestu" modukoekin batera; eta, aldi berean, euskaraz inoiz idatzi diren palindromo luzeenak.

Edizio oso "zaindua" egin du Pamiela argitaletxeak, "proiektuan berehala sinetsi" zuen eta. "Momentu oro prest egon dira liburu eder bat ateratzeko. Guk ere, liburua, objektu bezala oso zaindua izatea nahi genuen", azaldu du Garciak.

AURREKARIAK Aranburuk eta Garciak euskarazko palindromoak gutxi landu direla azaldu dute, halere, badira aurrekari batzuk. 1923an, esaterako, Kirikiño idazle bizkaitarrak palindromorik luzeenaren bila lehiaketa deitu zuen Euzkadi egunkarian (Txadin ezizeneko neska bat izan garaile).

Bikoteak, aldiz, Markos Gimeno zenaren figura aldarrikatu nahi izan du. Ermuarrak palindromo-ariketak egiten zituen zerojasoa.com webgunean. Hieroglifiko moduko ariketak asma-tzen zituen Gimenok eta haien emaitzak palindromoak izaten ziren. Ez hori bakarrik, liburu bat ere argitaratu zuen 2014an: 131 AZA Palindromo ariketak. "Esanik erruz egi bat eta bi gezurrekin ase izango da bere palindromorik ezagunena", gogoratu du Aranburuk.

Piztegia lantzeko garaian, Bigarako kideek Gimenorekin biltzeko intentzioa bazuten, baina ezinezkoa izan zen, 2018ko abenduaren 7an zendu baitzen. Bere heriotzatik 404 egun pasa zirenean, hau da, pasa den urtarrilaren 15ean, Ermuko Lobaino aretoan 404 días sin Markos Gimeno Vesga erakusketa inauguratu zuten Gimenoren senide eta hurbileko lagunek. Beste keinu palindromiko bat emateko asmoarekin, Ermuko erakusketaren azken eguna gaur izango da, San Telmon Hamaika abere kapikua pista-jolasa inauguratuko den egun berean.

san telmo Euskara ibiltariaren baitan kokatzen da Hamaika abere kapikua, San Telmoko gaurko jolasa. Parte hartzaileek erakusketa iraunkorrean ezkutatuta dauden zurezko hamaika abere aurkitu beharko dituzte. Abere ba liburutik ateratako pieza hauek ere hilaren azken egunera arte ikusgai egongo dira.

Gainera, hilaren 12an Abere ba. Aber ba helduentzako tailerra eskainiko dute museoan bertan, eta aurrerago, erakusketa eta irakurketa musikatuak ere egingo dituzte. l