donostia - Euskara indarberritzen jarraitzeko bide berriak aztertzen ditu Sabino Arana Fundazioak argitaratzen duen Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren azken zenbakiak. Izan ere, aldizkariaren arduradunen arabera, “gero eta jende gehiagok uste du XX. mendean hartutako irizpideak garai berrietara egokitu behar direla eta euskara etorkizuneko premiekin bat etorriz sustatu behar dela, jakintza edo ezagutzatik erabilerarako jauzia emanda”.

Horrela, aldizkariaren 63. zenbakian, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta euskal kulturaren arloko ordezkari esanguratsuek, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hizkuntza politiken arduradun, soziolinguista eta bestek, “euskara hainbat ikuspegitik biziberritzeko jorratu behar ditugun bide berriak aztertu dituzte”, diote Hermeseko arduradunek. Hain zuzen, Euskaltzaindiarekin elkarlanean joan den uztailean antolatutako mintegiaren emaitza da aldizkariaren edukia.

Hala, hizkuntzaren aldeko politiken gizarte babesari eutsi, hura zaindu eta bultzatzeko aldarria egiten du Zupiriak, horiek “lehentasunezko-tzat eta ezinbestekotzat” joz. Hala ere, kexaz mintzatzen da, “oraindik ere euskararen inguruko eztabaidak interesik ez duelako pizten erabilera normalizatuarekin engaiaturik dagoen esparrutik kanpo”.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaz gain, Erramun Osa, Euskaltzaindiako idazkariordeak; Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak; Joseba Lozano, Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak; Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko buruak; Josu Waliño, PuntuEus Fundazioko presidenteak; Jon Zarate, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara eta Etengabeko Prestakuntzako errektoreordeak; Itziar Nogeras kulturgileak; Mertxe Mugika, AEKko koordina-tzaile nagusi ohiak, eta J. Iñaki Etxezarreta Arizmendi ikastolako zuzendariak parte hartu dute aldizkariaren azken zenbakian. Horrez gain, Francesc-Marc Alvaro kazetari, idazle eta irakaslearekin elkarrizketa dakar Hermes aldizkariak. - N.G.