donostia - Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 811.800 euro bideratu zituen 2019an literaturaren eta liburugintzaren sektoreko 49 proiektu laguntzeko. Hala, diru kopuru hori esleitu zuen abian jarritako sei laguntza modalitateen bidez.

Izan ere, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sei dirulaguntza lerro jartzen ditu abian urtero, hiru deialdiren bidez, modu horretan, literatura eta liburuen argitalpena laguntzeko. Alde batetik, Kultur Sormena bultzatzeko dirulaguntza deialdia eskaintzen da, kultur sektore ezberdinak hartzen dituena eta guztira, zazpi modalitatez osatuta dagoena. Horietako bi literaturarekin lotuta daude: lehenengoa, Gazteei zuzendutako euskarazko literatura testuak sortzea eta bigarrena bere aldetik, Euskarazko ipuinak eta eleberri laburrak sortzea.

Lehenengoarentzat, 8.000 euroko bost dirulaguntza eman ziren 2019an (40.000 euro guztira). Era berean, euskarazko ipuin eta eleberri laburrak sortzen laguntzeko modalitatearen bidez, beste bost lan lagundu ziren.

Horrez gain, argitaletxe enpresei zuzendutako laguntza ere ematen du Eusko Jaurlaritzak, eta, horiei esker, guztira 477 liburu argitaratuko dituzte. Euskarazko zein gaztelaniazko literatura-ekoizpen editoriala sustatzeko bideratuta dago. Hala, euskarazko ediziorako laguntzen bidez, 1.406 eta 173.234 euro arteko 18 dirulaguntza eman ziren (guztira, 511.800 euro). Horietatik, dirulaguntza handienak Elkar, Pamiela eta Erein argitaletxeentzat izan ziren. Beste alde batetik, gaztelaniazko ediziorako dirulaguntzen modalitatearen bidez, 2019an guztira 14 dirulaguntza eman ziren, 393 eta 50.286 euro artekoak (guztira, 115.000 euro). Astisendo Grupo Editorial, Elkar eta Erein izan ziren onuradun nagusiak.

Azkenik, Irudi Sorkuntza susta-tzeko dirulaguntzak ere esleitzen ditu Eusko Jaurlaritzak 2017tik. Guztira, bi modalitate ditu: Komikiak eta eleberri grafikoak eta beste alde batetik, Album ilustratuak. Lehenengoaren bidez, 15.000 euroko lau laguntza eman ziren (60.000 euro, guztira), eta horien bidez Higinia Garay, Alejandro Macho, Iñaki Martiarena eta Iñaki Martinezen azken proiektuak lagundu ziren.

Beste alde batetik, album ilustratuak egiteko modalitatearen bidez, hiru proiektu lagundu ziren, bakoitzarentzat 15.000 euroko dirulaguntza emanez. Onuradunak Itziar Aranburu, Ane Arzelus eta Eider Eibar izan ziren. - N.G.