Lasarte-Oria - Haur eta gurasoez toperaino beteta zegoen atzo Lasarte-Oriako Jalgi kafe-antzokia. Arrazoia, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek bere lan berria, Bizi Dantza, disko-liburua aurkeztu zuten.

Pailazoek euskal dantzen tradizioari begiratu die oraingoan: ohorezko kontrapasa, kalejira, martxa, txapeloaz, dantza jauzia, katadera edo aulki dantza, Xan Petrike dantza, esku dantza, fandangoa, banangoa,? Guztira, doinu eta letra berriekin hamahiru dantza tradizional jaso-tzen ditu disko berriak. Bestalde, dantzak ez diren baino dantzatzeko balio duten beste doinu eta musika atseginak ere daude bertan.

Izan ere, Bizi Dantza diskoarekin batera, Irri Dantza diskoa doa opari, pailazoen hamahiru abesti gehiagorekin eta lagun esanguratsuekin grabatutako Irri Irratiko hamahiru pasarte alairekin.

Joxe Mari Agirretxek Porrotxek lan berri honen ideia Errenteriako Ereintza dantza taldeko Vanesa Castañok eta Jon Maya dantzariek aurkeztu ziotela gogorazi zuen.

“Material erakargarri bat sortzeko beharra ikusi genuen gero dantzak klaseetan erakusteko eta euskal dantzaz disfrutatzeko eta zabaltzeko era desberdin batean”, esan zuen Castañok. “Orduan pentsatu genuen hainbeste familietara iristen diren Pirritx, Porrotx eta Mari Motots helburu honetara animatzea, eta pozik gaude egin dugun lanarekin, xumea da, baina pozik nago”, azaldu zuen dantzariak.

“Tradiziotik edan dugu eskaintza berri bat egiteko”, laburbildu zuen Porrotxek.

Baina, lagun gehiagok ere parte hartu dute proiektuan. Leire Bilbao idazle eta poeta bizkaitarrak sortu ditu propio proiektu honetarako doinuen hitzak, pailazo taldearekin elkarlanean.

Xabier Zabalak konposatu ditu doinu berriak. Jatorrizko dantzetako doinuak hartu eta moldatzeko lana egin du. “Oso barneratuta ditugun dantza eta doinu horiei musika berri bat ipintzea gero naturaltasunez dantzatu ahal izateko erronka handia izan da niretzat”, aitortu zuen Zabalak.

Maite Mutuberriak egin ditu disko-liburuko ilustrazioak. Bere bigarren lana izan da Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin. Fabulaz baliatu da horretarako eta orri guztiek lotura bat dute, dantza bat beste baten atzean dantzatuko bailuketen.

Lan honetako kantuak Idiazabalgo eta Ordiziako haurrek abestu dituzte Garate estudioan, Kaki Arkarazorekin.

Gaur ikuskizun berriaren estreinaldia izango da Eskoriatzan. Datozen emanaldien egutegia katxiporreta.eus webgunean ikus daiteke. - A. Muga