Ton tin ton tan, Tin ton tan tin….TLON, TLON, TLON… hamaika aldiz zabaldu du lau haizetara bere dardarizo soinua Ben morroskoak. Londrestar ba-tzuk berandu doazela ohartu dira, gehienak aldiz garaiz doazela berretsi ahal izan dute, eskumuturreko erloju garestiari edo ziurrenik smartphoneari begiratu bat emateko beharrik izan gabe. Big Ben-a erritmoa zehazten die inguruan dabiltzan guztiei duela 160 urtetik hona, eta hala izan da gure ontziko kapitainarentzat, kanpai hotsak entzutearekin bat lema alde batera bira arazteko unea iritsi zaiola jakin baitu.
Korrontearen kontra goaz nahiz eta ibaian behera joan, Londreseraino iristen baitira Ipar Itsasoko mareak Tamesis ibaian zehar. Ur lerro zabal honek Londres hiriaren arteria nagusia izan da mendeetan zehar, eta bere kokapenaren eta handitasunaren arrazoi nagusia izan da. Gaur egun merkataritza kontuak iraganeko istorioetan geratu badira ere, hiria uler-tzeko pasabide ezinbestekoa da.
Westminster Pier-etik abiatuta, burua alde batera eta bestera biratuta Londreseko bi ikur ikonikoenak topatu ditugu. Bata, klasikoa deitu genezakeena, Westminster jauregia eta bere erloju-dorrea da, Big Ben ezizenaz ezagunagoa dena (teknikoki Big Ben kanpai handiaren izena da. Bestea, aldiz, 2000. urteari ongi etorria emate aldera hiriak sortu zuen ikur moderno berria da: London Eye noria erraldoia.
Kolore arrea du urak, halako metropoli handi baten erdian egonda, ezin besterik espero. Dena dela, ura dela esan daiteke behintzat, eta ez da gutxi. Izan ere, garai benetan makurrak bizi izan ditu ibaiak. Tamesisen txakalaldiaren puntu gorena, giza eta industriaren zabortegi mugikorra bihurtuta, 1858ko udan izan zen. Great Sting bezala ezaguna den gertakarian (Kirats handia) hainbestekoa zen usain nazkagarria, non hiriaren funtzionamendua eten egin baitzen. Gorabehera horrek Londreseko estolderia erraldoia eraikitzeko bulkada eman bazuen ere, ibaiak beste gainbehera handia izan zuen pasa den mendeko 60. hamarkadan, Tamesis biologikoki hiltzat jotzeraino. Gaur egun, bizia bueltan omen dago.
Londreseko portua, hiriaren ibai ertz ia guztia hartzen zuena, munduko portu handienetakoa izan zen Erdi Arotik aurrera. Merkataritza kontrolatzeko dorre ezberdinak eraiki izan ziren, Tower of London ezaguna besteak beste. Tower Bridge zubi ikusgarria, hiriko beste ikurretako bat, on-tzien joan etorria ahalbidetzeko eraikin zuten mekanismo altxagarriarekin.
Asko aldatu da Londres munduko merkataritzaren zilborra zenetik, baina gure ontzia ibaian behera doan honetan, irudi zaharren ukitu bat hartzen du paisaiak. Adreiluzko eraikin handiek ezin diete iraganeko kontuei muzin egin, nahiz eta gaur egun luxuzko pisu eta bulego bihurtu diren horietako asko. Salgaien deskargarako egindako kaiak ziren, bakoitza bere merkantzietara bideratua. Eskuineko ertzean agertu zaigun Butler’s Wharf eraikina esaterako munduko gauzarik British-enean bilakatu zen jaun eta jabe, te hostoen inportazioan.
Aurrera eginez, ibaia eta hiriaren aspaldiko erlazioa geroz eta nabariagoa da; han hemenka kai zaharrak, abandonatutako dartsenak eta esklusa ilunak agertzen baitira begirada ertzetara zorroztuz gero. Bat-batean beirazko etxe orratz multzoa. London Docklands ingurunea da, garai batean Mendebaldeko India Britanikoetatik ekarririko produktuak lurreratzeko kai erraldoiak kokatzen ziren lekua.
Gure ontzia kolpe txiki bat emanaz hurreratu da ibaiaren eskuinaldeko nasara. Greenwich udalerrian gaude. Cutty Sark belaontzi ederraren hiru mastek ongi etorria eman digute, justu National Maritime Museum-aren kanpoaldean. Belaontzi hau ospetsua izan zen bere garaian, hasieran tea eta gero artilea Txinatik eta Australiatik ekartzen munduko azkarrena zelako. Lurrunon-tziak iritsi ziren gero, eta garai loria-tsuen hasperenean hondoratu zen.
Zelai zabaleko parke berde batean dagoen muino batera igo gara, xumea itxuraz, munduaren erdigunea dela apaltasunez eramaten duena. Greenwicheko Errege Behatokian gaude. Leku honetan bertan urteetan aritu ziren itsas nabigazioaren arazo handienetako bati konponbidea eman nahian: latitudea nola zehaztu itsaso zabalean. Asko. Baina, asko laburtuz, hiru gauza behar ziren: izarren kokapenak zehaztea, ordulari zehatzak eraiki-tzea eta erreferentzia bat erabaki-tzea. Azken hau Greenwich meridianoa bilakatu zen, lurrean letoizko lerro batekin irudikatuta dagoena eta milioika turista bezala gogotsu zapaltzen ari garena.
Laburpena denez, esan den-dena lortu zutela, baina azkenik Tamesis ibaian zehar euren ontziak porturatuta zituzten kapitainei ordu zeha-tza ematea falta zitzaiela. Horretarako, behatokiaren gainean bola handi bat jarri zuten, ordu bata bost gutxiagotan erdibidera igotzen dena, gaur egun inguruko turista gehienen atentzioa erakarriz. Bi gutxiagotan goraino doa bola, denek sakelakoak prest izateko seinalea, eta bola jaistean ordu bata puntu-puntuan da: It is one o’clock!