Goiatz Labandibar oiartzuarrak 'Hori zen dena' aurkeztu du
Donostia - Hori zen dena narrazio bildumak, Alberdania argitaletxearen eskutik, 16 ipuin biltzen ditu. “16 narrazio hauek elkarrekin lotzen dituen haria harremanak dira” adierazi zuen idazleak.
“Harremanak ez dira dena arrosa, baina ez dira hain konplikatuak ere. Askoz errazagoak dira, guk konplikatzen ditugu”, esan zuen. Eta gogoeta honetatik dator kazetari honen hirugarren liburuaren izenburua: “Hori zen dena izenburuak ongi laburtzen du narrazio hauen funtsa: esan nahi eta esaten ez diren gauzak, esatera ausartzen ez direnak... eta behin esan ondoren, misterioa galtzen dutenak”.
Istorio hauek idazterakoan, dramatik ihes egin duela aitortu zuen Labandibarrek. “Askotan esaten didate nire bukaerak tristeak direla, baina nik ez dut konpartitzen, ez dudalako uste bukaera zorion-tsu bakar bat dagoenik”, argudiatu zuen.
Azken hiru urteetako lanaren emaitza da Labandibarren liburu hau eta erregistro aldaketa bat dakar, aurreko lanen aldean: “Alde batetik konturatzen ari naiz geroz eta laburrago idazten dudala, apainketarik ez dut erabiltzen”. Bere azkeneko lan honetan ez du deskribapenetan hitzik galdu, inporta zaiona pertsonaiak zer ari den sentitzen eta bizitzen delako.
Aldi berean, azkeneko liburu hau garaikidea dela aipatu zuen idazleak, gaur eta hemen gertatzen direlako istorioak. Honela, irakurleari pertsonaiekin identifikatzea errazago gertatuko zaiola pentsa-tzen du.
Labandibarrekin batera Alberdaniako editoreak, Jorge Giménez Bechek, parte hartu zuen aurkezpenean. Azkeneko honek egile gazteak “umore sotil bat” erabiltzen duela azaldu zuen. “Eraginkortasuna da Goiatzen ezaugarri literario nagusietariko bat. Maisuki darabil literatur hizkera itxuraz xaloa, baina benetan landua, ez irakurlea txunditzeko, bai ordea, irakurlearen arreta indar handiz erakartzeko”, ziurtatu zuen.
Azken finean, “obra honek senezko kontalari baten ekoizpen umotua dakar, heldutasun literarioaren adierazgarri”, laburbildu zuen Giménezek.