sara - Lapurdiko herrian 70 aktore eta teknikarik Pablo Agüero zine zuzendari argentinarra buru dutela ‘Akelarre’ filma grabatzen ari dira. XVII. mende hasieran Pierre de Lancre Bordeleko epaileak burutu zituen emakumeen aurkako epaiketak eta horien ondorioz izan ziren hilketak gogoratzen dituzte Akelarre filmean.
“Sorginkeriaz akusatu zituzten, benetako injustizia eta jazarpena jasan zuten. Senarrak itsasora edo lanera joaten zirelarik emakumeak beren artean konpontzen ziren eta batzuen arabera bizimodu arraroa zuten, baina ez ziren gaizkileak”, gogoratu du zine zuzendariak. “Egia da lan asko egin dela historiako atal honi buruz baina orain arte ia beti Pierre de Lancren ideien aldekoak izan dira. Epaitutako emakumeak edo beren ingurukoak susmagarritzat erakutsi izan dituzte”, Agüeroren arabera. Aldi honetan ez dela horrelakorik gertatuko aurreratu du hegoamerikarrak.
Akelarre filmaren grabaketa maia-tzaren 6an hasi zuten Lagako hondar-tzan, Ibarrangelun (Bizkaia). Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian ere lan egin dute Urbasako mendietan, besteak beste. “Gauez lan egiten dugu bertako oihan eta harkaitzek giro berezia sortzen dutelako”, azaldu du zuzendariak. Euria egiten duelarik barneko eszenak grabatzen dituzte Lesakan, Boienea etxean, eta eguzkia jaun eta jabe delarik, kanpoko sekuen-tziekin ari dira Saran, Lizuniagako leporantz eta Bera aldera doan bide ondoan dagoen 1685ko Haranburua baserri ikusgarrian: Nafarroa Garaia eta Lapurdiko arkitektura nahasten dituen ez ohiko etxea da.
Bazter berdeen erdian eta Larrun menditik hurbil dagoen hiru solairuko eraikin handiaren aurrean plazatxo bat dago beste hiru etxeekin eta bertara sartzeko arku baten azpitik igaro behar dute aktore eta figuranteek. “Inkisizioa, kontrabandoa, nazien okupazioa, denetik gertatu da hemen eta baserriko hormek hitz egingo balute pelikula asko egiteko ideiak agertuko lirateke”, esan du Agüerok.
Ez da Haranburua pantaila handian agertzen den lehen aldia, 2014ean El santuario ETAri buruzko film luzea ere bertan grabatu baitzuten. Aldi honetan armarik ez dago, azoka handi bat baizik. Garaiko jantziak dauzkaten aktore eta figuranteak pentze batetik datoz. Euskaraz ari direla, gabonetako jaiotza baten itxura duen azokara sartzen dira. Detaile guztiak zaindu dituzte bertan daudelako mota guztietako erakusmahaiak, gazta, arrain edo eltzeekin, eta bizirik dauden abereak, tartean, astoak, ahun-tzak, txerriak eta oiloak. Mugimendu guzti horien ondoan eta ikusentzuneko teknikarien artean makillaje eta jantziez arduratzen diren profesionalak erne dabiltza aktoreei begirik kendu gabe eta detaile guztiak zainduz.
Protagonistak Gaztelaniaz graba-tzen duten pelikulan euskarazko hainbat esaldi entzuteko aukera izango da egileek tokiko eta garaiko errealitatea islatzeko asmoa dute eta. Bi sekuen-tzien artean, Amaia Aberasturi aktoreak aitortu du pozik dagoela Akelarreren moduko proiektu batean parte hartzeagatik. “Orduko injustizia salatzeaz gain, emakumeen aldeko mezu unibertsala” hedatu nahi dutela dio 22 urteko antzezleak. Arteagako artistak Vitoria 3 de marzo, Zigor-tzaileak eta Umezurtzak filmetan ere hartu du parte.
Bartzelonatik Sarara etorri da Alex Brendemühl aktorea ere, bigarren protagonista. “Historiaren atal odoltsua ez nuen ezagutzen, baina txunditu nau, benetako erokeria gertatu baitzen hemen”, esan du katalanak. Orduko gertaerak gaur egun etnien edo talde txikien aurka dagoen jazarpenarekin alderatu ditu Brendemühlek.
Inguruan figurante asko dabil, tartean, Kontxi. Allí abajo eta Aupa Etxebesten agertu da jada donostiar hau baina orain poz-pozik dago Euskal Herriko historia jorratzen dutelako. “Injustizia ikaragarria jasan zuten orduko emankumeek, ez ziren errudunak”, bota du. “Langabezian nagoenez, agentzia batean eman nuen izena eta jada laugarren eguna da jarraian deitu nautela”. Kontxiren moduan, hamarnaka antzezle ari dira lanean Saran: umeak, helduak eta besorik ez duen gizon bat ere. Quasimodo ezizena jarri diote zenbait ikuslek. “Mission Pays Basque komedia grabatu zuten Saran duela bi urte, baina Akelarre askoz ikusgarriagoa da 1609ko epaiketak gogora ekartzen dituelako”, aipatu du grabaketa ikustera joandako saratar batek.
Euskal Herri osoko ekoizleek bat egin dutela proiektuarekin nabarmendu du La Fidèle ekoiztetxeko Jokin Etxeberriak. Lehen fikzio luzea da telebista eta irratian eskarmentu handia duen profesionalarentzat.
Akelarre filmaren grabaketak ekainaren 22a arte iraunen du eta estreinaldia urtea bukatu baino lehen egin nahiko lukete. Zinemaldian aurkeztearekin amets egiten dute egileek.