Asier Zaldua

Ezkio-Itsaso oso herri barreiatua da eta topagune nagusietako bat Santa Lutzi auzoko Topa taberna da. Izan ere, eskola eraikin berean dago, errepide ondoan dago eta herriko auzo populatuenean kokatua dago. Topa, taberna izateaz gain, jatetxea eta denda ere bada. Baita herriko ikastetxeko jangela ere. Bertako nagusia Margari Arruti Ibarguren ostalari zizurkildarra da.

Arrutik ostalaritzan lan egin du beti. “14 urterekin Aiako Errota jatetxean hasi nintzen, osaba-izebekin. Ondoren, Asteasuko Olentzo jatetxean eta Idiazabalgo Zepai jatetxean lan egin nuen”. Arrutiren bikotea ezkiotarra da eta 2002an Ezkiora etorri zen bizitzera, senarraren Agerre Haundia baserrira. Egun, bertatik oso gertu bizi da: Zumarragako lurretan dagoen Bustintza baserrian. Urola Garaian ere ostalaritzan lan egin du beti. “Seme zaharrenak lau hilabete zituenean, Urretxuko Apain jatetxea alokairuan zegoela ikusi nuen eta hartu egin nuen. 16 urte egin nituen bertan”, azaldu du zizurkildarrak.

Duela sei urte Ezkio-Itsasoko Topa hartu zuen. “Hemen udaletxea zegoen lehen. Udaletxea tokiz aldatu zuten eta eskola eta taberna egin zituzten. Nire aurretik bi pertsona egon ziren tabernan”.

Arrutik egonkortasuna eman dio Topari. “Jendeak Topa hartzeko esaten zidan, baina nik Urretxuko Apain jatetxean nahikoa nuela esaten nien. Topan lan egin zuen bigarrenak taberna utzi zuenean, hartzea erabaki zuen. Izan ere, tokia asko gustatzen zitzaidan”. 

Topa herriko taberna dela dio. “Oso gustura nago hemen. Egunero etortzen diren bezero asko ditut eta eskolak ere bizia ematen dio Topari. Goizero eta arratsaldero guraso asko etortzen dira. Eskola garaitik kanpo, zerbait falta zaigula iruditzen zaigu. Haurren falta somatzen dugu”.

Topa, taberna eta jatetxea izateaz gain, eskolako jangela da. Arrutik eta bere lau lankideek prestatzen dute haurren bazkaria. 30 bat bazkari prestatzen dituzte egunero. Denda txiki bat ere badute. “Denetik saltzen dugu. Ez da eguneroko erosketak egiteko toki bat, erosketa handia egin dugunean ahaztu duguna edo bukatu zaiguna erosteko tokia baizik. Bertako produktuak ere saltzen ditugu: Berroeta baserriko ogia eta gazta, eztia, babarrunak, tomatea...”.

Esker oneko taberna dela dio. “Oso giro polita dugu. Ostalaritza beti gustatu zait. Ama ere horretan ibili da eta nik, umea nintzenean, handitan ostalaria izan nahi nuela esaten nuen. Gainera, Topa asko gustatzen zait. Topa hartu nuenean, Urretxuko Apain jatetxearen ardura ere banuen. Baina gehiegi zen. Hobe da bat ondo zaindu bi gaizki baino. Gainera, Topan beste giro bat dago: tokia, auzoa, paisaia... Pandemian bi tabernak itxi behar izan nituen eta oso bolada txarra pasa nuen. Herriak Topan denda irekitzea proposatu zidan. Bi ordutako lana izango zela uste genuen eta zortzi ordu ematen nituen. Salbazioa izan zen. Sekulako jende ilarak izaten nituen”.

Egun ere bezero asko ditu. “Bertakoez gain, hemengo enpresetara datozenak eta bertatik pasatzen direnak ere etortzen dira Topara. Apain jatetxeko bezeroak zirenak ere etortzen dira. Izan ere, 16 urte eman nituen Apainen eta hemen han bezala lan egiten dut”.