Iñaki Mendiguren ezkiotarrak eta Sarah Turtle ingelesak Bilboko eliza protestante batean ezagutu zuten elkar. Mendigurenek ingelesa ikasi zuen eta Turtlek euskara. Itzultzaileak dira. Mendigurenek Harry Potterren liburu guztiak euskarara itzuli ditu eta biek Euskadi Saria irabazi zuten 2013an Tom Sawyer-en abenturak euskarara itzultzeagatik.

Turtle Ingalaterrako Croydon herrian jaio zen, 1952an. “Londreseko zati bat da. Londreseko lehen aireportua bertan zegoelako izan zen ezaguna”. Mendiguren jaio zen tokian ez zegoen aireporturik. Egun museoa den Ezkioko baserri zahar batean jaio zen, Igartubeitin, 1954an.

Turtlek filologia alemana eta espainiarra ikasi zituen, Bratford-eko Unibertsitatean. Mendigurenek, berriz, Filosofia eta Letrak eta Historia Modernoa eta Garaikidea ikasi zuen Deustoko Unibertsitatean. Ingelesa Laudiora etorri zen Unibertsitatearen eskutik, fabrika batean lan egitera eta gaztelania ikastera. Bilbon bizi zen eta bertako eliza protestante batean elkar ezagutu zuten. Izan ere, Mendiguren ordurako protestantea zen. “Gurasoak nahiko irekiak ziren buruz eta errespetatu egin ninduten. Gainera, Vatikanoko bigarren kontzilioaren ondoren, trantsizioa egina zuten. Nire anaia Xabier pasiotarra izan zen eta hark burua asko aldarazi zien. Nire sendotzara eta nire ezkontzara joan ziren”.

Ezkondu baino urtebete lehenago jarri ziren elkarrekin bizitzen, Bilbon. Hori ere ez zen batere ohikoa garai hartan. “Atarian atezaina zegoen eta polizia joaten zitzaion, ea Sarahk han bizitzen jarraitzen zuen galdetzera. Izan ere, garai hartan Espainia ez zegoen Europar Batasunean”, oroitu du. “Paperak iritsi ez ziren batean, Hendaiara joan behar izan nuen, berriro itzultzeko. Hori izan zen ezkontzearen arrazoietako bat”, gehitu du Sarahk. “Hori eta hemen ardoa ona eta merkea zela eta ondo jaten zela, zuk esandakoaren arabera. Maitasun kontua hirugarren arrazoia izan zen”, erantzun dio Iñakik txantxetan.

Sarahk ez du inoiz Ingalaterrara itzultzeko asmorik izan. “Hemen oso ondo bizi gara eta lanarekin zorte handia izan dut: Arrasaten eskolak eman nituen, ondoren itzulpengintzara itzuli nintzen...”, esan du. “Han ere ondo biziko ginateke, ez naiz hemendik kanpora ezingo nintzatekeela bizi pentsatzeko bezain txokozalea. Baina Sarahri euskara ikasteak asko lagundu zion integratzen eta bertako klima Ingalaterrakoaren antzekoa da”. Sarahk Iparraldeak Ingalaterraren are antza handiagoa duela dio.

Ezkio asko gustatzen zaio. “Lehen aldian, Gabonak baserrian pasatzera etorri nintzen. Erdi Aroan geundela zirudien, baina Iñakiren gurasoak oso goxoak izan ziren nirekin. Oso gustura egon nintzen”. Mendigurenek ingelesek beste herrialde batzuetara egokitzeko erraztasun handiagoa dutela uste du. “Hemen ere gauzak aldatu egin dira, baina oso txokozaleak izan gara beti. Ingelesentzako familia eta jaioterria ez dira horren garrantzitsuak”, dio. Sarahk arrazoia eman dio. “Aita zenak zera esaten zidan:familiarekin ondo konpontzen bazara, bikain. Baina ez egin esfortzurik ondo konpontzeko. Familia ez da aukeratzen, baina lagunak bai. Aitak lagunei garrantzi handia ematen zien, Bigarren Mundu Gerran lotura berezia sortu baitzen beraien artean”.

Argi izan zuen, Euskal Herrian bizi behar bazen, euskara ikasi behar zuela. “Nire barrutik atera zen eta Iñakik animatu egin ninduen”, gogoratu du. “Hasiera-hasieratik, ikasten zenuena praktikatzen hasi ginen. Gaztelaniaz ezagutu ginen, baina biontzat artifiziala zen gaztelaniaz aritzea”. Sarahk hasieratik praktikatzeak eta Xabier Leteren kantak entzuteak asko lagundu ziola dio.

Etxean irakasle ona izan zuen, gainera. Izan ere, Iñaki euskara irakaslea izan zen Arrasateko Eskola Profesionalean itzulpengintzan murgildu aurretik. Eskoriatzako Irakasle Eskolako irakaslea ere izan zen. “Ez zegoen ezer eta dena asmatu beharra izan genuen. Oso esperientzia polita izan zen. Frankismo ondorengo garaia zen eta dena irakiten zegoen. Ikasleek berehala lana aurkitzen zuten, ez baitzegoen euskarazko irakaslerik. Baina urteek aurrera egin ahala, irakasleok urteak betetzen joan ginen, euskarazko postuak betetzen joan ziren eta ordura arteko ikasleen arteko elkarlana bukatu egin zen. Albokoak baino nota hobea edukitzea garrantzitsua bihurtu zen. Pixkanaka, itzulpengintzara jo nuen”, gogoratu du. “Ingalaterran lau hilabete eman zituen, ingelesa oso ondo ikasi zuen eta horrek ingelesetik euskarara itzultzeko ere balio izan zion”, gehitu du Sarahk.

Ingelesetik euskarara itzulitako lanen artean, Harry Potterren liburu guztiak daude. Harry Potterrez harro dago, baina Elizen Arteko Bibliaren itzulpena kuttunagoa du. “Katoliko eta protestanteen arteko proiektu bat izan zen. Lan taldean bi protestante bakarrik geunden, Euskal Herrian oso gutxi baikara. Hamabi bat ginen eta Dionisio Amundarain zen koordinatzailea. Joxe Arregi ere talde hartan zegoen. Urtean bitan Lazkaoko beneditarren komentuan elkartzen ginen eta astebete pasatzen genuen. Kontseilari italiar bat ere bazegoen. Euskara batuan idatzitako Biblia bakarra da, ikaragarrizko lana izan zen, ez da berriro halakorik egingo, baina ez naute horregatik ezagutuko, Harry Potterrengatik baizik. Oraintxe bertan, zazpigarren liburuaren berrikuspena amaitzen ari gara. Maialen Berasategirekin lan egiten ari naiz. Lehen edizioa agortu egin zen, eskaera zegoen eta berriro argitaratzea erabaki dute. 25 urte pasa direnez, berrikuspen lana egitea eskaini zidaten. Ez dudala horretarako gaitasunik erantzun nien, zahartu egin naizela. Gainera, beste begi batzuek ikustea komeni da. Berasategirekin kontaktatu zuten. Oso ondo prestatuta dago eta argia da. Bion artean berrikusi ditugu liburu guztiak”.

Zaletasunei dagokienez, musika eta zinea asko gustatzen zaie. Sarahk herriko abesbatzan abestu zuen eta txirula jotzen du laukote batean. Mendian ibiltzea ere gustatzen zaio. Iñakik, berriz, loreak zaintzea eta irakurtzea oso gustuko du. Eta biak oso gustura joaten dira Beñat Agirrek Ezkioko mediku etxean ematen dituen gimnasia saioetara.