Noiz eta nola sortu zen Muxutruk taldea?

—Sorrera bitxia dauka. Beasaingo musika taldeko konbo-talde bat zen hasieran, musika taldeko irakasleak bere ikasleekin sortua. Herriko festetan eta San Juanetan bakarrik jotzen zuten. Ni gerora sartu nintzen, 2019an Maddirekin (abeslaria) batera. Lehenengo kontzertua Beasaingo festetan eman genuen, eta hurrengoa proposatu genion geure buruari: zergatik ez gara Euskal Herriko txokoetara joaten?

Hortik aurrera, taldekide batzuk joan ziren, beste batzuk etorri, pandemia etorri zen…Eta pandemiatik aurrera sekulako jauzia eman genuen.

Zergatik?

—Hein batean mesede egin zigun pandemiak, lokalean entseatzen eman baigenuen denbora.. Orduztik, sei urte daramatzagu Euskal Herriko txokoetan jotzen. Garai tristea izan zen pandemia, baina guk lokalean sortuz musika sortzen aprobetxatu genuen, eta gorakada nabaritu dugu. Gainera, pandemia ondoren jendea sekulako festa gogoarekin zegoen, eta horrek erakutsi zigun egindako lanak merezi izan zuela. 

Nortzuk osatzen duzue taldea?

—Maddi Otamendi (ahotsa), David Garcia (gitarra), Zuriñe Cipitria, Beñat Iturrioz,eta Julen Gorostiaga (bateria). Beñaten ordez Iñaki Rezustarekin hasi ginen, baina Bartzelonan bizi zela eta, uztea erabaki zuen iaz, orduztik Iñakirekin gaude.

Uda gainean dugula, zein sentsazioekin eman diozue hasiera?

—Sekulako gogoarekin. Jada kontzertu asko lotu ditugu, eta herri horietako zenbait interneten bilatu behar izan ditugu non dagoen eta zenbat biztanle dituen. Vitoriano esaterako, ez genekiela non zegoen ere. Interneten bilatu genuen, eta Araban zegoela ohartu ginen. Herri txikietan joko dugu, baina baita hiri handietan ere. Bilboko eta Donostiako Aste Nagusian esaterako. Denetariko agenda dugu, plazara joan eta ez dakigu zerekin egingo dugun topo. Ezjakintasun hori ona da guretzat, zerk funtzionatuko duen jakiten saiatzeak hobetu egiten baikaitu.

Eta zerk funtzionatzen du?

—Denetik pasa izan zaigu. Plaza jendetsuak ikusi eta azkenean dantza gutxi egotea, eta bertsioak jo behar izatea. Alderantziz ere, dantza soinuekin jendea gustura egon eta horri egurra ematea. Joku horretan ibiltzen gara. Plaza irakurtzen, eta publikoak zer nahi duen asmatu nahian. Horretara behartuta gaude nolabait. Feedback hori gabe, ez dugu ezer egiten. 

Ekain honetan 12 kontzertu dituzue, ia bi egunetik bat

—Hala da. Azkenaldi honetan Beasainen jo dugu, baita Tolosan ere. Gu bertakoak izanda, ederra da hori, etxeko beroa.

Muxutruk erromeria taldea, kontzertuan UTZITAKOA

Bilbo eta Donostiako Aste Nagusian bezalako kontzertu handietan joko duzue, baina etxekoen berotasuna ere beharrezkoa izango da.

—Familarekin denbora gutxi dugu, lagunekin bezalaxe. Haiengandik gertu izateko aukerak edukitzea, beraiek gu zertan gabiltzan ikusteko, gurekin batera ongi pasatzeko…sekulakoa da. 

Ezberdintasun handia al dago jende askoko kontzertuetan edo jende gutxikoetan jotzen?

—Guk jartzen dioguna. Abestiak berdinak baitira. Oholtzara igotzen gara eta lan bera egin behar dugu. 3.000 pertsonarentzat jo edo 30entzat jo, “Muxutruk” gara berdin-berdin, eta lan bera egin behar dugu. Agian 3.000 pertsona geldi eta begira dituzu, eta 30 berriz zure abestiekin dena emanean, oreka bilatu beharra dago. Plaza betea egon eta konektatzea asko kosta zaigu zenbaitetan, eta jende gutxirekin sekulako konexioa lortu bestetan. Hori da erromeriaren xarma. Normalean gainera, horiek dira urtero deitzen diguten herriak, leialenak, beraz badiegu maitasun berezi bat haiei. 

Maitasun berezia aipatuta. Izango da maitasun berezia diozun kontzerturen bat

—Beasaingoa. Iaz herriari abestia egin genion. Hori eginda, aurten zer egingo genuen zalantzarekin geuden. Erraldoi eta buruhandiak igo genituen, baita txarangako kideak, eta herriko dantzariak ere. Oso berezia izan zen kontzertu hura, herriko jendeari hori eskeintzea izugarria izan zen guretzat. Tolosako Inauteriak ere. Neguan izanda, gure herrian, mozorrotuta. Azkenean Euskal Herri guztitik gabiltza, eta itzultzea ederra izaten da. Tolosan musika zaletasuna izugarria da. Nire familiarengandik hasita, gaztetxoengana. Adin ezberdinetan hori ikustea itzela da. Aurtengoa ere oso berezia izan da.

Nolakoa izaten da jendearen harrera?

—Aparta. Gu ere nabaritzen goaz ezagutzen gaituztela. Sei urte daramatzagu jotzen, abestiak eskatzen dizkigute. Jendearekin harremak egiten ditugu, batzuk kontzertuak errepikatzen dituzte. Batzutean galdetu diogu elkarri: pertsona hau ez al da beti etortzen? Guretzat ilusiogarria da. Zer topatuko dugun ez jakin, eta beti datorren pertsona hori ikustea. Halakoek sekulako ilusioa egiten digute.

2019 hartan espero al zenuen honaino iritsiko zinetenik?

—Inondik ere. Bakoitza bere instrumentuarekin hasi ginen, bakoitza bere bidetik. Ni esaterako, erromeri talde batzuetan jotakoa nintzen, baita txarangetan ere. Taldearen aldeko apustua egitea erabaki genuen ordea, eta plazak betetzen hasi ginen, ez dut uste inork imajinatuko lukeenik. Bost pertsona helburu berarekin egotea harribitxi bat da. Giro oso ona dugu, denbora librea dugunean parrandan batera bukatzen dugu, eta gauzak nahigabe irteten dira. Alde horretatik oso erraza da. Ordu asko dira azkenean, kontzertuetan ez ezik, furgonetan bidean etabar.

Talde bat zarete azkenean.

—Bai, onerako eta txarrerako. Bat lanetik arratsaldeko zazpiretan ateratzen da, eta bestea siestatik dator beharbada. Bat prest dagoenean, bestea nekatuta egon daiteke, horrelakoetan elkarrekin indarra egin eta aurrera egitea tokatzen zaigu.

Muxutruk Erromeria taldea UTZITAKOA

Lanarekin zer moduz zabiltzate?

—Ongi. Azkenean erraz samarra daukagu, boskote bat baikara. Eta gure artean saiatzen gara ordutegiekin jolasten, kontzertu gogorrak direnak astean zehar ez lotzen…Azkenean gustura egiten dugun zerbait da. Leku guztietara iritsi nahi izaten dugu, eta nahi eta ezin horretan ibili ohi gara, baina moldatzen gara. San Juan festetarako jai hartu dut nik, eta taldeko zenbait irakasle direnez, kurtsoa amaitu dute jada, eta marjin horrekin gabiltza. Oporrak pixkat hipotekatuz, jaiegunekin jolastuz…Boskote bat garenez, eta gustatzen zaigunez...esaerak dioen moduan: gustuko lekuan aldaparik ez.

Zer espero duzue Olaberriako kontzertuaz?

—Joko dugun lehenengo aldia izango da Olaberrian, Beasaindik oso gertu. Dupla taldearekin batera joko dugu gainera. Gu hasiko gara arratsaldez, gero Dupla, eta gauean gu berriz. Arratsaldeko bostak seirak inguruan plazaratuko gara dena muntatzera, eta gaueko hirurak arte edo izango gara bertan, desmuntaiarekin eta. Etxetik gertu izango da behintzat. Gauza hauek gustura egiten dira ordea. Ez da bulegoan sartu eta zortzi ordu lan egitea bezala. Horrenbeste ordu jotzen ditugu, ezin dugula azaldu. Zerbait berezia du erromeriak, azaldu ezin duguna. 

Uda ostean zer datorkizue?

—Aurten agenda betea dugu. Beherakada urrian somatzen dugu, baina eskertzen dugu. Guretzat denbora apur bat lortzen baitugu behingoz, familiarekin egoteko, atseden hartzeko. Hala ere, kontzertuekin jarraitzen dugu, baina neurri txikiagoan. Horregatik, denbora gehiago hartzen dugu aisialdirako. Kontzertuetara joan eta abestiren bat fitxatu eta jo behar dugula adostu, entsegatu etab. Ez dugu deskonektatzen, burua beti hor. Festa bat baldin bada eta guk jai baldin badugu, adi egoten gara. Festa horretan erromeriarik badago, zer egiten dabiltzan begiratzen dugu. Gutxi deskonektatzen dugu. 

UDATEST

  • Un lugar cercano para desconectar. La cama.
  • Un viaje inolvidable. Las vacaciones de Punta Cana que este año repetimos.
  • ¿A dónde iba de vacaciones cuando era crío? De campamento con mis amigos.
  • Canción del verano. Todavía está por llegar.
  • Comida y bebida favorita. Cualquier cosa que lleve huevo y un buen gintonic.
  • A qué fiesta acude siempre. Carnavales de Tolosa y sanjuanes son sagrados.
  • ¿Ha hecho nudismo? Por el bien de la gente, no lo he practicado nunca.
  • Su primer trabajo de verano. La primera actuación con la txaranga.
  • ¿Cuál fue su primer amor de verano? Cuando descubrí la cerveza.
  • ¿Dejaba algo para septiembre? Pues entre tanta cerveza, música, y gintonic, casi todo.

Horren serio hartzen al duzue?

—Ez, bestela ez baigina biziko, itsutu egingo ginateke. Hau hobby bat da. Jan lanetik egiten dugu, hau gustatzen zaigulako egiten dugu. Behin oholtzara igotzen garenean ordea, ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara beti. Gainera horretara behartuak gaude, gauzak zenbat eta txukunago egin, jendeak deitu egingo zaitu. Axolagabekeriarekin joanez gero, ez zaituzte deituko. 

Zer gustatzen zaizu gehien?

—Jendeak ematen dizkigun momentuak. Beharbada zuretzat izugarria den abesti batean, jendea tragoa eskatzera joaten da. Eta espero ez duzunean jendea zoratu egiten da. Magia hori dut gogoko. Arrakasta izango duela espero duzun abesti batek ez du arrakasta izaten, eta alderantziz. Jendearen begiradak. Sekulako momentu politak daude hor. 

Aurreikusi al dezakezu hori?

—Keba. Kontzertu bakoitza ezberdina da. Herri batean funtzionatzen duenak beste batean ez du funtzionatzen zenbaitetan. Horrek du magia, horrek ematen du gogoa. Plazaren bila joateak. Ez da betiko lana egin eta etxera joatea. Espero ez duzunean jendea zoratzea, edo espero duzunean horrenbeste ez zoratzea. Magia hori.

Muxutruk Erromeria taldea UTZITAKOA

Zer da gehien eman dizuna musikak?

—Sortzen den konexioa. Oraintxe bertan inoiz ez bezala ari gara gozatzen. Bikotea taldeko abeslaria dut baita, eta asteburu osoa okupatuta pasatzen dudan arren, batera gaude behintzat. Musikagatik ez balitz, agian ez ginateke ezta ezagutuko. Asko zor diogu musikari.