Síguenos en redes sociales:

“Kantu denek dute esateko zerbait. Buruan ideiaren bat dudala idazten dut eta helburua garbi izaten dut”

‘Ying Yang’ izenburupean lehen disko luzea argitaratu berri du Maddi Noguera ataundarrak, hamar kantuz osatua. Aurrez maketa bat ere ondua du

“Kantu denek dute esateko zerbait. Buruan ideiaren bat dudala idazten dut eta helburua garbi izaten dut”

ataun - “Probatzeagatik” hasi zen konposatzen Maddi Noguera ataundarra. Txikitatik izan du musikarekiko afizioa, eta psikologia ikasketak utzi ostean, musika ikasten ari da orain kontserbatorioan. Joan den urrian lehen diskoa argitaratu zuen.

Ying Yang izena du zure lehen diskoak. Izenburu hori, zergatik?

-Diskaren azaleko ideia nahiko garbi geneukan eta horrek asko erraztu zuen bilatzen ari ginena. Tximeleta bat agertzen da azalean, ar eta emea den animalia. Gizon eta emakumearen espektro zabala biltzen zuela ikusi genuen eta Ying Yang-aren ideia ere halakoa da. Gainera, guztiontzat ezaguna da eta irudikatzeko erraza.

Hamar kantuz osatu duzue diskoa. baina lehendik ere argitaratuta zeneukan maketa bat.

-Bai, hori da. Sei abestiz osatutako Ezagutu, onartu, maitatu maketa argitaratu nuen. Hasiera batean konposatzen hasi nintzen, probatzeagatik, nire bikotea zena ere sorkuntza horretan ibiltzen zen eta pentsatu nuen: berak egin badezake, agian nik ere bai. Musika, melodia bat egitea ez zitzaidan horren zaila egin, baina letrak jartzea bai. Horregatik German Urteaga bertsolari eta nire lagunarekin jarri nintzen harremanetan, berak atal horrekin laguntzeko.

Eta nolako esperientzia izan zen?

-Terapeutikoa. Psikologiako ikasketak egiten ari nintzela hasi nintzen konposatzen, eta ostean probatzen joan naiz.

Bakarka aritzetik taldera pasa zara.

-Bai. Ataunen aurrez talde batean aritzen nintzen eta talde batean ari-tzeko proposamena oso modu naturalean iritsi zen. Taldeko Haritz Cid baxuarekin pare bat kanta sortuta geneuzkan eta Bonberenean kon-tzertu bat eman ostean Xabier Etxeberria ‘Pitxu’ gitarrajolea eta Alegiko Julen Goikoetxea bateriarekin disko bat ateratzeko ideia iritsi zitzaigun. Ezin izan nion ezetz esan, baneukan gogoa. Hala ere, maketa eta diskoaren artean alde handia dago, azkenean maketa ia nahigabe sortu zen zerbait izan zen, eta diskoaren atzean planteamendu bat dago, lerro bat.

Hasiera batean letrak egitea kostatu bazitzaizun ere, orain zure sorkuntzako hainbat daude.

-Aimar lagunak eta Haritzen lagun-tzarekin sortu ditugu batzuk, elkarlanaren emaitza izan da. Nik lehen baneukan ohitura koaderno bat hartu eta bertan okurritzen zitzaidana idazten joateko. Egia esan nahiko modu naturalean egiten dudan zerbait da, nahiz eta egunaren araberakoa izaten den. Bestalde, grabazioa oso erraza izan da, aurretik ere eginda nengoelako eta hasieran izaten den inpresio hori ez delako hainbestekoa izan.

Beti bilatzen duzu zure kantuek zerbait esatea?

-Hala da, bai. Helburu edo mezua garbi izaten dut, buruan ideiaren bat dudala idazten dut, kantu denek dute zerbait. Saiatzen naiz esan nahi dudana modu egokienean azaltzen, guztientzako ulergarria izateko.

Psikologia utzi eta musika ikasten ari zara.

-Bi urtez ikasi nuen psikologia, baina azkenean musika ikasten hasi nintzen orain lau urte Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioan. Orain buru-belarri nabil, baxu elektrikoan espezializatzen. Bi urte falta zaizkit ikasketak amaitzeko eta oso diziplinatua izan behar zara. Egia esan bertan sorkuntza alorra lan-tzen dudanez nahiko asetuta nago oraingoz.