donostia - Jakin taldeko kideek Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuten atzo, sei hamarkadetan zehar kultur eragintzan, euskal kulturan, argitalpengintzan eta euskara batuaren alde egindako lanarengatik. Euskal kulturgintza eta euskararen arloko lagun asko bildu ziren foru jauregian egindako hotsandiko ekitaldi jendetsuan, non Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdai izan ziren protagonistak. Hala ere, Azurmendik ezin izan zuen ekitaldian parte hartu, osasun arazo batengatik, eta bideo batemn bitartez hel arazi zuen bere mezua.

Omenaldia Gipuzkoa plazan hasi zen. Bertan, 30 dantzarik tradiziozko ezpata-dantza eskaini zieten Jakin taldeko kideei. Foru gobernuko diputatuak agurtu ondoren, omenduak egoitzan sartu ziren, Markel Olano diputatu nagusiarekin batera. Asier Odriozola kazetariaren aurkezpena aditu ostean, Pello Ramirezen akordeoiak eta Zeberioren nickelharpak ekitaldia girotu zuten.

Jargi aretoan zeudela, gerturatutakoek, Jakinek egindako ibilbideari buruzko bideoa ikusi zuten. Frankismo betean jaio zen taldea. Arantzazun Jakin aldizkaria sortu zutenean izan zen, 1957an. Euskaltzaindiak bertan egindako Euskaltzaleen gerraosteko lehen biltzar irekira begira eratu zen.

Garai ilunak izan ziren euskararentzako eta hura izan zen hizkun-tzaren leku ikonikoetako bat. “Modernizazio prozesua muturreraino eraman zuten, ikasle eta apaizgaien mundua utziz eta hiritartze eta laikotze prozesua burutuz, gaien zein lankideen tipologiari dagokionez”, gaineratu zuen Olanok.

Argitalpenak kultura eta pentsamendua bultzatzen ditu, norberaren pentsamendu kritikoa bilatuz, eta euskaraz argitaratzen diren publikazio beteranoetakoa da. Olanoren aburuz, “taldea ez da aldizkaria zuzendu eta kudeatzera mugatu, bere ekarpenaren itzala handitu besterik ez baita”. Jakinen jatorrizko helburu nagusien artean “euskara eta kultura uztartzea eta euskal kultur joera hori baliatuz mugimendu eta alor guztietara zabaltzea” zeudela gogorarazi zuen.

“Herria, hizkuntza eta kultura. Hiru hitz horietan errotzen da Jakinek egindako lana. Taldea ezinbesteko erreferentzia bilakatu dute euskal kulturaren esparruan. Lau jakinkide historikoek militantzia-lan profesional eskerga egin dute euskal kultura dagoen lekura iristeko”, nabarmendu zuen diputatu nagusiak.

Lehenik eta behin, Jakin aldizkariko kide Alaitz Aizpuruk omenduak goretsi zituen. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak hunkiturik azaldu zituen Jakinek eta euren kideek bere bizitzan izan duten garrantzia.

Joan Mari Torrealdaik hartu zuen hitza lau lagunen izenean eta Aldundiak euskararekiko duen “sentiberatasuna” eta “hurbiltasuna” gailendu zituen. Pentsalari foruarrak “ohorea eta poza” azaldu zituen ikurra jaso zuenean.

“Taldea euskararen lurralde askean sortu zen, ez inongo probintziatan. Horregatik lortu izan dugu gure lana, hasieratik, inorena eta guztiena dela, euskaraz izatekotan. Beti euskaltzale eta herritar guztiekin egoten saiatu gara. Kritikoki, maitasunez kritiko. Erdigune ez distantziakidean”, erantsi zuen.

Haren hizketan, Jakinen historiaren errepasoa egin zuen Torrealdaik. Igarotako ibilbidean debekuak, barne krisiak eta askotariko zailtasunak izan bazituzten ere, Torrealdaik lezio bat ikasi dutela aitortu zuen: “Etengabe berregokitu beharra. Behin eta berriz berrasten, berrasmatzen, berregoki-tzen ibili behar izan dugu, jarrera hori ia-ia ezaugarri propio bihurtzeraino”.

arantzazu gogoan Arantzazu, Jakinen jaiolekua izanik, presente egon zen Torrealdairen hitzaldian. “Arantzazutik mundu zabalera egin dugun bidean transmisio hau iraultza txiki edo handi den geroak esan beza. Baina, izan, bada esanguratsua: Arantzazuri jatorrian loturiko belaunaldi baten legatua da. Mundu baten bukaeratzat era har dezake norbaitek”.

Torrealdaik euskalgintzako elkarte eta erakundeekin izandako elkarlana nabarmendu zuen, “horrela bakarrik bermatu ahal izango baita euskararen garapena”. Jakin Fundazioaren presidenteak alboan izan zituen Joseba Intxausti eta Paulo Agirrebaltzategi. Egile gisa 104 liburu, 428 liburu-zati eta ehunka artikulu idatzi dituzte lau omenduek.

Nolanahi ere, Azurmendik ikus-entzunezko baten bidez helarazi zituen bere esker onak. Kolonian, Alemanian, grabaturiko bideoan erabat ondraturik agertu zen filosofo zegamarra. Jakinek gaur egungo euskal kulturaren izaeran izandako eraginari buruz mintzatu zen, egindako lanaz eta esfortzuez harro.

Torrealdaik taldeak izandako jite “solidarioa eta integratua” goratu zituen, hamarkadetan zehar lagundutako hainbat proiektu izendatuz. Hala nola, Uzei egitasmoaren diseinua, lehen hiztegi zientifikoaren argitalpena, Eusenor entziklopediaren sustapena, Euskaldunon Egunkarian, Anaitasuna aldizkarian eta Elkar Fundazioan.

Bestalde, plazatzat jo zuen euren aldizkaria, jendeak bere iritzia askatasunez emateko lekua. “Elkarlanak eta aliantzak bultzatu izan dira haren jaiotza egunetik. Ez da izan ez pulpitu, ez katedra. Herriko plaza, gogoaren plaza eta lankidetzako elkargunea. Horregatik, pentsamenduaren geografia zabaletik hurbildu zaigu jendea”, esan zuen Torrealdaik.

Are gehiago, sei hamarkadatan ibilitako lankide guztien zein harpidedunen eskutik jasotako babesa eskertu zuen: “Lagun askoren ordezkari gara. Guztiok osatzen dugu komunitatea, eta horien ordezkari gaude gu hemen ohoratuak”.

Jatorritik egon dira elkarri loturik Jakin eta Euskaltzaindia. Torrealdaik Akademiaren eskutik jasotako eskerrak aipatu zituen, lau omenduen euskaltzain maila gogoratuz: “Euskararen erakunde publiko orokorra dugun Euskaltzaindian kide, batzordekide eta lankide izan gara. Atsegin handiz jaso dugu azken orduan euren esker ona euskararen alde egin dugun lana dela eta”.

Jakinen egileen aurretik, azken urteotan beste hainbat pertsonek hartu dute Urrezko Domina, Gipuzkoan sona handienetako ain-tzatespena izanik. 2013. urtetik gaur egunera arte Nestor Basterretxea, Benito Lertxundi, Juan Antonio Urbeltze, Ramon Saizarbitoria eta Frankismoaren biktimak eta senitartekoak, hain zuzen ere, izan ziren Jakin taldearen aurretik ikurra jasotzeko aukeratuak.