Síguenos en redes sociales:

Ortzadar argazki taldeak gaur erakusketa zabalduko du

Elkarte ordiziarreko kide diren hamar lagunen 35 lan jarriko dituzte ikusgai abenduaren 5era bitartean

Ortzadar argazki taldeak gaur erakusketa zabalduko duordizia.eus

ordizia - Astearte iluntzero, Ordiziako Ortzadar argazkilari taldeko kideak elkartu egiten dira Barrena kultur etxean duten lokalean. Bertan, argazkigintzaren inguruan sortzen diren askotariko gaiei heltzen die eta esperientziak elkarbanatu edo irteera eta tailerrak antolatzeko ere balio die momentu horrek. Horretarako bakarrik ez ezik, argazkilari hauek urtean zehar egiten dituzten lanak erakusketa batean ere jartzen dituzte urtero, eta bihar izango da aurtengoaren inaugurazioa.

Hala, Barrena Kultur Etxeko Erakusketa aretoan Ortzadar Ordizia IX. Argazki erakusketa zabalik jarriko dute, arratsaldeko 18.00etatik 20.00etara bitartean. Bihar izango da inagurazioa eta 19.00etan zabalduko dituzte ateak. Aurkezpen ekitaldi honetan egongo dira argazkilariak, egin dituzten lanen inguruko nondik norakoak azaltzeko asmoarekin.

Elkarteko hainbat partaideren lanak ikusteko aukera egongo da bertan; hala nola, Amaia Oar-Arteta, Angel Fernandez Sakatxa, Carlos Iraeta, Francisco Albarran, Iñaki Hidalgo, Jose Ignacio Rodriguez, Joxemi Romero, Miguel Cavero, Juan Mendizabal eta Aitzol Arruabarrenarenak. Guztira, Ortzadarreko hamar bazkideren 35 argazkiak jasotzen dira eta beraien begiradaren bitartez, irudien bitartez, paisaiak, begiradak, objektuak, uneak eta abar jasotzen dira era oso pertsonalean eta aparteko sentipen eta emozioak eskaini eta islatzen dituzte.

Erakusketa abenduaren 5era arte egongo da zabalik Barrena Kultur Etxean, eta bertara inguratzen direnek argazki paregabe guztiak ikusteko aukera izango dute. - M.A.