Hamar urte pasa dira dagoeneko Beasainen Jazpana jaialdia ospatzen hasi zirenetik, eta ia ehun bat gehiago bertako eta inguruetako baserrietan bizi zirenak herriko plazan elkartzen zirenetik dantzatzera eta musika entzutera. Urteak pasa badira ere, helburu berarekin jarraitzen du Jazpanak: jaialdia kalera atera, inguruko gazteen elkargunea izatea eta berriz ere garai bateko erritmo eta doinu zoro horiekin dantza egiten jartzea. Jaialdian 16 kontzertu eskainiko dira ostiralean hasi eta larunbatera bitartean, eta guzti guztiak doakoak izango dira.

Ohiko legez, Bernedoenea aparkalekua izan da leku aukeratua eta ostiral iluntzean hasiko dira kontzertuak. “Ostiralean talde gogorragoak ekar-tzen ditugu eta aurten ere hala izango da”, nabarmendu du Pablo Sanchez, antolakuntzako kideak. Kon-tzertuen egitarauari dagokionez, jakin beharrekoa da bi eszenatoki daudela: NOTICIAS DE GIPUZKOA eta Ambar. Gune bateko emanaldia amaitu ostean hurrengo kontzertua pareko eszenatokian hasten da, eta ondoren lehenengoan; horixe da dinamika. Hala, Pho-Bo goierritar taldearena izango da lehen kontzertua, NOTICIAS DE GIPUZKOA eszenatokian, 21.30ean. Taula berera igoko dira Voltaia talde zumaiarra eta La URSS andaluziarra ere, 23.00etan eta 00.50ean, hurrenez hurren. Ambar eszenatokian, aldiz, Pho-Boren ondorengo kontzertua Giant taldearen eskutik iritsiko da 22.15ean, eta Toundra taldearen txanda 23.45ean izango da. Gauarekin amaitzeko, Lie Detectors-ek kontzertua 1.30ean hasiko du.

Larunbaterako ere eskaintza zabala antolatu dute Jazpanako kideek. Hasteko, eguerdian, babarrun jana egingo da Karpa txikian. “Jon Olano Olarius-en omenez izango da bazkaria. Normalean koadrilakoak elkartean egiten duten bazkari bat da, baina omentzeko modu bezala, karpa txikian egingo da. Jon beti egon da Jazpanako antolakuntzatik gertu”, gehitu du Sanchezek. Leku berean, food truck gunea ere egongo da bertan afaldu nahi dutenentzako.

Bazkalostean, musika txikiengana gerturatzeko asmoz, Trakamatraka konpainiak bere saioa eskainiko du Bernedoenean jarriko den karpa txiki batean. Familiei zuzendutako ekintza hau 17.30ean hasiko da. Kon-tzertuei helduz, arratsaldeko 19.00etan, honako kon-tzertuak ikusteko aukera izango da, NOTICIAS DE GIPUZKOA eszenatokian hasita: Noir Socha, Serrulla (19.45), Jamie 4 President 20.30), Aitor Etxebarria (21.15), The Manilas (22.30), The Limboos (23.30), Rufus T. Firefly (0.30), Vulk (1.30), eta jaialdia ixteko, Aitor Etxebarria bakarka arituko da, El Txef-A izenpean, musika elektronikoa jartzen (0.30). Igartza Musika programaren baitan Etxebarriaren emankizuna txertatu dute jaialdian eta era berean, Aldundiak musikari berriei aukera berriak eskaintzeko Katapulta programaren baitan Voltaia eta Serrulla taldeak hartuko ditu. Webgunean iada ikus daiteke kon-tzertu bakoitzaren ordutegia, eta emanaldien ordutegiak ez du ordu aldaketa kontuan hartuko.

hamar urte, hamaika arrakasta “Gipuzkoan erreferente izatea lortu duen jaialdi integrala da Jazpana, eremu bakarrean guztia biltzen duelako”, azaldu du Xabier Matarranz kultura zinegotziak. Udal arduradunaren iritziz, musika alternatiboan nortasun berezia izatea lortu duen jaialdia izatera iritsi da eta horregatik eskerrak eman nahi izan dizkie antolakuntzako kideei. “Gazteen aukerak babestuz eta bultzatuz, doan den jaialdi bakarrenetakoa da Beasainen ospatuko dena”, esan dute.

Hamar urtean asko izan dira Jazpanatik pasa direnak, eta batzuentzat “katapulta, salto egiteko modu bat” izan da. Hala ere, “musikan zentratu” direla agertu du Diego Gomez antolatzaileak: “Jendea erakarri nahi dugu, baina orekarekin. Musika berria deskubritzeko ere balio du jaialdiak”.

Jazpanak zenbaki borobila betetzen badu ere, ez dute apartekorik antolatu, eta “ditugun medioekin kontrola-tzen dugun moduan egingo dugu”, esan dute. Hala ere, boluntario falta badela nabarmendu dute eta asteburura begira lagundu nahi duenak haiekin harremanetan jartzeko eskatu dute. Eskaria eta esker ona ere adierazi du Gomezek: “Boluntario gabe ezinezkoa da hau antolatzea, oso eskertuta gaude”.