Handi eta txiki. Guztiak zur eta lur uzteko doaia zuen Joxe Migel Iztuetak, Lazkao Txikik, irteera, pentsaera, doinu eta kantatzeko zuen moduarekin. Aurten 25 urte beteko dira hil zenetik eta horregatik, Lazkaoko Gerriko elkarteak omenaldi eta ekitaldi berezi bat antolatu du larunbat honetarako Udalaren eta Lazkao Txiki Musika eskolaren laguntzarekin. Bestalde, San Benito ikastolako haurrek ere present izan dute ikasturtean zehar Iztueta.
Hitzak, bertsoak, doinuak eta musikak hartuko du Lazkaomendin kokatuta dagoen Abalin baserria, Lazkaomendiren etxea izandakoan. 11.00etan elkartuko dira Lartxai elkarte aurrean Lazkaotik, Zaldibiatik eta inguruko herrietatik inguratzen diren bisitariak. 11.30ean, berriz, Lazkao Txikiren familiakoek Abalin baserria irekiko dute eta bertan Iztuetaren etxea, logela, sehaska, liburutegia eta bertan dauden gauza guztiak ikusteko aukera izango da.
Ekitaldi nagusia 12.00etan hasiko da, Abalin baserriko atarian. Felipe Barandiaran ilobak ongi etorria emango die bertso bidez inguratzen direnei. Ondoren hiru bertsolari goierritar bat-batean arituko dira, Euxebio Igartzabal, Mikel Mendizabal eta Millan Telleria. Xabier Amuriza ere gehituko da jaialdira eta bertso sorta bat prestatu dute ekitaldirako. Lazkao Txiki Musika Eskolak ere parte hartuko du ekitaldiari doinua jarriz.
Iztuetak Zaldibiarekin ere lotura handia izan du, Lazkao eta Zaldibia mugan egoteaz gain, bertan Guru-tzeta baserria erosi zuelako. Horregatik, zaldibiarrek ere parte hartuko dute, Egunsentiari eta Ispiluari bertsoak kantatuz. Amaitzeko, Eñaut eta Unai Agirre hernaniar bertsolari anaiak Iztuetaren bertso batzuk hautatu dituzte eta horiek kantatuko dituzte. “Ezagunenak” aukeratu dituztela nabarmendu dute, jende gehienak ezagutzen dituenak.
liburuxkan ere bai Egia da gaur egungo haurrek ez dutela aukerarik izan Lazkao Txiki pertsonan ezagu-tzeko, marrazki-bizidunez eta jendeak kontatutakoarekin dute haren berri. Hala ere, hark sortutakoa eta egindakoa ezagutzera ematea dute helburu Lazkaoko hainbat eragile eta taldek. Hala, San Beniton iaz Lehen Hezkuntzako 4. maila egin zuten ikasleek Lazkaotxikikeriak izeneko liburuxka egin dute, eta Gerriko elkarteak argitaratua izan da. Larunbatean ere eskuragai egongo dira euro baten trukean.
Joan den ikasturtean lau gelatan banatuta egon dira ikasleak eta talde bakoitzak ipuin bat idatzi zuen, nahi zuten gaia landuz. Lazkaotxikikeriak liburuak Lazkao Txiki hil zeneko urteurrenarekin bat egiten du, eta horregatik izan da hautatua, Joxepa Madariaga, Gerrikoko ordezkariak azaldu duenez. 22 haurren ideiari irudiak jartzeaz Ainara Azpiazu ilustratzailea arduratu da.
Gaztetxoak gustura agertu dira idazle bihurtu direlako eta bide batez, herrian maisu izandakoaren inguruan gehiago ezagutu dutelako.