Síguenos en redes sociales:

‘Horizon: Lehen goizargia’

Gerrilla Games estudioak oraintsu argitaratu du ‘Horizon: Zero Dawn’, PS4-rako abentura eta mundu irekiko joko ikusgarria

‘Horizon: Lehen goizargia’

Zalantzarik gabe, PS4ren bideo-joko izar eta esklusibo horietako bat izango da Horizon: Zero Dawn. Los Angelesen 2016an egin zen E3 bideojokoen urteroko konferentzian aurkeztu zenetik, espektatiba handiak sortu izan ditu kontsola honen jarraitzaileen artean.

Mundu post-apokaliptiko baten ostean koka-tzen da jokoa. Ezezaguna zaigun kalamitate batek gizartea berriz ere tribuen garaietara eraman du. Makinak dira orain munduaren jabe eta gizakia izaki penagarri bihurtu da: superstizioak dituzte eta tribuetan bizi dira. Hiru tribu mota daude mundu honetan: Nora, Carja eta Oseram. Lehengoak ehiztariak dira eta mendietan bizi dira. Carjak desertura egokitutako gizon-emakumeak dira; eta, Oseramdarrak, berriz, metala lantzen duten langile bikainak.

Aloy, protagonista, Nora tribuko emakume ehiztari bat da eta errobotek menperatutako mundu batean bizi da. Makinak izen generikoa erabiltzen dute horiek izendatzeko. Errobot horiek ugaztun handi, dinosauro edota intsektu erraldoi itxura dute, eta Aloy mundu arriskutsu eta ezezagun hau deskubritzeko bidaia zirraragarri batean murgilduko da, horretarako, arku, gezi, labana, tranpa, lehergailu eta bestelako armak erabili beharko dituelarik. Sexualizatuta ez dagoen eta bere buruaren jabe den pertsona dugu Aloy, eta bere inguruan egituratuko da istorioa. Tradizioa atzean utzi, eta mundura aterako da bere burua bila-tzera, baita bizi duen egoerari erantzun bat ematera ere.

Jokoaren dinamikek Assassins Creed ezaguna gogorarazten digute, mundu ireki batean, misio ezberdinak burutuz eta istorio bat jarraituz jolastu beharko dugulako. Jokalari batekin jolasteko jokoa da, beraz. Gerora multi-jokalari modurik izango ote duen, ikusi beharko da. Gaur egun online jokoak izaten dira arrakasta denbora luzez iraunarazten dutenak eta ziurrenik Gerrilla Games-eko garatzaileek hori kontuan izango zuten. Bestalde, ikusiko dugu ea Ubisoft etxe arrakastatsuaren frankizia honen aldean joko honek zer eskaintzen digun.

ESTETIKA ERAKARGARRIA Esan beharra dago, jokoak grafiko ikaragarriak dituela. Paisaiaren eta indiar itxurako tribu eta animalia errobotikoen arteko konbinaketak estetikoki benetan erakargarria egiten du jokoa. Guzti honi PS4ak eskaintzen duen potentzia gehituta, dibertsioa ziurtatuta dago. Egia esan, azken aldian ohikoa bihurtu zaigu AAA motako jokoetan atmosfera erabat errealista bilatzen duten argitalpen ezberdinen norgehiagoka hau, baina askotan jokoaren bereizgarri handiena ez da grafikoen itxura bera izaten. Horizon-ek eskaintzen digun istorio eta joko dinamika izango dira arrakastaren giltzaren oinarri. Horregatik, adibidez, akzio momentuetan, jokoaren intentsitatea kamara geldoekin nahastuz efektu benetan erakargarriak lortzen dira. Youtuben dagoeneko badaude joko honi buruzko hainbat bideo, eta horietako ba-tzuk ikustea gomendatzen dizuegu. Azkenik, eskertzekoa da emakumearen figurarekiko eta kultura-aniztasunaren mesedetan joko honek egindako apustua, bideo-jokoena bezalako eremu kontserbadorean.

PS4ko joko izar gehienak bezala, 60eurotan dago salgai joko hau. Bideo-jokoen neurrigabeko prezioen kritikan ez gara sartuko orain. Baina, esan daiteke, kontsola honetarako jokoren bat eduki behar baduzu, honek merezi duela. Sarean kritika oso onak jaso ditu eta hamarretik bederatzi eta zortzi arteko puntuazioa jasotzen du gehienetan. Hainbat sari ezberdinetarako izendapenak ere izan ditu bi urtetan jarraian, eta Game Critics Awards sarietako joko orijinalenaren saria ere jaso du.