donostia - Bere ibilbidean zehar, Ibon Sarasolak euskarari eta euskara batuari buruzko hainbat lan idatzi ditu, liburuak, hiztegiak eta arau testuak, besteak beste. Euskara batuaren ajeak (1997) saiakera eta Zehazki (2005) gaztelania-euskara hiztegia dira bere lan ezagunetakoak, eta hauen harira sortu du bere azken liburua, Bitakora kaiera izenekoa. Euskara batuaren sorkuntzaren garaian zuen pentsaera aldatu du lan honetan, eta lehen esandakoetatik ihes egin du, hizkuntzaren erabilpenaren inguruan dituen iritzi berriak ezagutarazteko. Ereinekin plazaratu duen argitalpen hau ez da arau liburu bat, ezta gramatika lan bat ere, gaiaren inguruko bere pentsaera eta gogoetak biltzen dituen alea baizik. Orain arte egindako bideari begirada bat egin dio Sarasolak eta gogoeta bat sortu du, iraganari eta hemendik aurrera egin beharko litzatekenari buruzkoa.

“Liburu honetan azaldu nahi izan dut euskaldunen artean gertatu zen aldaketa euskara batua sor-tzean”, aipatu zuen egileak. Bere ustetan, zaila da hizkuntza bat berdintzea eta hiztunek hau erabiltzea, “are gehiago, euskara diktadura garaian bezala, hilzorian badago”. Horregatik, meritu handia dauka euskarak, batua “lau katuk” sortu baitzuten Francoren garaietan. “Orduko egoera txarrak bere alde positiboa zuen, militantzia bat eman baitzigun eta gainera, erabakiak aintzat hartzea errazagoa zen”, adierazi zuen.

Hala ere, hainbat urte beranduago, gauzak beste modu batera ikusten ditu Sarasolak eta “euforia zoro” horretatik atera dela baieztatu zuen, jada ez baitu uste edozer gauza egitea daukanik. “Arau batzuk betetzen dira, baina beste hainbati jendeak ez die jaramonik egiten, eta testuetan duten erabilera zabaltzen da”, azpimarratu zuen Sarasolak. Adibidez, Iparraldean Hegoaldeko hizkerak dituen hainbat esaera zabaldu dira, oso erabiliak direlako. “Hitzak testuetan bizi dira eta ez badute funtzionatzen, filologoek ez dute asko esateko”, nabarmendu zuen idazle eta itzultzaileak, egoerak etengabe aldatzen direla gaineratuz. Lehen kontrako iritzia bazuen ere, orain ideia hori onartu du, eta jarrera hori hartu du. “Hi-tzak ez dira hiztegietan bizi, horregatik gomendatzen dut zalantzaren bat izanez gero, hitz hori nola ida-tzi behar den bilatzea Interneten bidez, testuetan; idazle onek erabiltzen dutena zabaltzen da, eta nire ustetan, hori da erabili beharko litzateken era”, azpimarratu zuen, bere ustetan, euskaraz ondo idazteko teknika baita hori.

Liburuan dauden hainbat testu euskara batuaren morfologiatik pasa ditu, batzuetan jatorkeriak alde batera utzi behar baitira Sarasolaren iritziz. Bizkaieraren kasua jarri zuen aztergai, adibidez: “Nire ustetan, bikzaieraz hitz egitea ondo dago, baina folklorea alde batera utzi behar da, ulergarria izatea beharrezkoa baita”. Euskalkien kontra ez badago ere, idazleak esan zuenez bizkaitarren hizkerak euren “kolorea” eduki beharko luke, baina hori oztopo bat izatera iritsi gabe, “oreka bat bilatu behar dute”.

Adibide praktikoen bitartez eta esaldiak modu batean baina gehiagoan idatziz, bere ideia hauek ondo argudiatzen saiatu da idazlea Bitakora Kaieran eta gai ezberdinen inguruan bere ustetan nola jokatu beharko litzatekeen azaldu du egileak.

Bestalde, liburuaren azalari dagokionez, Erein argitaletxearen ohiko liburuen ezberdina da, kasu honetan, azalaren diseinua Sarasolak eta beste ugarik sortutako Lur argitaletxeari omenaldia baita, garai bateko estetika jarraituz eta etxe horretako liburuak zuten itxurari erreparatuz.