Síguenos en redes sociales:

Inprobisazioa, emakumeen talaiatik

Kultur mugimenduetako eta komediako genero ikuspegia ere landu du du ‘Europa bat-batean’-ek

Inprobisazioa, emakumeen talaiatik

DONOSTIA - Europa bat-batean Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketaren hirugarren eguna hartu zuen atzo Miramar jauregiak. Genero ikuspegia izan zuten hizpide eta emakumeen ahotsak izan ziren protagonista jardunaldi akademikoan: Jone Miren Hernandez, Elizabeth Tolbert, Treva Lindsey eta Kate Smurthwaite izan ziren hizlari, eta Nerea Elustondo eta Antton Fernandez aritu ziren aurkezle lanetan.

Jone Miren Hernandez EHUko ikertzailea izan zen lehena; bertsolaritzari loturiko dimentsio emozionala du ikergune Hernandezek eta gaurkoan generoaren ikuspegiarekin lotu zuen. Bertsoa bertsolari eta publikoaren arteko dikotomiak apurtzeko gai izan arren, emakume/gizon dikotomia ezabatzeko gai zergatik ez den aztertu zuen; besteak beste, eta Foleyk publikoaren gainean egindako lana erreferentziatzat hartuz, publiko eta jasotzaile aktiboak “emakumeen kontra jokatzen” duela aipatuz.

Elizabeth Tolbertek emakumeek soilik abestutako kantu inprobisatua aurkeztu zuen: Karelian, Errusia eta Finlandia artean kokatzen den eremuan, egiten den negar-kantua da itkuvirsi delakoa. Negar-kantua sortzeko erabiltzen diren ahozko teknikak eta hura jorratzeko darabilten iruditegia azaldu zuen (Tuonela hildakoen lurraldea eta hara joateko bidea) eta kantuaren laginak erakutsi zituen.

Treva Lindsey estatubatuarrak hip hop mugimenduan murgildu zen: hasi fenomeno honen baitan dauden arte bisual eta dantzetatik, eta gerora beatboxingean eta rapean sakonduz. Hip hoparen baitako arte inprobisatuek audientziarekin nola konektatzen duen azaldu zuen, izaera kolektiboa indartuz.

Kate Smurthwaite Erresuma Batuko stand-up comedyan eta aktibistak emakume komedianteen egoeraz zein, sexismoari lotuta, besteen ahotan emakumeari komedian egozten zaion irudiaz aritu zen.

Mahai-ingurua Bestetik, arratsaldean emanaldia izan zen Tabakaleran. Bertan parte hartu behar zuten inprobisatzaileen mahai-ingurua ere gauzatu zen, herrialde ezberdinetako lekukotasunak bilduz; Ainhoa Agirreazaldegik gidatuta, Galeseko Karen Owen, Mallorcako Ana Isabel Servera, Mexikoko Rebeca Limón Tesy, Kubako Lourdes Yunet López eta Euskal Herriko Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza aritu ziren. Horietan emakumeek duten parte-hartzea azaldu eta zenbaitetan testuinguari loturik dituzten zailtasunak aipatu zituzten. “Glosak jatorri maskulinoa du, gizonezkoen inguruan garatu da tradizionalki: tabernan, gauez, eta han ez zen emakumerik egoten. Mallorcakoaren aldean, Katalunian berpizte-lana egin eta transmisioa hutsetik hasi da; honenbestez neska eta mutilen artean oreka handiagoa dago”, azaldu zuen Serverak.

Kuban ere repentismo tailerretan izaten den emakumezko gazteen kopurua nabarmendu zuen Lópezek baina adinean aurrera egin ahala uzten joateko joera izaten dela. Lujanbiok testuinguruan jarri zuen arreta: “Berdin entzuten al da batena eta bestearena? Konfidantza bera duen batak eta besteak, nondik datorren heziketa guzti hori? kontestutik aparte ezin da ulertu, emakumearen zailtasunak ez baitira gaitasunei loturikoak, testuinguruari loturikoak baizik”.

Gaur, munduan zehar kantu inprobisatuak duen presentziaz ariko dira hizlariak. - N.G.