Umetan izugarri maite nituen mapak. Ordu piloa igaro nezakeen Hego Amerika, Afrika edo Australiaren gainean jarrita, eta esplorazio-proiektu handiekin amets egiten nuen. Garai haietan lurrean zuriune ugari zeuden, eta bat aurkitzen nuenean, bereziki erakargarri egiten zitzaidan. Atzamarra leku horretan jarri eta hauxe esaten nuen: handia naizenean horra joango naiz. Ipar Poloa zen leku horietako bat. Beste leku batzuk Ekuatorearen inguruan zabalduta zeuden, baita bi hemisferioetako latitude mota guztietan ere. Haietako batzuetan egon naiz eta? Tira, ez da horretaz hitz egiteko unea. Baina eremu bat zegoen, handiena, bakartiena nolabait esatearren, eta horrekin benetako grina sentitzen nuen”.
Horrela hasten da lehen lerroetan Joseph Conradek 1899an argitaratutako Ilunpeen bihotzean liburua. Bertan, zuriune itzel hori, denetan handiena, Kongo ibaiaren arroa da. Neuk ere umetan mapekin amets egiten nuen; atzamarra jartzen nuen izen exotiko eta bitxiak zituzten leku horietan, eta neure buruari galdetzen nion nora zihoazen orrian okertzen ziren bide horiek. Haurren lilurakeriak ziren.
Hazi nintzenean, etsipen handia izan nuen. Konturatu nintzen, lehenik eta behin, 1860ra arte oraindik zuriuneak geratzen zirela mapan. Ehun urte geroago, dena egina zegoen. 1969an Ilargia ere bazegoen zapalduta eta zikinduta. Hamarkada horretan, hori bai, barneko bidaiak eta drogak geratzen ziren. Haietaz gogotsu aritu ziren hippyak eta idazle mozkortiak, Hemingway edo Bukowski, besteak beste. Baina ni askoz geroago jaio nintzen, eta laurogeiko hamarkadako belaunaldikook lobotomizatu egin gintuzten narkotiko gogorragoekin: Super Mario Bros jokoaren hurrengo mailara pasatzearekin. Esploratzeko gure kemen osoa Megadrive edo Nintendoko bideo-jokoen kartutxoetan batzen zen. Eta pantailak, pantaila madarikatuak.
Gaur egun, gure abentura-sena ordenagailutik pixka bat urruntzera murriztu da: Tripadvisor webgunean ez botorik ez oharrik jaso ez duen hotela aukeratzeko arriskua hartu, Lonely Planet gida zaharra hartu eta argibide okerrak jasotzeko arriskua izan, edo Wikipedia ospetsuan hiru lerro baino gehiago ez dituen leku hori baztertu. Alabaina, ez al da hori abentura? Ezezaguna dena gainditzea. Apsley Cherry-Garrardek zioenez, Hego Polorako espedizio britainiarretik bizirik irten zirenetako batek alegia, abentura ez da ezer frogatu behar ez duten ausartentzat, beldurti eta kuxkuxeroentzat baizik. Eta ni ez naiz batere ausarta, baina bai oso kuxkuxeroa.
Munduaren kartografiak egiteko muturreko espedizioak finantzatzen zirenean, nabigazio-mapetan, lur ezezaguna itsas-sugeekin marrazten zen, harkaitz eta mendi aleatorioekin, mota askotako izaki fantastikoekin eta sarritan latinezko disuasio-inskripzio batekin: hic sunt dracones (Hemen dragoiak daude). Gaur egun, gure garaian, leku ezezagun horietan honelako kartel bat zintzilikatu beharko genuke: hic sunt píxeles (Hemen pixelak daude). Gure hutsuneak Interneteko leku horiek dira, Google edo bere auto kameraduna heldu ez den leku guztiak. Ez al duzue lilurarik sentitzen leku horiekiko, bertan lupa bat jarri, ordenagailuko mapa handitu eta pixelen orban lausoa agertzen denean? Eta soilik sumatu egiten diren herri horiekiko? Eta GPStik ihes egiten duten eta hutsune gris bilakatzen diren errepide mikroskopiko horiekiko? Azken eguneraketatik ihes egindako munduari dagokionez, zer?
Beldurtia izateaz gain, tematia ere banaiz eta, usteak uste, gaur egun oraindik leku asko eta asko zuriz daude mapan. Eta horixe frogatu nahi dizuet. Hortaz, egun batean -aspaldian- etxetik irten eta ibiltzen hasi nintzen. Hutsala kontatzeko asmoz, besterik gabe.
Josep Plak Viaje en autobús (Autobusezko bidaia) liburuaren hitzaurrean dioenez, gure herrian hiru arrazoirengatik bakarrik bidaia-tzen da: Lourdeserako erromesaldia, Eztei-bidaia eta negozioak. Txarto ikusita dago hutsalagatik bidaiatzea. Lehen handien pribilegioa zen, gizonaren ikasketen ohiko gailurra.
“Normalean batek bidaiatzen du munduan ezertarako ez diren gauzak ikusteko -horiek baitira garrantzitsuak diren bakarrak-. Mundutik ausaz ibiltzea oso atsegina da. Bidaiatu behar da norbere begiekin ikusteko mundua oso txikia dela eta, beraz, esfortzua egin beharra dagoela ikuspegia duin egiteko, gauzak handi ikusi arte. Bidaiatu behar da konturatzeko grina, ideia, gizona? garrantzi-tsuak direla, baldin eta espazioan eta denboran zeharreko proiekzioari eusten badiote soilik”.
“Hitz batez, lehen bezala bidaiatu ezin denez, bidaiatu beharra dago edonola ere. Hona hemen nire azken hara-honako ibilaldi hutsalen fruitua”, amaitu du Plak. Beraz, proposa-tzen dizuet gaurtik aurrera Google Maps-etik haragoko bidaiak zuei kontatuko dizkizuen kronista izatea.