Síguenos en redes sociales:

Ainhoa Arteta, belaunaldi berriekin

Besteak beste, Eñaut Elorrieta, Alex Sardui eta Petti arituko dira ‘Kantuz topa’ saioan, hilaren 27an, Kursaalean

Ainhoa Arteta, belaunaldi berriekin

donostia - Urtero legez, euskal kantari eta musikariek eszenatokia topaleku izango dute gabonetan. Hilaren 27an, 20.00etan izango da Kursaalean egingo den 2014ko azken ikuskizuna, eta bertan bilduko dira euskal musikako izen garrantzitsu asko urteari amaiera borobila emateko. Besteetan Sortuko dira besteak izeneko ikuskizuna izan dena, Kantuz topa bilakatu da, eta bere osotasunean ezin izango da beste inon gozatu.

Ziur asko, ekimen honetako nobedade garrantzitsuena Ainhoa Arteta soprano tolosarraren presentzia izango da. “Lehenengo aldiz, euskal abelari askorekin batera arituko da kantuan, eta errepertorio harrigarria eskainiko du, sorpresa ederra izango da”, aurreratu zuen atzo Joxeanjel Arbelaitz promotoreak. Operaz eta zarzuelaz kanpo, bere ahotsak zer-nolako indarra duen erakutsiko du. Izan ere, aurrez bereak eginak ditu, besteak beste, Peter Gabriel, Nirvana, U2, Sabina eta Los Secretos-en kantuak. Antza, belaunaldi berriekin abesteko pozez dago.

Halaber, beste hainbat artistaren presentzia ere nabarmendu zuen, Eñaut Elorrieta kantautorearena, esaterako, euskal musikan oso maitatua den abeslaria. “Bestalde, urtero ekitaldi honetan parte hartzen duten kantariak ere izango dira, besteak beste, Alex Sardui, Petti, Mixel Ducau, Estitxu Pinatxo eta Olatz Prat”, adierazi zuen. “Abeslarien Euskal Selekzio bat egingo balitz, guztiak egongo lirateke onenen artean”, esan zuen Arbelaitzek, eta guztien estilo desberdinak kontuan izanik, “Euskal Herri kultural berri bat” sortzen dutela gaineratu zuen.

John Berkhout talde oiartzuarra ere izango da hitzorduan, saioari aire berri bat emanez. Taldekideak zur eta lur gelditu ziren gonbita jaso zutenean, beren estilotik urruntzen baita Kantuz Topa, baina ilusio askorekin ekin diote erronkari, “publiko berri batera iristeko aukera” baita. Euskarazko abesti bat sortu dute eta ingelesez egindako bat euskaratu.

Beste abesti berri batzuk ere aurkeztuko dituzte ekitaldian, esaterako, Pettiren azken lana. Baina hala ere, aniztasuna nagusi izango da kontzertuan, mota guztietako abestiak eskainiko baitituzte. “Atzerrikoak eta bertakoak, oraingoak eta zaharrak... nahastu ditugu ekitaldi hau egiterakoan, eta horregatik, ez aspertzeko moduko kontzertua izango da”, adierazi zuen Olatz Prat abeslariak. Izan ere, Pink Floyd, James Brown eta Joe Cocker-en euskarazko moldaketak prestatu dituzte Harkaitz Cano eta Juan Garcia idazleek

Gainera, adin guztientzako egokia dela gehitu zuten, talde eta musikari berriak ezagutzeko aproposam, hain zuzen. Bestalde, ohikoa den moduan, poeta baten presentzia izango dute eszenatokian. Kasu honetan, Kirmen Uribe idazle ondarrutarra izango da testuak errezitatzen.

Musikariei dagokienez, Joxan Goikoetxea arituko da musika zuzendaritzan, eta harekin batera, Xanet Arozena, Txema Garces, Luis Fernandez, Xabier eta Miren Zeberio, Iosune Marin eta Mixel Longaron musikariak izango dira.

Zer? Euskal kantari eta musikari ugariren topalekua izango da gala hau. Bertan, aniztasuna izango da nagusi, abesti berriak, kantu zaharrak, atzerrikoak, bertakoak... eskainiko baitituzte. Joxeanjel Arbelaitz promotoreak antolatutako ekimena da.

Nor? Ainhoa Arteta sopranoa eta Eñaut Elorrieta kantautorea, besteak beste, batuko dira aurtengo kontzertura. Bestalde, Alex Sardui, Petti, Mixel Ducau, Olatz Prat eta Estitxu Pinatxo bezalako abeslariak ere izango dira. Aurtengo sorpresetako bat John Berkhout talde oiartzuarra izango da, lehen aldiz euskaraz kantatuko duena. Bestalde, Kirmen Uribe poeta ere izango da oholtza gainean. Musikariak, berriz, Joxan Goikoetxearen zuzendaritzapean arituko dira.

Non? Donostiako Kursaal auditorioan.

Noiz? Hilaren 27an izango da hitzordua, 20.00etan.

Zenbat? Sarrerak 11/18 eurotan daude salgai, eta Kursaal Eszenaren web orrialdean daude eskuragarri.