Síguenos en redes sociales:

Dena prest Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako

Kristina Mardaras bertsolari iurretarrak jantziko dio txapela biharko norgehiagokaren garaileari

Dena prest Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerakoARGAZKIA: IÑIGO AZKONA

BILBO - Puntuz puntu, bertsotan egin ohi den legez, josten joan dira aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketa eta finalaurrekoak. Txatalik garrantzitsuena, ordea, 2014ko txapela nork jantziko duen erabakiko duena, josteke dago oraindik.

Zeregin hori buruan, bost kanporaketa eta hiru finalaurrekoen ostean, Miribillan, Bilbao Arenako oholtzaren gainean, bat egingo dute bihar aurtengo zortzi finalistek. Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Iratxe Ibarra, Jone Uria, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia gogor arituko dira taula gainean larunbateko oihal-txatalean haien izena letra larriz idazteko.

“Txapelketako finala egindako lanaren erakusleiho nagusia da, baina atzean jende asko egon da lanean; eskerrak eman nahiko genizkieke, ezinbestekoak baitira”, adierazi zuen Asier Ibaibarriaga Bertsozale Elkarteko kideak asteazkeneko prentsaurrekoan. Ibaibarriagak aurtengo leloa, #Josi, ekarri nahi izan zuen gogora azken txanpa hurbil dagoenean: “Gure-tzako ezinhobea da, eragile ezberdin mordoa josten dituelako lehiaketak eta, gainera, hezkuntza arautuan zein bertso-eskoletan egunerokotasunean egindako lanak josi egiten du Bizkaiko bertsozaleen tokia”.

EMAKUMEZKOEN AHOTSA Larunbateko norgehiagokan nagusitzen denari txapela jartzeko ardura Kristina Mardaras bertsolari irurretarraren eskuetan erori da. Mardarasek, nabarmen hunkituta, aukeratua izatea “ohore bat dela” adierazi zuen, eta era berean, “sorpresa” ere hartu duela aitortu zuen, “euskal bertsolaritzaren esparruan badagoelako nor aukeratu”. Aurten bizi izan duen “txapelketa ederra” nabarmentzearekin batera, finalerako saio “borobil eta oso hunkigarria” iragarri zuen.

Emakumeen ahotsa plazara eramateko saiakera nabaria egin du Mardarasek bertsolaritza ibilbidean zehar. Aurtengo finala sexu-parekotasunaren adibide garbia izanik -lau emakume eta lau gizon sailkatu dira-, bere proiektuaren helburu nagusienetariko bat bete duela zioen, baikor. “Genero aniztasunaren bila ibiltzen naiz beti, beharrezkoa delako gizarte normal batean emakumezko eta gizonezkoen mezu propioak entzuteko aukera izatea”.

Egoera, berriz, oso bestelakoa zen bera plazan bertsotan zebilenean, emakumezkoak gutxiengoa zirenean: “80ko hamarkadan faltan bota izan dut emakumezkoen ahotsak inguruan izatea, baina gaur egun normaltasun osoz gaude integratuta bertsolaritzaren munduan eta etorkizuna bermatuta dago”, adierazi zuen. Maialen Lujanbiok 2009an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan lortutako garaipena adibide gisa jarrita, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoako txapelketetan emakume irabazleak badaudela azaldu zuen. “Bizkaiari emakumezko garaile bat falta zaio eta asko gustatuko litzaidake aurten baten bati txapela jarri ahal izatea, ni ere izango naizelako lurralde honetan txapela jarriko duen lehenengo emakume bertsolaria”, gaineratu zuen.

Miribillako oholtzara nola heltzen diren galdetuta, baikor ageri ziren zortzi finalistak. Etxahun Lekuek “saio on bat egiteko gogoz” datorrela azaldu zuen, Urdulizeko finalaurrekoaren sentipen onak gogoan.

Finalera “orain dela bi urte baino ilusio handiagoz” doala aitortu zuen Onintza Enbeitak, “hankak lurrean hobeto finkatuta”. Iratxe Ibarra ere gorputzaldi onarekin hartu du biharko saioak, eta finalaurrekoan “ideiak erraz etortzen ziren” bezala ekarri nahi ditu Bilbao Arenara.

Fredi Paiak, bere aldetik, barre artean biluztu zuen finalarako “estrategia”: “Zapatain dantzak dioen bezala, kolpe kolpe kolpeka josi eta josi egingo dut txapela lor-tzeko”. Arkaitz Estiballesek bere helburuetako bat buruz burukora pasatzea dela azpimarratu zuen, eta aurten erdal hiztunak gehiago diren herrietako finalistak nagusi-tzen direla ere nabarmendu nahi izan zuen.

Urte askoren ondoren, Oihana Bartrak lortu du finalerako txartela eta horrek eragindako poza transmititzen saiatuko dela zin egin zuen. Jone Uria ere gogotsu doa larunbateko hitzordura, lasaiago sentitzen baita finaletan finalaurrekoetan baino.

Azkenik, Xabat Galletebeitiak finalista izatea ilusio handiz hartu zuela erantzun zuen: “Saria da niretzat, beraz, saiatuko naiz ondo pasatzen eta pasarazten”, amaitu zuen.