Síguenos en redes sociales:

Absentziaren hutsunea, larre motzetan

‘Larremotzetik’ kaleratu berri du Hasier Larretxeak. Lan autobiografiko honetan, haurtzaroan etanerabezaroan bizitako une gogorrak islatu ditu, baita urruntasun fisikoak eragiten duen absentzia ere

Absentziaren hutsunea, larre motzetan

Jaioterria atzean utz daitekeela uste du Hasier Larretxea idazleak; baina, aldi berean, zauriak osatzeko eta baketzeko bueltatzen jakin behar dela ere gaineratu du. Horrexegatik, duela zortzi urte gibelean utzi zuen Baztango Arraiotz herrira bueltatu da orain, bisitan bada ere, Larremotzetik kaleratu berri duen liburua dela bide. “Absentziaren hutsunea azaltzen da bertan, haur-tzaroko garaien argitasuna berreskuratzearen ahalegina, baita nerabezaroko une gogorrak isla-tzeko beharrarena ere bai”, azaldu du Larretxeak.

Bizitza ugariz osatutako lan autobiografikoa da Larremotzetik. Bere orrialdeetan antzineko bizimodua gorde du betiko Larretxeak. “Testu bakoitzak badu unibertso propioa, eta, era berean, bertzeekin elkarbanatzen duen testuinguru eta protagonistak”, adierazi du. Erlijioa, ordenamendu soziala, identitatea, herri-kirolarien ahalegin eta egitekoa eta heriotza dira topatu daitezkeen gaiak, puzzle baten gisan, irakurleak isilune eta adierazi gabekoekin noiz osatuko zain. Izan ere, autobiografia hutsa ez dela argitu du egileak. “Liburuan testu memoristikoak, gogoetaren bidetik harilkatuak direnak, baita zenbait bertso eta fikzioaren ariketa ere badaude, generoen mugetan”, zehaztu du.

Aizkolari eta harri-jasotzaile

Aldi berean, jende umilaren nondik-norakoak islatzeko beharra ere nabaria da. Donato Larretxea aizkolariaren iloba eta Patxi Larretxea herri kirolarien semea izanda, bera aizkolari fina edo harri-jasotzaile indartsua izatea espero zuten gurasoek, baina ez zen holakorik gertatu. “Literatura aukeratu dut pertsona horiek omentzeko, baita Leonita amatxi ere”, azpimarratu du. Bera agertzen da liburuaren hainbat pasartetan, antzinako usadio eta bizimoldeei buruzko solasaldiak jaso baititu idazleak.

Estiloan Larretxearen aurreko lanekin ezberdintasun nabarmenena, Larremotzetik testu narratiboez -eta ez poemez- osatuta dagoela. “Poesiak ez zuen asebetetzen nire baitakoa eta nire familiaren nondik norakoen kontakizun eta istorioak biltzeko ahalegina”, aipatu du. Horrela, lirismoa oso presente dago azken lan honetan, baita testu sinboliko eta surrealistagoak ere. Hala ere, testuetan poesiaren kutsua an-tzeman daitekeela onartu du.

24 urterekin Madrilera bizitzera joan zen, eta, bere ustez, horrek idazteko aukera eskaini zion. “Orduan hasi nintzen egiazki idazten, agian behar hori azaleratu zitzaidalako, agian ordura arte nire baitan kiribildua bizi nintzelako”, hausnartu du. Larretxeak uste du herriek ez dutela ahalbidetzen pertsonen aldaketarako aukera. “Arraiotz bezalako herri ttipi batetik Madrilerako jauzia eman ondotik, bizitzaren kontzepzioa guztiz aldatu zen nire baitan. Idaztea denboran gibelerat egitea bada, zenbaitetan hala sentitzen naiz herrian, denbora geldoago iragaiten da bertan”, nabarmendu du.

Hala ere, oraindik ere nabaritzen ditu Arraiotz eta Baztango mendien nahiz bertako lasaitasunaren falta, naturaren eragin lasaigarri hori, alegia. Edonola ere, hiriko zoramenean eta bizitasunean oreka topatu du. “Parajeak baino pertsonak bota di-tzaket faltan, familia eta lagunak, eta bertako euskara eta bizimodua, nire lekua bertan ez dagoela jakin arren”, aitortu du. Hortaz, familiarekin harreman ona mantentzen saiatu da beti. “Bakoitzak bere modua bilatu behar du, baina guztiaren gainetik errespetua egon behar da”, aitortu du Hasier Larretxeak.

Errespetu horren isla lan berri honen izenburuan topa daiteke, Larremotzetik Larretxearen aitak erabilitako esapidea baita. “Bere jatorria adierazten du, baliabide handirik gabeko haurtzaroa islatzen duena, inguru malkartsu eta gogorrean”. “Liburu hau nire familiari zuzenduta dago”, erantsi du egileak.