Donostia. Literatura unibertsalaren klasiko handienetarikoa da Tormesko itsumutila. Bere egilea ezezaguna da eta XVI. mendean idatzi zuen. Garai horretako Espainia ondo baino hobeto islatzen du nobelak, "erretratu komiko eta sarkastikoa" egiten duelarik. Pikarokeriaren gailurra ere bada, baina "umore zorrotzaren atzean kontakizun gogor eta latzak" badaude, Juanba Berasategi marrazkigile eta zinemagile pasaitarrak atzo azpimarratu zuenez.

Lazaro pertsonaiari buruzko pelikula asko egin dituzte -Fernan Gómezek zuzendutakoa da famatuena- baina orain arte, ez zegoen haurrentzako marrazki bizidunetako film luzerik. Berasategik lehena egin du, Euskal Herria eta Andaluziaren arteko elkarlanari esker. Proiektuan egon dira Lotura Films eta Arte Sonora Estudios SL; Canal Sur eta ETB, eta Andaluziako Junta eta Eusko Jaurlaritza. Kultura Ministerioak emandako diru lagun-tza dela eta, pelikula ezin dute erakutsi areto komertzialeetan. Horregatik, telebistan soilik emango dute eta Elkar argitaletxeak DVDa kaleratu berri du. Gaztelaniara eta ingelera ere bikoiztu duten arren, salgai dagoen DVDak euskarazko bertsioa du bakarrik.

Irudi diseinuaz Jose Angel Lopetegi arduratu da eta animazio zuzendaria Imanol Zinkunegi izan da. Musika Jorge Marinek, Solas eta Padre Coraje filmetako konpositoreak, egin du, eta gidoia Joxan Muñozek eta Mitxel Muruak sinatu dute. Atzo jakinarazi zutenez, Orixeren euskarazko itzulpen zaherretik zenbait gauza erabili dituzte, baina nobelaren laburpena egin omen dute. Batez ere, Lazarok itsuarekin eta Maquedako apaizarekin bizitako pasarteak kontatu dituzte 67 minutuko filmean.

GAURKOTASUNA Muruaren ustez, "gaurkotasun handia" du Tormesko itsumutila nobelaren istorioak, inbidia baita "Espainiaren ezaugarri nagusienetako bat". Gainera, "erakargarria" da itsusmutilak "deabrua baino azkarragoa" izan behar duelako bizitzan aurrera jarraitzeko. Berasategik gogoratu zuenez, nobela "antiklerikala" eta "elizaren aurkakoa" da, eta horregatik Inkisizioaren jazarpena pairatu zuen.

Antza denez, pelikula erosteko prest zegoen Disney Channel, baina elizari buruzko erreferentziak ken-tzea nahi zuten. "Eta hori ez da posible, muina kentzen diozulako", esan zuen iazko Zinemaldian Zinemira saria irabazi zuen zuzendariak.