Donostia. Eusko Jaurlaritza, EIZIE eta Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeekin lankidetzan, Literatura Unibertsala bildumako bi liburu kaleratu dituzte: Alain-Fournierren Meaulnes handia eta Calderón de la Barcaren Bizitza amets. Bildumak 1989an hasi zuen bere ibilbidea eta guztira 150 liburu baina gehiago itzuli dira.

Meaulnes handia Monika Etxebarriak itzuli du eta atzo aipatu zuenez, 100 urte bete dituen frantsesezko eleberri irakurrienetako bat da.

Hizkuntza askotara izan da itzulia, milioika ale saldurik. Ehunka nerabe identifikatzen dira heroi idealista, zoritxarreko eta abenturazalearekin. Oroimenean gorde dituzte herriko eskolako eszenak, gaztelu miresgarri baten aurkikuntza edo neska maitatuaren agerpena eta galera.

Etxebarriaren aburuz, "irakurketa erraza, zailtasun gutxikoa, egitura arina, historia ez korapilatsua eta identifikatzailea" dira arrakastaren elementu nagusiak.

Xabier Payak bertsotan itzuli du Bizitza amets. Pedro Calderón de la Barca autore espainiarraren antzerki obra ezagunenetako bat da. Antzerkiak gizabanakoen patuaren eta askatasunaren arteko talka du langai, Barrokoko beste hainbat lanen ildoari jarraiki.

"Euskal itzulpengintzaren tradizioak ez ezik, jatorrizko testuaren edizioen batasunik ezak ere buruhauste bat baino gehiago ekarri dit", esan zuen atzoko aurkezpenean Payak. Gaineratu zuenez, Katedrako edizioa izan da iturri nagusia eta bertso lerro kopuruari dagokionez, euskarazko bertsioa jatorrizkoa baino luzeagoa da, edukiarekiko fideltasunari eusteko.