Durango

Ez hizkuntza, ez dialekto. "Erromintxela pagodolekto bat da; ijitoen lexikoa euskararekin nahastean sortu zen hizkera", azaldu zuen Josune Muñozek, Durangoko Azokan kultura gonbidatua ijitoa dela eta erromintxelaren inguruan atzo eskainitako mahainguruan parte hartu baino lehen. "Ijitoen kontrako aurreiritzi guztiak desarmatzeko aukera paregabea" aprobetxatu nahi izan zuen Muñozek, euskal filologo eta erromintxela fenomenoaren ikertzaileak; eta, horren bidez, haien "altxorra" dena jendeari ezagutarazi.

Ijitoak XI. mendean irten ziren Indiatik, ordutik hainbat herritatik pasa dira, baina "zoritxarrez ez dute tratu onik jaso inon". 600 urte inguru darama-tzate ijitoek Euskal Herrian, baina ezin daikete zehaztu noiz sortu zuten erromintxela, "denboraren poderioz izan zen, baina XVIII. menderako bazeuden lehenengo aipamenak". Sorreraren zergatia, aldiz, jakina da: "larrialdi egoeratan erabiltzen hasi ziren, euren buruak babesteko eta ijito ez zenak zer zioten uler ez zezan", esplikatu zuen euskal filologoak.

Hizkuntza aldetik, erromintxelaren gramatika, jozkera, sintaxia... euskararena da; eta hiztegia romaniarena izan arren, euskal fonetika eta fonologia jasotzen du. Hala ere, erromintxelaren bitxikeriarik nagusienenetakoa euskaldunontzat hizkuntza ulergaitza izatea da. Soziolinguistika aldetik, berriz, "Euskal Herrian ijitoen eta euskaldunen arteko mestizajea egon dela" frogatzen du, Muñozen arabera. Erromintxela hitz egiten zuten ijitoek euskara menperatzen zuten eta horrek "ijitoen aldetik Euskal Herrian integratzeko ahalegina egon dela" egiaztatzen du.

Hala ere, "ez dugu uste mestizajea alde bietan berdina izan denik", azaldu zuen Muñozek. Ikertutakoaren arabera, euskarak ez du erromintxeletik eratorritako hiztegi mailegurik hartu, nahiz eta hiztegietan erromintxeletik datozen hitzak aurki daitezkeen, ez baitago horiek erabiliak izan direnaren frogarik. "Maileguak ez dira hizkuntzakoak izan, baizik eta kulturalak".

gutxi aztertua Josune Muñozek 90. hamarkadan ekindako ikerketa baino lehen, erromintxelaren inguruan egindako azterketak oso urriak izan dira. Euskal filologoa Kale Dor Kayiko elkartearen enkarguz murgildu zen ijitoen hizkeraren azterketan, "ijitoen ikuspuntutik egin zen lehendabizikoa" izan zena, alegia. Horregatik, elkartearen "ekarpena, ezagutza eta esperientzia" nabarmendu zuen Muñozek. Kontaktuak lortzeaz gain, elkarrizketak bideratu zituzten; hizketaldi sakonak baina errespetuzkoak sortuz. Izan ere, aurretik egindako azterketan, informazioa lortu nahi zuenak, askotan, arrazismorako joera erakusten zuen eta horrek ikerketak kaskartzen zituen. Kale Dor Kayiko elkartearen bitartez egindako lanak, berriz, "aurreiritzi askorekin buka-tzeko aukera eman du", Muñozen esanetan.

Muñozek ekindako azterketa, tamalez, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan baino ez zen gauzatu. Beraz, amaigabe dago ikerketa hura euskareren eremu guztietan gauzatu ez delako eta ondorio erabakigarrietara heldu ez direlako oraindik.