Donostia. Garbiñe Ubeda (Tolosa, 1967) kazetariaren proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Orain bi urte, bekaren lehen deialdi hartan, Joxean Agirreren Zwei Frauen (Bi emakume) izan zen irabazle. Iaz, berriz, Itxaso Araque idazle donostiarraren proiektu batek eraman zuen saria, eta Durangoko Azokan aurkeztuko da horren emaitza: Damutzen ez direnak izeneko eleberria. Aurten, aldiz, hamazazpi lan aurkeztu dira, eta horien artean Ubedaren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Heldu den iragana du izena Garbiñe Ubedaren proiektuak. 36ko Gerran ibili eta gero, II. Mundu Gerraren amaieran Frantzian desagertutako Miguel Bermejo aitona miliziano anarkistaren arrastoaren bila hasten da haren biloba Bakartxo. Inoiz ezagutu gabeko aitona harentzako gutunek osatuko dute eleberria, eta bertan, bilaketaren gorabeherekin batera, familiaren historia berreraikiko da.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
