'Baionatik Donostiara', Iparraldeko kantagintzarekin hitzordu saihestezina
ipar euskal herriko hainbat kantari bilduko dira kursaalean hilaren 11nAnje Duhalde, Niko Etxart, Pantxoa Carrere eta Erramun Martikorena arituko dira, besteak beste
Donostia. Anje Duhalde, Niko Etxart, Mixel Ducau, Erramun Martikorena, Pantxoa Carrere... Ipar Euskal Herriko kantagintzaren izenik garrantzitsuenak Donostiako Kursaal auditorioan bilduko dira hilaren 11n Baionatik Donostiara. Iparraldea kantuz ikuskizunean. Anjel Valdes Elkarreko arduradunak atzoko prentsaurrekoan nabarmendu zuenez, "energia eta indar handia" izango du emanaldiak, "emozio eta intentsitatea" espero baita. "Une gogoangarria izango da, Iparraldea oso garrantzitsua baita guretzat, handik etorri zaigun kantatzeko modua eta transmisioagatik", esan zuen Valdesek.
Izan ere, Iparraldea inspirazio iturri izan da Hegoaldeko kantari askorentzat. Besteak beste, Benito Lertxundik, Mikel Laboak eta Imanolek Iparraldeko estetika eta sinbologiarekin txundituta abestu dute beren ibilbidean zehar.
lehen dibisioa Datorren asteko igandean haiek izango dira protagonista Kursaalean. Niko Etxartek azpimarratu zuenez, Errobi berriz ikusteko "aukera paregabea" izango da, eszenatokian bat egingo dutelako talde hartako "bi munstroek", Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk. Etxartek gaineratu zuenez, Iparraldeko kantak Hegoaldean aurkezten dituztenean, normalean areto txikietan aritzen dira. "Kasik gauza exotikoa da", esan zuen Duhaldek. Horregatik, Kursaal bezalako auditorio handi batean jarduteak poza eragiten die. "Lehen dibisioan jokatzea bezalakoa da. Jende elitistaren haratago, publiko zabalago batek entzungo du gure arte ttipia", aipatu zuten. Garai eta mota guztietako kantak abestuko dituzte saioan, XV. mendeko Bereterretxen khantoria-tik Eperra-ra. "Hau bion artean egitera behartuta gaude", aitortu zuten bi kantariek.
Gainera, publikoak "Peio gabe" entzungo du Pantxoa Carrere, Baionatik Bilbora emanaldian azkeneko aldiz kantatu zuelako bikote famatuak. Aipatutako artistekin batera zenbait musikari, kantari eta talde arituko dira oholtza gainean: Naia Robles, Maialen Errotabehere, Kantiruki, Kalakan, eta abar.
Kontzertuaren antolatzaileek atzo adierazi zutenez, betidanik gure barnean izan dugun mundu batera bihotzak zabalduko dizkigun abentura izango da Kursaal aretoko hitzordu saihestezina.
Emanaldia 19.00etan hasiko da eta sarrerak 20 euro balio du.
Más en Cultura
-
“Me parece un milagro que los gaztetxes sigan existiendo”
-
Adrenalized dice adiós después de casi 25 años
-
La carta con la que Buñuel declinó asistir al Zinemaldia de 1960 y otras joyas del archivo del Festival
-
La Diputación estudia reforzar la cubierta de la Universidad de Oñati, tras el impacto de un rayo